Alex Gurrutxaga / 2013-10-06/ 465 hitz
- Izenburua: Ispiluak
- Egilea: Eduardo Galeano
- Itzultzailea: Xabier Alegria
- Argitaletxea: Txalaparta
Obra oparoa duen egilea da Eduardo Galeano, nagusiki saiakeraren esparruan nabarmendu dena. Txalapartak 2000. urtean kaleratu zuen bere Hitz ibiltariak (Gerardo Markuletaren itzulpenean) eta aurten Ispiluak argitaratu du, Xabier Alegriak bost urte luzean Puerto de Santa Mariako kartzelan itzulia.
1963an argitaratu zuen lehen nobela (Los días siguientes) Montevideoko idazleak eta ordutik bere obra eta sona haziz joan dira. Betidanik izan da idazle intelektuala Galeano, politikoki inbolukratua eta gizartean posizioa hartu izan duena. Literaturan, berriz, bere hasierako lanak ez dira errealismo sozial deiturikoan kokatzen eta, alde horretatik, mugarria da Las venas abiertas de América Latina saiakera (1971). Lan horrek aipu bat dakar hasieran: «Mantendu dugun isiltasunak ergelkeriaren antz handia du». Esaldi egokia izan daiteke Galeanoren literaturara hurbiltzeko.
Historia, gauza jakina da, garaileek idatzi izan dute, eta historia tradizionalek ahaztu egin dituzte galtzaileak, zapalduak, baztertuak. Espejos, una historia casi universal saiakerak (2008), isiltasun hori urratu nahirik, ahaztuak izan direnak dakartza bere orrietara. Hori bai, egileak titulutik bertatik onartzen du ironiaz historia unibertsal bat osatzea ezinezkoa dela.
Liburua markatzen duena egilearen begirada kritikoa da. Bi giltzarri nagusi daude Galeanok historia lantzeko duen moduan. Batetik, esan bezala, ahaztuen historia kontatzen du, gehiengo menperatuena. Esate baterako, historian zehar hainbat naziotan emakumeak bizi izan duen egoera aztertzen du. Bestetik, egina dagoen historia deseraikitzen du. Interesgarriak dira, adibidez, idazleak erlijioen eta elizen inguruan argitzen dizkigun kontuak: ba al dio ezer Koranak ablazioaz, noiz asmatuak dira Purgatorioa edo Infernua, Papa Noel nola sortu zen, e.a.
Formalki, Galeanoren literatura fragmentariotasunetik eraikia dagoela esan daiteke. Ispiluak, konkretuki, testu oso laburrez osaturiko lana da; genero askotariko ia seiehun kontakizun ditu, kronologikoki eta gaiaren arabera antolatuak. Jorratzen diren gaien aniztasuna ere paregabea da eta idazleak bere ideiak nahiz han eta hemen jasotako istorioak biltzen ditu. Hain juxtu, testuartekotasuna funtsezkoa da Galeanoren literaturan eta ahozko tradizioak, herri tradizioek eta mitoek presentzia handia dute Ispiluak lanean ere. Hauek dira saiakerak lantzen dituen zenbait gai: Antzinako Egipto, emakumearen egoera, erlijioa, arrazakeria, gerrak (antzinakoak eta modernoak), esklabutza, barrea, literatura, Hego Amerikako politika, enpresak, naturaren egoera, teknologia berriak, e.a. Bestalde, elipsien garrantzia erabatekoa da Ispiluak-en irakurketan. Izan ere, deskribapena eta kontakizuna dira nagusi Galeanoren literaturan: ez dago leziorik, gaia ez da murtxikatuta ematen eta, horregatik, irakurleak berak atera behar du ondorioa (dena esateko, testuak ia beti begibistan uzten duena).
Itzulpenari dagokionez, esango nuke tarteka herren geratzen dela, besteak beste sintaxi ilun eta ez oso freskoagatik (esaldi ordena arraroak, aditzekin egindako jokoak e.a.) edo lexiko zenbaitetan arkaizantea medio (abedera, ederbete, gizakunde, e.a.). Horretaz aparte, akats gramatikalak ere dezente dira.
Amai dezagun tituluarekin. Umberto Eco maisuak ispiluei buruzko saiakera batean zera dio: ispiluek mundua hobeto ikusten laguntzeaz gain, besteen begiradara gerturatu eta geure burua ikusten ere laguntzen digutela. Galeanoren lan hau ispilu bat da, akaso ez duena errealitatea aldatuko, baina bai irakurlearen begiratzeko modua.