Kornietako erraldoiak

Mikel Arrizabalaga / 2013-10-04 / 582 hitz

Gaur egun, haize errotei zerbitzu teknikoa emateko zabaldu diren pistez josita dago Kornieta-Zuparrori mendiguneko parke eolikoa. Ibilbide polita egin daiteke inguruan.

Kornietak, gertu dauden Zuperrori eta Aritz mendiekin batera, Malerrekako (Nafarroa) goi ibarraren eskuin- ertzean mendigune txiki bat osatzen du. Mendigune karstiko hori dolinek banatutako mendi muino itxura duten zenbait kota harritsuz osaturik dago. Gertutik ezagutzeko asmoz, Leitzatik tontorrera igo, eta ibilbide zirkular bat eginez, Santa Krutz baselizatik jaitsiko gara. Horretarako, PR NA-121 ibilbide balizatua aukeratu dugu, zuriz eta horiz markatutako bidea.

Leitza

Gasolina zerbitzuguneko biribilgunetik atera, eta Doneztebe aldera doan errepidean barna, lehen bihurgunean eskuinaldera jo, eta berehala ikusi ditugu etxe artean bide seinale zuri eta horiak. Lehen zati horretan, igoera oso leuna da, eta gaztainondo bikainen artean erraz heldu gara Zirate izeneko ingurura. Eskuineko bideari heldu, eta, beste kilometro erdi bat bete ostean, zementuzko pistarekin egin dugu topo. Ehunen bat metro beherantz egin eta eskuinetik ateratzen den lurrezko pistatik jaitsi gara. Bide zabaletik aldapa igo eta etxe baten ondoan dagoen bidegurutzera iristean eskuinaldera biratu dugu bide seinaleek erakutsi diguten norabidean.

Albitxuriko parajeetara iristean, erraldoiak gertuago ikusi ditugu. Pagadian sartu gara, eta aldapari aurre eginez ehiztarientzat aterpe edo bestelako funtziorik bete dezakeen eraikin batekin egin dugu topo. Gertu hamaiketakoa egiteko egurrezko mahai eta aulki bikainak. Asketako parrila izenez ezaguna den inguru honetatik gorantz jo eta porlanezko bidea igaro dugu Iamezko zelaietarantz. Pagaditik ateratzean, aurrez aurre dugun alanbrezko hesi aldera jo dugu eta honen paraleloan igotzen den xendatik azken aldapa pikoari heldu diogu Kornietako gailurrera heldu aurretik.

Kornieta

Erraldoi multzo batek okupatzen du tontorraren zatirik handiena, eta, hortik igarotzen den pista zabalak goi ordokia ikusgarria erdibitu egiten du zauri sendaezin bat balitz bezala. Zerumuga hautsi horretan gertu ikusi ditugu Mailloek osatzen duten zirku perfektua, eta, urrutiago, Pirinioetako mendien gailur eta magalak zuriz jantzita.

Zintzurra freskatu nahi eta alanbrezko hesiaren ondotik jaitsi gara behean ikusi dugun iturrira. Ekialdera joz gero, berrehun bat metrora Agorrizko trikuharria bisita daiteke. Belardi gozoa zapalduz, haize errotek betetzen dituzten inguruko mendi muinoen artean itzulerako bidea hartu dugu marka zuri eta horiei jarraituz. Laster, Kornietatik datorren pistarekin bat egin dugu, baina, hortik jarraitu beharrean (bide seinaleek erakutsi bezala), horren paraleloan eta oso nabarmena den xendatik jarraitu dugu. Leitza, Euskal Herriko leku asko bezala, kondaira eta elezahar askoren kokalekua da. Errolan ere nonbait handik pasa eta harritzarra jaurti omen zuen Aralarko San Migel suntsitzeko asmoz, baina harria Aritz aldean erori omen zen, egun Errolan Harria ezaguna den inguruan. Zelai berdeak gurutzatu, eta pistatik ehunen bat metrora dagoen Errolanen Harria aparte utzita, mendi muino pare bat gainditu, eta maldan behera Mukarraingo atakara jaitsi gara. Hor, berriro pistarekin bat egin dugu, eta erraldoiek sortzen duten argindarra biltzen den eraikinaren ondotik pasatu ostean, berriro bide nagusia utzi, eta ezkerraldeko xendan barrena jo dugu.

Lizar ilarak eta basoak han-hemen barreiaturik ikusi ditugu, eta, horiek atzean utzi eta gero, aldapa piko batek Santa Krutz baselizatik gertu utzi gaitu, gurutze-bidearen amaieran. Pagadian dagoen baselizari bisita laburra egin, eta bidera itzuli gara. Baserri baten ondotik igaro, eta maldan behera abiatu gara. Berehala heldu gara kanposantuaren ondora, eta, hori atzean utziz, alde zaharreko San Migel elizaren ondora iritsi gara; herriko edozein txokotatik ikusten da. Leitzako alde zaharra gurutzatu, eta erraz iritsi gara abiapuntura. Denbora apur bat edukiz gero, herriko txoko batzuk bisitatzea merezi du. Leitza hiru auzo nagusitan banaturik dago: Elbarren, Elgoien eta San Migel. San Migel elizaz gain, nabarmena da haren dorre ikusgarria eta arkupe neoklasikoa. Kaleetan barna ibiliz, bi isurialdeko teilatuak dituzten etxe handiak ikus daitezke, udaletxea bere armarri itzelarekin eta bestelako eraikin zibil eta erlijiosoak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.