Iñigo Astiz / 2013-10-11 / 487 hitz
Bilboko idazleak 1924 eta 1930ean bizitako erbestealdian idatzitako sonetoak euskaratu ditu Jean Louis Davantek.
«Autore zaila da». Onartzen ditu Jean Louis Davant idazle, euskaltzain eta pastoral egileak Miguel Unamunoren lanak itzultzeko izandako nekeak. Baina ez da soilik literaturaz ari. Izan ere, ezagunak dira bilbotarrak euskararen aurka botatakoak, eta horiengatik ere aipatzen du Davantek hura euskarara ekartzearen zailtasuna. «Estigma hori badu», dio. Baina horixe egin du berak, ordea: 1924tik 1930era arteko Unamuno euskaratu du. Erbestekoa. Primo de Rivera diktadoreak Kanaria uharteetara deserriratu, Parisera ihes eginda han hilabete batzuk eman, eta Espainiako Errepublika ezarri zenean Hendaiatik Salamancara joan zena. Denbora tarte horretan idatzitako 103 soneto bildu ditu Erbesteko Sonetoak. Sonnets de l’exil liburuan (Maiatz), frantsesera eta euskarara ekarriak. «Idazleak sonetotan emandako eguneroko bat da», azaldu du itzultzaileak.
Mendeku poetikoa baino gehiago, barkamen ekintza gisa aurkeztu du itzulpena Luzien Etxezarreta Maiatz argitaletxeko zuzendariak. Umore puntu batez, betiere. «Iparraldeko euskaltzaleei errana izan zaigu bekatu mortal bat egin zuela erranez euskaldunek utzi behar zutela beren hizkuntza kultur munduan sartzeko, baina karaktere ona baitugu konprenitzen dugu mundu erreakzionario baten aurka altxatu zela. Pio Baroja batek bezala. Eta horrela barkatzen diogu halako erranaldia». Autore «unibertsala» dela azpimarratu du Etxezarretak, baina aitortu du Ipar Euskal Herrian oraindik ere autore ezezaguna dela.
Unamunoren «gogortasuna» aipatu du Davantek. «Oso gizon fierra zen, eta gogor eta zorrotz defendatzen zituen bere balioak». Hori da itzulpen lana egin ahala berak ezagutu ahal izan duen idazlea, eta, hori da irakurleak bertan aurkituko duena. Erbesteko idazlea. «Fuerteventura irlan (Kanaria uharteak, Espainia) idatzitakoak dira liburuko poemen bi herenak, eta Parisen idatzitakoak besteak». Poema politikoak dira nagusi bilduman itzultzaileak azaldu duenez. «Poema satirikoak», zehaztu du. Zorrotz jotzen du Unamunok liberalen aurka 42. poeman, adibidez. «Espainiar Liberalak, eskale gaiztoak/ ‘Gauza dagon bezala hartu behar dugu’/ Haatik egoera zer den begiratu/ Artalde da (e)ta zuek, ahari zozoak». Baina badira bestelako poemak ere. Poema didaktikoak, epikoak eta intimoak ere badaudela azaldu du Davantek. «Bizkaia maitearen nostalgiaz beterik daude poema batzuk. Zinez erakusten du Bizkaiari dion atxikimendua. Eta Euskal Herriari ere bai. Behin baino gehiagotan azpimarratzen du hori. Paradoxaz betetako gizona da Unamuno. Euskararen aurka bota zuena hor dago, baina Bizkaiari, Euskal Herriari eta euskalduntasunari atxikimendu handia dio».
Hitzez hitzekoa bazterturik
Errimak eta neurria errespetatuz itzuli ditu soneto guztiak Davantek. 13 silabako luzera eman dio euskarazko lerro bakoitzari. «Hori zait naturalena eta erosoena. Neurtitz horietan idazten dut nik ere gehienetan. Modu klasikoan: 7+6 neurtitzeko lerroetan». Gazteleratik frantsesera itzuli ditu lehenik testuak, eta euskarazko bertsioa egin du gero. Baina euskarazko bertsio hori da irakurleak liburuan aurkituko duen lehena. «Frantses itzulpenean libroki ari izan naiz. Euskarazkoan are askeago, hitzez hitzezkoa bazter utziz, ideiak bilduz eta sinboloen baliokideak bilatuz, euskara ahal bezain batu eta zabalean».
Erbestean idatzitako sonetoak ez dira Unamunoren lanik ezagunena. Aitortu du hori Etxezarretak. «Batzuek erranen dute soneto horiek bere obran saihetseko gauza direla, baina uste dut gauza txiki horiek ere erakusten dituztela idazlearen nortasunaren adarrak. Eta liburu honetan erakusten da deserrian, minarekin, sorterriarekin duen lotura polit hori».