Neskatoen alde

Imanol Mercero / 2013-10-06 / 188 hitz

  • Idazlea: Adela Turin.
  • Izenburua: Arrosa eta leuna
  • Ilustratzailea: Nella Bosnia
  • Itzultzailea: Fernando Rey
  • Argitaletxeak: Kalandraka eta Pamiela

Berdintasunean hezteko ahaleginetan gabiltzan honetan, Adela Turinen ezinbesteko ale pare bat argitaratu berri digute Pamiela eta Kalandraka etxeek: Arrosa eta leuna eta Arturo eta Klementina.

Eskuartean dugun Arrosa eta leuna berrogei orrialde dituen album ilustratua da, testuz laburra eta irudi handi ikusgarriz hornitua.

Helburu didaktiko garbia duten literatur lanen sailean kokatzen da, kasu honetan feminismotik egindako aldarrikapenekin. Bertan arrosa kolorez goitik behera dabiltzan elefante emeak agertzen dira, emakumeek sufritzen duten bereizketa eta zapalkuntzaren parabola eginez.

Bertan kontatzen zaigunez, garai batean erabat matxistak ziren elefanteak. Emeak arrosa kolorekoak izatera behartuta zeuden, hartarako elikadura eta bizimodu desatsegina sufritu behar bazuten ere. Baina behin elefante-kume eme bat bere patuari aurre egiten saiatu zen.

Liburu hau 1976ean argitara eman zuenetik Adela Turinek idatziak ditu gutxienez 26 titulu sexuen arteko berdintasunaren alde. Bi jada euskaraz ditugu. Esan liteke emakume honen ekimenez hasi zela literatura molde berri bat sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzen, beste alor batzuetan, arrazakeria kasu, jada hasita zegoen ildoari jarraiki.

Bitxikeria gisa bere ahotsa (gaztelaniaz) entzun genezake Arrosa eta leuna kontatzen, bideo-liburu batean, hementxe: http://www.ducotedesfilles.org/es/anims/flashrose.html.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.