Estibalitz Ezkerra / 2013-10-27 / 694 hitz
Burmuina ardatz duten ikuspegiek indar handia hartu dute humanitateen arloan; literaturak ere bere egin ditu planteamendu horiek neuronobelaren bidez.
Azken bi hamarkadetan burmuina ardatz duten ikerketak ugaritu egin dira zientzien arloan, eta humanitateetan ere indar handiz sartu dira alderdi neurologikoekin zerikusia duten ikuspegiak. «Eztanda neurologikoak» ez du lortu baztertzerik psikoanalisia, humanitateen planteamendu teoriko kuttunetako bat den hori —nahiz eta psikoanalistek mesfidantzaz ikusten duten akademikoen esku hartzea beren esparruan, haien ustea baita psikoanalisia errazkeria handiz aipatu eta erabiltzen dela, eta neurri batean arrazoi dute—. Aitzitik, Freudek eta Lacanek adimenari egin ekarpena gutxietsi gabe, azkenaldiko bira neurologikoaren helburua da psikoanalisiaren izen handiek aztertu gabe utzi zuten alderdian, hots, organoan bertan, sakontzea. Bere testuetan Freudek aitortzen du adimenarekiko interesa bere garaian zegoen hutsune bati erantzunez piztu zitzaiola. Hala ere, ez zen inoiz bere helburua izan alderdi fisiologikoa gutxiestea; prestakuntzaz neurologoa izanik, jabetzen zen alderdi anatomikoen garrantziaz. Are gehiago, hamarkada baten buruan bi alderdiak, adimena eta burmuina, aldi berean eta elkarri lotuta aztertuko zirela aurrikusi zuen.
Tamalez, hamarkada bat baino gehiago behar izan da Freudek ezinbestekotzat jotzen zuen ikerketa mota abian jar zedin. Zorionez, epe laburrean aurrerapen handiak egin dira, eta literatura bera, guri interesatzen zaigun arloa, hasi da emaitza horiek erregistratzen. Neuronobela da horren lekuko.
Bada argudiatzen duenik ez dela berria neuronobela kontzeptua. Ez ote zen literatura modernistaren helburua, kontzientzia jario teknikaren bidez besteak beste, burmuina eta adimena disekzionatzea? Zentzu horretan, bere garaian kontzientzia nobela, nobela psikologikoa zein aitorpen nobela izendatu zen horren aldaera baino ez da (gauza bera ez bada) neuronobela. Horren berezitasuna, baina, hizpide dituen kasuetan dago. Izan ere, burmuinaren disfuntzioaren ondorioz (dela arrazoi fisiologikoengatik dela esperientzia traumatikoengatik) normaltzat jotzen den jokabidetik kanpo dauden kasuetan interesaturik dago, kasu klinikoak edo patologikoak diren horietan alegia, hala nola amnesia, bipolaritate eta nortasun nahasmenduak, orain arte gehien jorratu diren batzuk aipatzearren.
1997tik hona neuronobelaren adibide dezentek ikusi dute argia. Haien artean daude, besteak beste, Ian McEwanen Enduring Love (de Clerambault-en sindromea du hizpide) eta Saturday (Huntington-en gaixotasuna), Jonathan Lethemen Motherless Brooklyn (Tourette-n sindromea), Mark Haddonen Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia (autismoa), Richard Poweresen The Echomaker (aurpegi-agnosia, Capgras sindromea), Rivka Galchenen Atmospheric Disturbances (Capgras sindromea berriro ere) eta John Wrayren Lowboy (eskizofrenia paranoikoa). A.S. Byatten (Antonia Susan Duffy benetako izenez, Sheffield, Ingalaterra, 1936) A Whistling Woman (2002) ere neuronobelaren kategoriari lotzen zaio, baina, aurreko lanetan ez bezala, kasu jakin batzuetan oinarritzeaz gain, bira neurologikoaren hastapenak deskribatzen ditu narrazioan zehar. Ildo horretan, Byatten lana neuronobelaren emaitza eta hura posible egin duten kezken artxibo da aldi berean.
Tetralogia baten azken atala da A Whistling Woman. Haren aurretik The Game (1967), The Virgin in the Garden (1978), Still Life (1985) eta Babel Tower (1996) argitaratu zituen Byattek. Funtsean, nobelak 1960ko hamarkadan zientzia eta humanitateen arloan puri-purian zeuden eztabaidak ditu ardatz, gorputz eta adimenaren inguruko ikerketa zein mugimenduetatik (psikoanalisiaren sendotzea, neurologiaren lehen urratsak, mistizismoa) eta telebistaren indarrean sartzeak giza pertzepzioan izan zuen eragineraino. Kritikak Frederica Potterren nobelak izendapena eman dio tetralogiari, haren ustea baita pertsonaia horren inguruan dihardutela denak. Egia da Frederica Potterrek pisu handia duela nobeletan, XX. mende erdialdean etxeko bizimodu sinpleari bizkarra eman eta mundu akademikoan sartzea lortu zuten emakume gutxi horien adibide den aldetik, baina nobelako gainerako pertsonaiak ere funtsezkoak dira narrazioari begira, bakoitza kasu kliniko moduan aukeztu eta aztertzen baita.
Hain zuzen, A Whistling Woman-en lorpen handiena da pertsonaia bakoitza, bai normaltzat jotzen den hori bai normaltasunetik kanpoko jokabidea erakusten duen hori (gertaera traumatiko baten ondorioz irudipenak dituen Josh Ramsden bezala), kasu moduan aurkeztearen bidez lausotu egiten duela normala eta ez-normalaren (arrazionala eta ez-arrazionalaren) arteko muga, eta burmuinaren inguruko aferen konplexutasuna agerian utzi.
A Whistling Woman-ek erakusten du neuronobelak ahalmen handia duela errealitatearen konplexutasuna (betiere burmuinaren ikuspuntutik) azaltzeko orduan, baina arriskuak ere baditu eta horietan nabarmena da eroa fetitxe bihurtzearen kontua. Dibertsitate eta tolerantzia gaizki ulertuen izenean joera izan da erotzat hartua den hori dohain ezkuturen bat duen subjektu gisa aurkeztea, eroa gizartearen onarpena irabazi behar duen X-Men bihurtuz. Oliver Sacksen lanak badu horretatik zerbait, eta zineman adibiderik argiena (baina ez bakarra) Rain Man da.
Dena den, afektu kontuen inguruan luze idatzi duen Ronald de Sousak filosofoak esaten duen bezala, giza aferetan sakontzeko orduan literatura bezalakorik ez dago, zientziak ez bezala, kasuak aukeztearekin batera haien gainean espekulatzeko aukera baitu.