Grabagailua

Anjel Lertxundi / 2013-10-09 / 111 hitz

Zure ahotsa entzuten duzunean grabagailuren batean, arrotza egiten zaizu. Inpostatua, metalizatua, robot batena bezalakoa. Badakizu zurea dela, baina ez zaizu zurea iruditzen. Denoi gertatzen zaigu. Non dagoen gure ahots propioaren eta grabagailuan entzundakoaren arteko desberdintasuna? Adituen esanetan, gure ahotsak eztarritik kanpora eta kanpotik belarrietara egiten du bidaia; joan-etorriaren fruitua da, barruan eta kanpoan entzuten dugu aldi berean. Grabagailukoan gordetako ahotsak, ordea, ez du gure baitako bidaia egiten, ez dugu gure tripetatik irtendakoa entzuten: emisioaren parte nagusia, sorrerarena, falta zaio.

Ahots asko, artistikoak bezala beste alorretakoak ere, ez dira barrutik irtenak, sasoian sasoiko konbentzio/komenientzien —grabagailuaren— arabera modulatutakoak baizik.

Grabagailuekin funtzionatzen dugu: horregatik da mirari bat ahots propioak, inpostaziorik eta mozorrorik gabeak, aurkitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.