Saria munduaren izatea ulertzeko pieza gakoa irudikatu zutenei

Amaia Portugal / 2013-10-09 / 841 hitz

François Englert eta Peter Higgs saritu ditu Fisikako Nobelaren epaimahaiak, Higgs bosoiaren atzean dagoen teoria osatzeagatik.
Nork bere aldetik, partikulek masa nola bereganatzen duten azaldu zuten 1964an.

Iragarri baino ordubete geroago jakinarazi zuten Fisikako Nobel saria atzo, baina ez zen ezustekorik izan. Higgs bosoiaren bilaketa eta aurkikuntza ahalbidetu dituen teoriaren bi egilek jasoko dute garaikurra: François Englertek eta Peter Higgsek.

Zer sarituko zuten baino gehiago, nor sarituko zuten zen zalantza aurten. Izan ere, ikertzaile askok izan dute zeresana teoria horren garapen eta egiaztapenean. Azkenean, baina, lehenengo bi lanak plazaratu zituztenei egin diete, nagusiki, aintzatespena. «Partikulek masa nola eskuratzen duten, oinarrizko problema horri erantzuna ematen dion teoria proposatu zuten 1964an, eta oinarrizko partikulen fisikako eredu estandarraren zutarri bihurtu zen», azaldu du Gunnar Ingelman epaimahaiburuak.

Englertek eta Robert Brout zenak 1964ko ekainaren 26an bidali zuten haien ikerketa lana. Hilabete geroago, uztailaren 27an, bere kabuz egindako lana bidali zuen Peter Higgsek. Ez zuten elkar ezagutzen, baina ondorio bertsuak atera zituzten. Bosoiak Higgs izena hartu izana anekdota hutsa da berez. Beste ikertzaile batzuen izena ere izan zezakeen.

David J. Miller fisikariak analogia bat erabili zuen 1993an, William Waldegrave garai hartako Erresuma Batuko Zientzia ministroari Higgs bosoia zer zen ulertarazteko. Alderdi Kontserbadoreko kidez beteta dagoen gela batean, halako batean Margaret Thatcher sartzen bada, jendeak inguratu egingo du, eta Thatcherrek lanak izango ditu gela zeharkatzen. Beste edonor izango balitz arazorik gabe mugituko litzateke gelan aurrera eta atzera, baina Thatcher da, ikusmina eragiten du eta jendea haren inguruan pilatzeak galarazi egiten dio berak nahi lukeen bezain arin mugitu ahal izatea.

Analogia horretan, Alderdi Kontserbadoreko kideak Higgs bosoiak dira, eta denek elkartuta edonon dagoen baina ikusi ezin den Higgs eremua osatzen dute. Eremu horren esku dago gelan sartzen den hori arin mugitzea edo atzera eta aurrera egiteko lanak izatea. Higgs eremuarekin interakzioan sartzen diren unean bereganatzen baitute masa partikulek; batzuek gehiago, besteek gutxiago edo ezer ere ez.

Olga Botner Fisikako Nobel sariko epaimahaikideak azaldu bezala, «bosoia bera baino gehiago, hark ordezkatzen duen teoria da garrantzitsua. Gu egiten gaituzten partikula guztiek Higgs bosoitik hartzen dute masa. Elektroiek, protoiek… Aurretik zeuden teoriek ez zuten azaltzen zer dela-eta daukaten masa partikulek. Zer edo zer oker zegoen, eta teoria honek eman zuen erantzuna. Horregatik da garrantzitsua».

Eta horregatik esaten da, hain zuzen, eredu estandarra posible egiten duen ezinbesteko pieza dela. Oinarrizko partikulak eta haien arteko interakzioa azaltzen duen teoria zabala da eredu estandarra, munduari eta bertan dagoenari zentzua ematen diona. Masaren jatorria topatzea funtsezkoa zen hura borobiltzeko.

Denbora kontua zen

Hain juxtu, 1964. urtearen bueltan, ikertzaile asko ari ziren masaren haritik tiraka. Englert, Brout eta Higgs izan ziren proposamena egiten lehenak, baina denbora kontua zen batzuek edo besteek misterioa argitzeko bidea urratzea. Airean zegoen auzi bat zen, garai hartako fisikari teoriko asko eta askoren erronka.

Berez, Philip Warren Andersonek bota zuen lehen ideia: partikulei masa ematen zien mekanismo bat bazegoela. 1962an izan zen hori. Hura paperean eta zehatz irudikatu zuten lehenak izan ziren, berriz, Brout eta Englert, batetik, eta Higgs, bestetik. Baina ia segidan etorri zen Gerald Guralnikek, C. R. Haginek eta Tom Kibblek elkarrekin argitaratu zuten ikerketa lana ere. Bazegoen iradokitako bide bat, eta bide horretatik, ia aldi berean, ondorio bera atera zuten sei ikertzaileok, Nobel honek bi baino saritu ez baditu ere.

Hala ere, Fisikaren alorreko ikerketa teorikoak ez dira Nobel saridun bihurtzen egiaztatzen ez badira, eta horregatik luzatu da auzi hau mende erdiz. Oro har, fisikariek balekotzat ematen zuten teoria, baina ez zuten Higgs bosoiaren izatearen froga fisikorik. Harik eta iaz CERNeko ikertzaileek aspalditik esperotako albistearen berri eman zuten arte.

Genevako (Suitza) CERN ikerketa zentroan eraikitako Hadroien Talkagailu Handian dago gakoa. Gizakiak inoiz eraiki duen makina handiena da, eta aukera ematen du partikulen fisikaren mundu berezi horretan diren baldintzak behartzeko eta hor gertatzen dena gertutik jarraitzeko. Higgs bosoia, izatekotan, oso iheskorra behar zuen izan, eta halako tramankulu baten beharra zegoen hura detektatu ahal izateko.

2011ren hondarrean hasi ziren albiste onak. Talkagailuaren bi detektagailutan aurkitu zituzten bosoiaren lehen zantzuak, eta hirugarren batean segidan. Baina emaitzak ez ziren behar bezain sendoak oraindik. Harik eta CERNek 2012ko uztailaren 4rako prentsaurreko batera deitu zuen arte. Orduan bai, bazuten nahiko datu topatu zuten hori Higgs bosoia zela baieztatzeko.

Englert eta Higgs Genevako prentsa aretoan zirela egin zuten iragarpena. Hain zuzen ere, egun hartan egon ziren aurrez aurre lehenbizikoz. Askok pentsatu zuten iaz emango zietela saria, gehiago luzatu gabe. Urtebete geroago, baina hemen da iragarritako Nobela.

——————————

Guralnik, Hagin, Kibble eta CERNeko kideak Nobel saririk gabe geratu dira.

Nobel sarien araudiak dio garaikurra ezin dutela hiru lagunek baino gehiagok partekatu. Beste kategoria batzuetan erakundeei ere egin izan zaie aintzatespena (EBri eman zitzaion Bakearen Nobel saria, kasu), baina Fisikan ez.

Horiek horrela, Higgs bosoiari lotutako ikerketa Nobela irabazteko faboritoa zela jakina zen unetik bertatik, jakina zen ere ikerketa horren historia luzean ezinbestekoak ziren ikertzaile batzuk kanpoan geratuko zirela. Azkenean, Englert eta Higgsen alde egin du epaimahaiak; Brout zendu zenez gero, eta hemen ere araudiari jarraiki, ez dute saritu. Haien ekarpena 1965ean, urtebete eskas geroago, egin zuten Guralnik, Hagin eta Kibble kanpoan geratu dira. Gainera, askok uste dute CERNeko ikertzaileek ere egin dutela meriturik. Beste batean beharko du izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.