Iker Tubia / 2013-10-08 / 470 hitz
Jokin Zaitegik euskal curriculumaren alde egindako lana aztertzen duen liburua argitaratu du Jon Diaz Egurbidek.
«Jokin Zaitegik euskal historian eta hezkuntzan hartu beharko lukeen tokia aitortzen diogu liburu honetan». Esaldi horrekin laburbildu du Jon Diaz Egurbidek orain dela gutxi aurkeztu berri duen liburua: Jokin Zaitegiren ekarpenak euskal curriculumean. Eginak eta asmoak. Izen eta egile bera dituen tesian oinarrituriko liburua kaleratu du Utriusque Vasconiae argitaletxearekin batera. Helburua, Zaitegik euskal unibertsitatearen alde egindako lana ikusarazi eta «merezi duen» aitormena egitea. Hutsunea betetzea, alegia.
Paulo Iztuetak egindako lanaren jarraipena dela azaldu du Diazek. «Iztuetak ikaragarrizko lana egin du euskal idazkuntzan eta historian, [Nikolas Ormaetxea] Orixe-ren lana ere argitaratu zuen, eta Orixe-rekin batera lan egin zuenetako bat Jokin [Zaitegi] da», azaldu du Diazek. Erbesteaz ere idatzi du Iztuetak, eta, Diazen aburuz, Zaitegiri buruzko lana falta ze. Tesiaren gaia Iztuetak berak proposatu ziola aitortu du Diazek. «Behin lan hau eginez gero, euskal erbestearen eta berpizkunde garai horri buruzko ikerketa-gogoak bukatu zaizkiola», azaldu du.
Jose Antonio Agirre lehendakariak euskal hezkuntza eta kultura garatzeko ardura Zaitegiren esku utzi zuen, 1946. urtean. Proposamen horretan Zaitegik asmo handiak dituela dio Diazek: euskal idazleen elkartea sortu, eta berak sortutako Euzko Gogoa aldizkaria euskal idazleena izatea nahi zuen. Nahiz eta Arantzazuko apaizek ere ez zioten onartu. «Baina, batik bat, euskara kulturaren alorrera eramateko Parisko batzarrean egiten duen proposamena ez da politikoki onartua, ezta EAJren sektore batean ere», azaldu du.
Euskara kultua unibertsitatean lantzeko proposamena ere egin zuela azaldu du, curriculuma egin zuen ikastola nagusia egiteko, unibertsitatea egiteko alegia. Curriculumean aipatzen diren liburu guztiak euskaraz zeuden orduan. Baina diru iturri ezak bertan behera utzi zuen proposamena. Diazen esanetan, ez zen «benetako aukerarik» izan lerro hori gauzatzeko, baina, arazoa da proposamen hori Agirrek eta inguruko sektore batek onartu zutela soilik. Beraz, Agirre hiltzean Zaitegik ez zuen tokirik. «Gerra hasten da nolabaiteko aitzindaritza hartzeko», gehitu du idazleak.
Diazen aburuz, arrazoi politikoek albo batera utzi dute Zaitegiren historia eta lana. «Euskal pizkundearen aitzindarien artean Jokin Zaitegiren figura ez da ezaguna, nahiz eta ezagutzen ditugu Lauaxeta, Nikolas Ormaetxea Orixe… Beraz, ikaragarria izan da ikustea zer izan den euskararen mundua Jesusen Lagundiaren barruan: zentsura badago, nolabait erbeste politikoa badago Jesusen Lagundiaren barruan euskaldun guztiak Ameriketan barreiatu zituztelako…», azaldu du.
Ikerketa horretan aipagarria dela uste du Diazek. Aitortu du Euskal pentsamendua Jesusen Lagundian errotu bazen ere pizkundearen abiapuntua Guatemalan izan zela. «Sorpresa ikaragarria» izan zen berarentzat. Harrigarria ere bazaio Lauaxetari eman zaion trataera, bere iritziz, «garrantzitsuagoak» diren autoreen parean —Orixe edo Zaitegi aipatu ditu adibide gisa—.
Liburutik eskolara
Diazek esan duenez, argitaratu berri duen liburua adituentzat da. Ikerketa exhaustiboa egin du, eta Zaitegi garai bakoitzean bere tokian kokatu du. Lehenagotik ere landu izan du gaia, Iztuetarekin batera argitaratutako liburuetan. Zaitegik bidalitako eta jasotako gutunekin osatu zuten lana. Azken lana apalategietatik atera, eta «bizitza publikoan» txertatzea nahi du Diazek, euskal eskoletara eramateko materiala sortzeko balio dezan nahi baitu.