Xehetasunetik mundura

Juan Luis Zabala / 2013-10-11 / 990 hitz

Alice Munro «narrazio labur garaikidearen maistrak» jasoko du literaturako Nobel saria.
Aspalditik zegoen saria irabazteko hautagai nagusien zerrendan, eta albisteak harrera ona izan du, baita euskal idazleen artean ere.

Alice Munro literatura arloko Nobel sariarekin ohoratzea erabaki du Suediako Akademiak, «narrazio garaikidearen maistra» dela aitortuz eta «haren estilo argiaren errealismo psikologikoa» laudatuz. «Ba al daiteke? Benetan? Ikaragarria da!», esan zuen idazleak, albistea jaso orduko Kanadako CBC telebistak egin zion elkarrizketa batean. «Harrigarria eta zoragarria da. Ez nekien ezer. Uste dut atzo arte ez nekiela hautagaien zerrendan nengoela ere. Aztoratuta nago». Sariak Kanadako literaturari munduan zehar ezagunago izaten lagunduko diolako esperantza agertu zuen gero. Kanadan goizaldeko laurak zirela deitu zion alabak albistea emateko, baina erantzungailuan grabatua utzi behar izan zion mezua, idazlea ez zelako jaiki telefonoa hartzera.

Suediako Akademiako kideek ere nahi baino geroago lortu zuten Munrok telefonoa hartzea, albistea emateko eta ohiko elkarrizketa laburra egiteko. Idazlea ez baitzegoen Nobel saria jasotzeko aukeragatik itsututa. Horren inguruko txantxa asko egin ziren atzo sare sozialetan. Margaret Atwood idazle kanadarrak txio hau idatzi zuen Twitterren: «Denak deika ari zaizkit Aliceri buruz idazteko! (Alice, irten zaitez estalpetik eta har ezazu telefonoa).»

Azken urteetan Nobel saria irabazteko hautagai nagusien zerrendetan beti agertu izan da askok «Txekhov kanadarra» deitu ohi duten idazlearen izena, eta aurtengo Nobel sariduna hura dela jakinarazi zutenean adostasuna eta poza erakusten zuten mezuak zabaldu ziren mundu osoan zehar. Euskal Herria ez zen salbuespena izan, euskal idazleen artean ezaguna eta estimatua baita Nobel saridun berriaren obra, oraingoz euskarara itzulita haren liburu bakarra badago ere, Zorion handiegia (Meettok, 2012).

Nobelarako ezindua

Ipuingile moduan nabarmendu da beti Alice Munro. Berak aitortua da saiatu izan denetan oso nekeza egin zaiola nobelak idaztea, eta istorioak idaztean ipuinaren neurrira egokitzen zaizkiola beti. Haren nobela bakarra, Lives of Girls and Women, nobela gisa aurkeztu izan bada ere, elkarrekin uztartutako ipuinak batzen dituen bildumatzat ere jo daiteke funtsean. Ipuinaren neurri laburragoan beste idazle askok nobelaren luzetasunarekin inondik ere iristen ez duten sakontasun maila batera heldu izana aitortu ohi diote kritikariek Munrori.

Munroren literatura aztertzean eta hartaz mintzatzean behin eta berriz aipatu ohi den beste kontu bat egunerokotasunarekin duen lotura da. Egunerokotasun horren xumetasunetik abiatuta, gai eta kezka unibertsalei buruz mintzatzeko bidea aurkitzen du Munrok narrazioetan, oso modu iradokorrean. Munroren literatura ez dela «sofistikatua» esan zuen Eider Rodriguez idazleak Zorion handiegia liburua aurkezteko eskatu ziotenean; ez pertsonaietan, ez hizkuntzaren erabileran, ez egituretan. «Baina jende arruntari buruzkoak izanagatik, dotorezia eta perfekzio handiko liburuak dira», gehitu zuen.

Katherine Anne Porter, Flannery O’Connor, Carson McCullers, James Agee eta William Maxwell aipatu izan ditu Munrok literaturari buruz duen ikuspegian eta idazten duen moduan eragina izan duten egileen berri eman dezan eskatu diotenean.

Kanadako Ontario probintziako Wingham hirian jaio zen, 1931ko uztailean. Alice Ann Laidlaw zuen orduan izena; 1951ean bereganatu zuen Munro abizena, James Murorekin ezkondu zenean. Ezkondu aurretik hasia zegoen ipuinak idazten, garai hartan emakume gutxik egin ohi zutena egin eta gero: unibertsitate ikasketak egiteko beka bat lortu. Ezkondu eta gero, Vancouverrera aldatu, eta hiru alaba izan zituen han. Victoriara aldatu zen gero familia osoa. Alabak txikiak zirela, haien lo orduak baliatzen zituen idazteko. Urte batzuk geroago, banandu egin zen. Inguruko gizarteak ez zuen ontzat ematen emakumeek literatura idaztea, baina Alice Munrok, eman dituen elkarrizketa bakanetan kontatu duenez, aurkitu zituen berarekin zaletasuna isilpean konpartitzen zuten konplizeak.

Lehen liburua, 1968an

Dance of the Happy Shades ipuin bilduma kaleratu zuen 1968an, eta sekulako harrera beroa jaso. Ingelesezko fikzioaren arloko Governor General’s saria eman zioten, besteak beste. 1976an berriro ezkondu zen. Ordurako, ordea, literatura idaztea zuen zeregin nagusi, eta bigarren ezkontzak ez zuen hori aldatu.

Nobel saria baino lehen ere, sari garrantzitsuak irabaziak ditu. Man Booker International saria eman zioten, adibidez, 2009an, hautagaien artean Mario Vargas Llosa eta Peter Carey izan arren. Horrez gain, hiru bider irabazi du Governor General’s saria eta 1998an AEBetako National Book Critics Circle saria eman zioten, The Love of a Good Woman liburuarengatik.

—————

Bibliografia

JATORRIZKOAK

• ‘Dance of the Happy Shades’ (1968)

• ‘Lives of Girls and Women’ (1973)

• ‘Something I’ve Been Meaning to Tell You’ (1974)

• ‘Who Do You Think You Are’ (1978)

• ‘The Moons of Jupiter’ (1982)

• ‘The Progress of Love’ (1986)

• ‘Friend of My Youth’ (1990)

• ‘Open Secrets’ (1994)

• ‘The Love of a Good Woman’ (1998)

• ‘Hateship, Friendship, Courtship, Loveship, Marriage’ (2001)

• ‘Runaway’ (2005)

• ‘The View from Castle Rock’ (2006)

• ‘Too Much Happiness’ (2009)

• ‘Dear Life’ (2012)

————-

EUSKARATUAK

• ‘Zorion handiegia’ (Meettok, 2012; itzultzaileak: Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Aiora Jaka eta Itziar Otegi)

Pasarte hautatua. Alice Munro

‘Zorion handiegia’

1891ko urtarrileko lehen egunean, emakume txiki bat eta gizon handi bat oinez dabiltza Genevako Hilerri Zaharrean barrena. Berrogei bat urte dituzte biek. Emakumeak buru handia du, ume batena bezalakoa, ile zapa iluna eta kizkurra, eta irrikaz dagoenaren, are pixka bat erreguka ari denaren itxura. Aurpegia higatzen hasi zaiola dirudi. Gizona ikaragarri handia da. Haren gorputz handiak 285 libra biltzen du; eta, errusiarra denez, hartz esaten diote askotan, baita kosako ere. Une honetan, hilarrien aldera makurtuta dago eta koaderno batean idazten ari da; inskripzioak biltzen eta berehala ulertzen ez dituen laburdurak deszifratzeko ahaleginetan ari da, nahiz eta errusieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz hitz egiten jakin eta latin klasikoa eta Erdi Arokoa ulertu. Gorpuzkera bezain hedakorra da jakintza, eta, beraren espezialitatea administrazio-zuzenbidea bada ere, gai da Estatu Batuetako gaur egungo erakunde politikoez, Errusiako eta mendebaldeko gizartearen berezitasunez eta antzinako inperioetako legeez eta usadioez mintzatzeko. Baina ez da pedante bat. Asmotsua da, eta jendeak oso begiko du, badaki patxadan egoten askotariko giroetan, eta bizitza ezin erosoago bat eraman dezake, Kharkiv-etik hurbil dituen jabetzeei esker. Hala ere, debekatua du Errusian postu akademiko bat izatea, liberala baita.

Izen aproposa du. Maksim. Maksim Maksimovich Kovalevski.

Berarekin dagoen emakumea ere Kovalevski da. Maksimen lehengusu txiki batekin ezkonduta egon zen, baina orain alargunduta dago.

Maksimi txantxetan ari zaio.

—Badakizu biotako bat hil egingo dela —esan du—. Aurten hilko da biotakoren bat.

Kasu handirik egin gabe, Maksimek galdetu dio:

—Eta hori zergatik?

—Hilerri batean pasieran ibili garelako Urteberri egunean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.