Idurre Eskisabel / 2013-10-04 / 166 hitz
Hori kitzika probetxuzko gurasoena beren txikiak haur-eskolatik green, red edo white esanez ateratzen direnean. Ez baitaude kontuak txantxetarako, gero eta globalagoa baita mundua, eta jango baitu berriro ere mehe Shakespearerena ez dakienak.
Eta hori kezka probetxuzko guraso askorena beren txikiak euskaldunegi hezten ari direla iritzita. Erran nahi baita sinetsita daudela eskolan euskarazko ereduan dabiltzanez ez dituztela espainiera edo frantsesa taxuz ikasiko. Eta hori drama handia da, txikiak kosmopolitismorako hezi ordez zokor-mazokeriara zigortzea. Haiek, kaxerokeria gainditzeko edo, lasai eta lotsarik gabe aitortuko dute ikastoletan haziak izan arren egun ez direla euskaraz irakurtzeko gai, ez Atxaga, ez berripaper hau, Cervantesena edo Molierena behar dutela.
Beraz, badaezpada, erdarazko ipuin eta DVDak eskaintzen dizkiete umeei etxeko babesean, eta eskolako batzarretan kexatu egiten dira b eta v-ak nahasten dituztelako eta ingelesa Ana Botellak bezala ebakitzen.
Eta ume horiek euskaraz ergatiboaren marka zuzen jartzeko gai ez direla iritsiko dira unibertsitatera, beren gurasoek bezala erdaretan errazago irakurtzen dutela aldarrikatuz, eta lagunarteko hizkuntza erdarak dituztela. Baina kontzientzia lasaiz, benetan garrantzitsua zer den ongi ikasita.