Giza eboluzioa berridazten

Amaia Portugal / 2013-10-23 / 937 hitz

Homo generoko hasierako norbanako guztiak ‘erectus’ espeziekoak zirela diote Georgiako Dmanisiko aztarnategiko ikertzaileek; zenbait espezie aldi berean garatu zirela uste dute oraindik beste batzuek.

Dmanisi Georgian dago, Armeniarekin mugan ia. Aurreko zibilizazioen arrastoak nabarmenak dira han, baina gutxienez XVIII. mendetik dago hutsik. Arkeologoak eta paleontologoak kontuan hartzen ez badira, behintzat. Izan ere, giza eboluzioaz orain arte bildutako datuen arabera, Eurasiako atea da Dmanisi. Afrikatik kanpo aurkitutako hominido arrasto zaharrenen (duela 1,8 milioi urte) etxea.

Han topatutako garezur ikusgarri batek Science aldizkariaren azala bete zuen gaur zortzi. 2005ean aurkitu zuten, baina Georgiako Museo Nazionaleko ikertzaileak hura aztertzen aritu dira azken zortzi urteotan, eta ondorio txundigarri batzuen berri eman zuten joan den astean argitaratutako artikuluan.

Homo habilis, Homo erectus, Homo rudolfensis… orain arte pentsatu izan da zenbait homo espezie aldi berean garatu zirela hasiera batean. Bada, ikertzaileok uste dute ezetz, Afrikan bizi izan ziren eta Eurasiara egokitu ziren askotariko hominidoak espezie bereko aldaerak zirela, desberdintasunak ez zirela bi espezietan bereizteko adinakoak. Hau da, denak Homo erectus zirela. Aditu asko ez datoz bat, ordea.

Dmanisiko aztarnategia gakoa da giza eboluzioaren historia ulertzeko, eta horretan bai, ikertzaile guztiak daude ados. Guztira bost garezur topatu dituzte han orain arte; Science aldizkariko azalean ateratako hori da berriena eta nabarmenena. «Aurkikuntza ikusgarria da. Oso ondo kontserbatuta dago, eta gauza gutxi topatu ditugun periodo batekoa da. Gainera, homo generoaren eta australopitekoaren arteko muga lausoa den garai horretakoa da. Fosil horiek ekarpena egiten dute homo generoaren jatorria ikertzeko gakoa den periodo horretan», dio Maria Martinon Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko Hortzen Antropologia Taldeko buruak.

Martinonek ondo ezagutzen du bosgarren garezur hori. Aztarnategian zegoen 2005ean aurkitu zutenean, Georgiako Museo Nazionalarekin elkarlanean. Bere taldea ere ari da garezur horri lotutako zenbait ikerketa egiten, batez ere barailezurrari behatuta. Pieza paregabea dela berretsi du, eta morfologiarengatik ere bai. Izan ere, proportzio bitxiak ditu: itxuraz, barailezur handiegia burezur txikiegiarentzat. Inoiz ez da horrelakorik aurkitu, eta aztarnategiko beste lau burezurrak ere ez dira horrelakoak.

Hasieratik ikusi zen homo espezie desberdinei egokitu izan zaizkien ezaugarriak ageri direla bost garezur horietan, aztarnategi berean nahastuta. Hor dago eztabaidaren muina. Science aldizkariko artikuluaren egileek uste dute bost garezurrok populazio bereko bost hominidorenak direla, eta horien arteko desberdintasunak aldaerak besterik ez direla, gaur egungo arraza eta jatorri desberdineko gizakien arteko aldaeren parekoak. Afrikan aurkitu diren beste garezur batzuekin ere egin dute erkaketa, eta Dmanisin ikusitakoa berretsi dute: Homo erectus dira denak.

Beste ikertzaile batzuen arabera, ordea, orain arteko datuekin, zentzuzkoagoa da pentsatzea bost garezur horiek garai eta baldintza desberdinetan bizi izan ziren bi espezieren ordezkariak direla gutxienez. Iritzi hori du Martinonek: «Aztarnategi honetan aurkitu dituzten banako guztiak populazio berekoak direla izan da haien premisa, hortik abiatu dira. Arau gisa hartu dute hipotesi hori, aldagairik onartu gabe. Uste dut hor dagoela arazoa».

Geologoek ere ikertu dituzte aztarnategiko lur horiek. Batzuek diote milaka urteko erregistroa dagoela hor; ehunka milaka urtekoa, besteek. Geologiaren ikuspegitik urte gutxi direla aitortu du Martinonek, baina nahikoa espezie bat baino gehiago izateko. «Bestalde, biologiaren ikuspuntutik, kosta egiten zait pentsatzea homo espezie bakar bat ehunka milaka urtez egon denik aldatu gabe, eta milioika kilometro karratutan (Afrikatik Eurasiara) bizitzen. Langa geografiko eta klimatiko asko daude tartean. Zaila iruditzen zait espezie bakar bat horrenbeste ingurune eta parametrotara egokitzeko gai izatea», esan du.

Gainera, hark zuzentzen duen ikerketa taldeak aurki argitaratuko duen artikulu batean, berretsi egin dute bi espezieen hipotesia, batez ere bosgarren piezaren barailezurrari esker. «Duela aste batzuk Georgiako talde batek argitaratu zuen artikulu batean esan zuten barailezur horrek dituen berezitasunak hortzetan izandako zenbait gaitzen ondorio direla. Ez gaude ados. Hortzek duten higadura mota oso ohikoa da jatorri begetala duten elikagaiak jaten dituzten espezieengan. Horrek esan nahi du besteengandik desberdina den txoko ekologiko batera egokituta dagoen norbanako bati buruz ari garela, eta desberdintasun horrek islatuko luke bi espezie daudela aztarnategi horretan», dio Martinonek.

—————-

Espezieak bereizten dituen muga lausoa

Homo generoa hamar espezie izendapenetan baino gehiagotan dago sailkatuta, bi milioi urteko historian; banaketa hori sinplifikatu eta espezieak taldekatzen saiatu dira Georgiako Museo Nazionaleko ikertzaileak, Mikel Iriondo EHUko ikertzailearen ustez.

Maria Martinonek hausnartu bezala, «gure espezie taldea bakarra dela esaten ari zaizkigu ikertzaile hauek, eta gero norbanakoak oso desberdinak izan daitezkeela. Baina, hala balitz, homoak sailkatzeko baliagarriak zitzaizkigun desberdintasun horiek guztiek ez lukete halako garrantzirik izango». Eta ez dago sinplifikazio horrekin ados.

Ikerketaren nondik norakoan sartu gabe, Mikel Iriondo EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakasleak, berriz, uste du Georgiako ikertzaileok saio interesgarria egin dutela, homo generoaren sailkatze sistemari buruz hausnarketa egite aldera.

«Azken 15-20 urteotako joeraren arabera, homo fosil berri bat agertzen zen bakoitzean espezie izen berri bat ematen zioten ikertzaileek. Orduan, gure generoaren azken bi milioi urtetan, hamar edo hamaika espezie desberdin ditugu izendatuta. Agian sinpleagoa da. Espezie guztietan dago aldakortasuna. Zerbait aurkitzen dugun bakoitzean espezie izen berri bat ematen ari gara, eta hori beste animaliekin ez da gertatzen. Zaldietan, adibidez, azken bi milioi urtetan ez dira lerro bateko hamaika espezie egon», azaldu du Iriondok.

Ikertzaile horrek adierazi bezala, gaur egungo bizidunekin erraza da espezie bat definitzea: elkarrekin gurutzatu eta kume emankorrik sortzen ez badute, bi espezie desberdini buruz ari gara. Baina arazoa zera da fosilekin askotan ez dagoela nahiko daturik batzuk eta besteak gurutzatzea posible ote zen jakiteko: «Orduan, zer egiten da? Ezaugarriak konparatuta, pentsatu ea nahiko desberdinak diren gurutzatu ezinak izateko. Horrek erlatibotasuna dakar, eta hor dago arazoa: ez dago behin betiko frogarik».

Iriondoren iritziz, neanderthalaren genoma askatu zutenean hasi ziren ikertzaile batzuk espezieen sailkapenari buruz hausnartzen: «Ustez espezie desberdin bat zena gurekin nahastu zela ikusi zutenean, zenbaitek pentsatu zuten ea ez ote ginen espezie izen gehiegi ematen ari. Orduan, artikulu hau bide horretatik doa. Ez nau harritu. Zain nengoen ea noiz aterako zen horrelako zer edo zer. Eta garezur honekin gertatu da azkenean».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.