Anjel Lertxundi / 2013-10-11 / 127 hitz
Alice Munrori buruz ez dakidana, ia guztia da; ez dut haren ezer irakurri; ezjakintasunaren ia totala disimula dezakeen guttiak oinarri eskasa du. Balia —eta itxuralda— ditzaket haren Zorion handiegia ipuin bildumaren aurkezpenean esan zirenak. Emakumea baita, begirada femeninoaz ere jardun dezaket, (irakurri ez dudan) haren ipuin bateko narratzailearen perla bat —sarean aurkitua— tranpolin hartuta: «Gizon bat irteten denean logela batetik, dena atzean uzten du; emakume batek gauza bera egiten duenean, gainean eramaten du logela horretan berarekin gertatutako guztia». Ez esan ez denik aparta. Pertsonaia arruntak maite baititu, Camusekin lot dezaket: «Gizaki bakoitzarengan gauza on gehiago dago txarra baino». Gainera, Camus ere Nobel saria da! Munro kanadarra baita, ez legoke itsusi gu Ternuan izan ginela gogoratzea ere…
Bai, beti daude trikimailuak konpontxo egiteko gure ezjakintasunaren eta dakiguntxoaren artean.