Idurre Eskisabel / 2013-10-19 / 170 hitz
Goizeroko borroka izan da oraintsu arte alabari buru gainetik plastikozko koroa kentzea. Eta arrosaz aparteko koloreak janztea. Borroka bat izan den bezala marrazki bizidunen atala Disneyren Edurnezuri eta Errauskine azukretsuen monopoliotik askatzea. Edo behin eta berriro errepikatzen duen jolasa printzearen besoetara amiltzea ez izatea —2 urte zituenetik zorabioaren aldaera guztiak entseatu ditu planta hollywoodtarrak eginez—. Zorionez, borroka horretan lagundua sentitu zara, inguru hurbilenak ez ezik, eskolak eta alabaren harreman eremu zabalagoak, printzesismoaren aurka —edo, bederen, mugatzearen alde— egin dute oro har. Horrenbestez, pozarren hartu duzu, alabaren jarrera berria: utikan esan die koroari eta arrosari. Txandal iluna nahi du. Pentsatu duzu aurreko borroka guztia, emandako azalpen denak, ez direla alferrik izan.
Gaur ohartu zara «arrosa, asquerosa» oihukatuz atera direla mutikoak eskolatik, eta parkean eurekin jolastea eragotzi diotela oraindik printzesismoa praktikatzen duen neskato bati. Alaba eta beste lagun txandaldunak, aldiz, harro dabiltza mutilekin, «Reala, Reala» oihuka —zer den ez dakien arren—, taldeak emandako indarrez. Tamalez, orain hobeto ulertu duzu alabaren aldaketa. Susmoa duzu borroka berrian ez duzula laguntza handirik izango.