Araitz Muguruza / 2013-10-09 / 277 hitz
‘De Rerum Natura 5’ liburuan, azken bi urteetako zintak bildu ditu Patxi Huarte marrazkilariak.
Patxi Huarte Zaldieroa-ren zintak begiratu bakarrean ikusteko aukera izango da, berriz; 2011tik gaur arte publikatutako komikien bilduma argitaratu baitu Elkar argitaletxearekin.Hamar urteko ibilbidean argitaratzen duen bosgarren De Rerum Natura da.
Hautaketa zorrotza egin dute bildumako komikiak aukeratzeko, 700 zintetatik 225 baitaude bilduman, guztiak koloretan. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak lagundu dio lan horretan. Lotura zeukaten zintak mantendu egin dituzte, eta kendu, loturarako zailagoak zirenak. «Horregatik da lan antologikoa», gaineratu du Zaldieroak. Tartean daude Twitter bidez sartu dituen komikiak. Era horretan egindako guztiak daude liburuan. Marrazkilariaren alde «interaktiboa» ikusi dela gaineratu du Mendigurenek. «Ikusi dugu bere mugak nola bihurtu dituen bertute, pertsona bat nola marraztu ez zekienean laguntza eskatu du, eta saiatu da haiekin lan egiten».
Mendigurenek azaldu du Zaldieroaren sekretua irakurlea «ustekabean» harrapatzean dagoela: «Ez du gaurkotasunaren parodia edo satira bakarrik egiten, gauzen izaerari eta zergatiari buruz ari da». Horregatik «berezia» dela gaineratu du.
Zutabegintzarekin parekatzen du bere lana Huartek: «Nik eta zutabegileek muga bera dugu, espazioarena. Gai aldetik, berriz, askatasun bera dugu». Eta horregatik dira zintak batzuetan horren satiroak, poetikoak edo politikoak. Hamar urteetako ibilbidean izan du bilakaera bat Zaldieroak. «Hasieran dena zen barregarri, dena karikaturazko; orain, ordea, dena ilunagoa ikusten dut, eta oso amorratua nago».
Irakurleen aurpegian irribarrea marrazten du egunero Zaldieroak, nahiz eta hori esatea «harrigarri» egiten zaion marrazkilariari. «Hasierako garaietan bai; orain ez nuke hala esango, kexuka ari naiz egunero». Saiatzen da ordea, landu behar duena umore puntu eta distantzia batekin egiten, guztia dramatizatu beharrean. Urte hauetan guztietan pare bat zinta baino ez ditu atzera bota. «Torturari lotutako marrazkia izan zen horietako bat, gai gogorregia zelako egin nuen hori».