Nola aurrea hartu udazkeneko gaitzei?

Jabier Agirre / 2013-10-08 / 812 hitz

Urte sasoiaren aldaketak zenbait gaixotasun agertzea erraz dezake: alergiak, arazo digestiboak, arnas gaixotasunak… Udazkeneko gaixotasun horiei aurre egiteko nahiko da aholku batzuk jarraitzea eta neurri batzuk hartzea.

Tenperaturak jaisten hasi dira, egunak laburragoak dira, euria gero eta maizago egiten du… eguraldi aldaketa horrek, bat-batean agertzen denean batez ere, eragin negatiboa izan dezake gure gorputzean. Eta gaixotasunik ez harrapatzeko, onena da arreta neurri sinple batzuk hartzea.

Alergiak

Urte-sasoi honetan alergiek gora egiten dute nabarmen, hezetasunak lizunen eta hauts-akaroen ugalketa baitakar berarekin. Berokuntza-sistemak martxan jartzeak eta etxeetako bentilazio eskasak edo egurasterik ezak ere egoera okerrera daramate. Eta lore-hautsari alergikoak diren pertsonek ere sintoma gehiago nabarituko dituzte, airean dagoen polenaren kontzentrazioa gehitu egingo baita haizearen eraginez.

Zer egin daiteke?

Akaroei alergia dioten pertsonak. Etxea egunero egurastu behar da (logelak batez ere), ahal bada goizetik. Etxea maiz samar garbitzea gomendatzen da, zoruan pilatzen den hautsa xurgagailuarekin kenduz eta altzari, mahai eta gainerako gainazaletan oihal busti bat pasatuz.

Lizunari alergia dioten pertsonak. Giroko hezetasuna % 60tik behera egotea komeni denez, etxean hezetasuna kentzeko aparatuak erabiltzea gomendatuko nizueke. Aire girotua baldin badaukazue, sistema osoa sarritan garbitzea komeni da, eta aldizka iragazkiak aldatzea.

Polenari alergia dioten pertsonak. Leihoak itxita eduki behar dira, eguneko lehen orduetan batez ere, lore hautsa goizeko bostetatik hamarretara bitartean isurtzen edo jaulkitzen baita normalean. Bestalde, arropa bustia ez da aire zabalean lehortzen jarri behar. Eta ilea oheratu aurretik garbitzea komeni da, egun osoan pilatutako polena ezabatzeko.

Arazo digestiboak

Arrazoia oraindik ere oso ondo ezagutzen ez den arren, ultzera peptikoaren sintomak areagotu eta okerragotu egiten dira udaberrian bezala baita udazkenean ere. Uda ostean elikaduran egin ohi ditugun aldaketek ere, otordu koipetsuago eta sendoagoekin, indigestioak eta gastroenteritisak eragin ditzakete.

Zer egin daiteke?

Ultzera peptikoa.

Tipo honetako ultzera gehientsuenak Helicobacter pylori izeneko bakterioak sortuak izaten dira. Bakterio hori erabat eta behin betiko ezabatzeko, hainbat antibiotiko eta antiazido konbinatzen dituen tratamendu berezi samarra egiten da gaur egun. Eta ultzerari aurrea hartu nahian, ez erretzea, eta alkoholik nahiz antiinflamatorio ez-esteroiderik (AINErik) ez kontsumitzea gomendatzen da.

Beste trastorno digestibo batzuk. Oro har, koipe gutxi dituen jan neurria egitea gomendatzen da —batez ere haragi gorrian, hestebeteetan eta opil industrialetan hain ugariak diren gantz saturatuak murriztuz— eta zuntz ugari hartzea (zuetako gehienok honezkero ondo jakingo duzuen bezala, alde horretatik, fruta, berdura, osoko ogia edo lekaleak dira egokienak).

Ekzema atopikoa

Umeen artean hain ohikoa den azaleko gaitz honen sintomak nabarmen okertzen dira hotzaren, hezetasunaren, hainbat berokuntza sistemarekin (batik bat artifizialen) eta artilearekin edo ileki ehunekin kontaktua izanez gero.

Zer egin daiteke?

Ekzema mota horri aurrea hartzeko garrantzi handikoa da azala ondo-ondo lehortzea eskuak garbitu ondoren, edo dutxa nahiz bainua hartu ondoren. Komeni da larruazala produktu espezifiko batekin hidratatzea egunean hainbat aldiz, eta kotoizko arropak erabiltzea. Gaitzaren lehen agerraldia gertatzen denean, medikuak kortikoidez osatutako kremaren bat errezetatuko dizu.

Arnas gaixotasunak

Urte sasoi honetan hain usuak diren bat-bateko eguraldi-aldaketek gure defentsak murrizten dituzte, eta gripea, hozturak, faringitisa, eta antzeko trastornoak jasateko sentiberago bihurtzen gaituzte. Eta sintomek okerrera egiten dute lehendik asmak edo bronkitis kronikoak jota dauden pertsonengan.

Nola aurrea hartu?

Arropa geruza moduan jartzea oso ideia ona da; alegia, pertsona horiek hainbat jazki bata bestearen gainean jarri behar dituzte, udazkenean hain aldakorra den kanpoko tenperaturaren arabera une bakoitzean janzki horietatik bat edo gehiago jantziz edo kenduz. Bestalde, eskuak egunean hainbat aldiz garbitzeak gaixotasun infekziosoak kutsatzea saihesten lagunduko digu. Eta arrisku taldeen barruan egonez gero (gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak edo 65 urtetik gorakoak, edota osasun alorreko langileak), gripearen kontra txertatzea gomendatuko nuke.

Aldartea ere zaindu beharra dago

Argi-orduak gutxitzeak eta eguraldi txarrak pertsona batzuei depresioa eragin diezaiekete, aldi baterako soilik baldin bada ere. Kanpoko gertaerekiko interes-falta, arrazoirik gabeko nekea, insomnioa eta tristura izan ohi dira udazkeneko astenia edo depresio deritzon egoera honen sintoma nagusiak.

Nola aurre hartu?

Gure umorea hobetzeko, eguzkitan jartzea komeni zaigu, ahalik eta denbora gehiena. Horretarako, aire zabalean denbora gehiago ematen saiatu beharko dugu, eta, etxean edo lanean gaudenean, leihoetatik hurbil egoten ahaleginduko gara. Egunero-egunero ariketa apur bat egitea ere gomendatzen da, ariketa fisiko suabea, pertsonaren adinera eta osasun egoera orokorrera egokitua beti.

Klimaren eta osasun egoeraren arteko erlazioa

Biztanleen % 30en sintomak okerragotu egiten dira klima aldatzearen ondorioz. Nahasmendu nerbiosoak, giltzaduretako minak edo buruko minak dituzten pertsonak izaten dira guztien artean sentiberenak.

Fronte hotzak. Tenperatura bat-batean jaisteak antsietatea edo insomnioa okerzea ekar dezake. Hotzak defentsak jaitsi eta infekzioak errazten ditu, gainera.

Euria. Giroko gehiegizko hezetasunak gaitz erreumatikoak okerragotu ditzake.

Presio atmosferiko altua. Bihotzeko nahasmenduak okerragotu eta tentsio arteriala gehitu dezake.

Giroko lehortasuna. Germenak gorputzean sartzea eragozteko lehen barrera osatzen dute sudurreko mukosek, eta, horiek lehortzen direnean, infekzioak harrapatzeko arriskua ere areagotu egiten da.

Lainoa. Hotz hezearekin batera, arnas infekzioak (bronkitisa, esaterako) areagotu egiten ditu, asmak zertxobait hobetzera egin dezakeen arren.

Haizea. Suminkorragoak bihur gaitzake, eta lorik ezaren arazoak okerragotzen ditu. Buruko minak ere eragin ditzake.

Hodei ugari. Guregana iristen den eguzki-argia gutxitzean, neke-sentsazioa handiagotu egiten da, baita depresiorako gogo aldarteak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.