Iratxe Retolaza / 2013-10-26 / 211 hitz
Literatura Unibertsala kontzeptua eraikitzeko eta biziberritzeko funtsezkoa da Literatura Nobel saria. Baita mendebaldeko literatura kontzeptua indarberritzeko ere. Armando Gnisci-k adierazi bezala, Literatura Unibertsala eta Mendebaldeko literatura izendapenak sarri asko eta lasai antzean erabili ohi ditugu: mundu-ikuskera horren aurrean ezaxola. Homogeneotasuna bultzatzen dute, eta bestetasuna irentsi. Oharkabean hedatu ohi ditugu ikuspegi horiek literaturan, beste zenbait esparrutan ez bezala (politika, ekonomia…).
Joxe Azurmendik argiro azaldu zuen moduan, «literatura unibertsala esaten da, baina, literatura nazional unibertsala da beti». Alegia, nazio-literaturaren estatusa erdietsi ezean, ezin unibertsalaren zaku horretan txokorik egin. Areago, unibertsalean txoko bat duen idazle bat ezinbestez nazio-literatura baten ordezkari egingo dute (jada estatusa baduen nazio-literatura baten ordezkari); horrela isilarazi egiten dituzte idazleak ordezka ditzakeen identitate-anitz eta -gurutzatuak.
Grazia Deledda kasu. Idazle sardiniarrak 1926. urtean eskuratu zuen Literatura Nobel saria. Hain justu, Mussolinik Sardiniaren autonomiaren aldeko eta independentziaren aldeko mugimenduaren kontra gogor jo eta gero. Gogoan izan behar baita, 1925. urtean PSAZ alderdiko kideen kontrako jazarpena agindu zuela, besteak beste. Ordutik, talka horren ikur ere bada Grazia Deledda, identitate-gatazka baten gorpuztea. Batetik, Literatura Nobel sarien diskurtsoan Italiako nazio-identitatearen ordezkari gisa aurkeztua; bestetik, egungo literatura sardiniarrak ikurtzat du. Michela Murgia idazle independentistak, esaterako, erreferentziatzat aipatu izan du Grazia Deledda: genealogia femeninoan bidegile, eta baita sardiniar imajinario kolektiboaren eraikuntzan ere. Nobel sarien itzalean zenbat tentsio ezkutu?