Amaia Portugal / 2013-10-08 / 709 hitz
James E. Rothman, Randy W. Schekman eta Thomas C. Sudhofek jasoko dute Medikuntzako Nobelaren garaikurra.
Besikulen trafikoak nola funtzionatzen duen ulertzeko ekarpen handia egin dute.
James E. Rothman, Randy W. Schekman eta Thomas C. Sudhofek jasoko dute Medikuntza edo Fisiologiako Nobel saria, besikulen trafikoaren alorrean egin dituzten aurkikuntzengatik. Zeluletako garraio sistema nagusia da besikulen trafikoa, eta hori erregulatzen duen makineria perfektuaren gakoak argitzeko ekarpen handia egin dute hiru ikertzaileek. Nobel sari horren epaimahaiak atzo eman zuen erabakiaren berri, Suedian. Gaur Fisikako garaikurra norentzat den iragarriko dute, eta, bihar, Kimikaren txanda izango da.
Gorputzeko zelula bakoitzak askotariko funtzioak gordetzen ditu bere barruan, eta konpartimentuak baliatzen ditu funtzio horiek bereizteko. Zelulan bertan ekoizten diren molekulek konpartimentu batetik bestera joan behar izaten dute bere lana betetzeko, eta, horretarako, besikulak dituzte garraiobide. Burbuila txikiak balira bezala, besikulek molekulak hartu eta dagozkien konpartimentura eramaten dituzte, dagokien unean.
Zehaztasun hori dela medio, Nobelen epaimahaiak zein Rothman sarituak berak makineria hitza erabili dute besikulen trafikoa definitzeko. Hain zuzen, makineria horren gako asko argitu dituztelako izan dira aintzatetsiak Rothman, Schekman eta Sudhof.
«Zelulen fisiologiaren misterio handienetako bat zera zen, ea nola iristen diren substantzia zuzenak helmuga zuzenera eta une zuzenean. Nola joaten diren gure hormonak edo neurotransmisoreak, adibidez, hain justu dagokien tokira. Eta nola kontrolatzen den prozesu hori halako denbora zehaztasun handiarekin. Misterio hori, zelulek garraio sistema nola antolatzen duten, argitu duten hiru zientzialariei gorazarre egiten die 2013ko Nobel sariak», azaldu du epaimahaiak.
Hiri arteko trafikoa bezala
Aitor Hierro Ikerbasque ikertzailea da, eta, besteak beste, besikulen trafikoa jorratzen du CIC Biogune ikerketa zentroko bere laborategian. Zeluletan gertatzen den prozesu hori ulerrarazteko, hiri arteko trafikoarekin parekatu du: «Toki batzuetan elementuak ekoizten dira, eta beste toki batzuetan, erabili; garraiobide bat behar duzu batetik bestera egiteko. Besikulak gure ibilgailuak bezalakoak dira, molekulak konpartimentu batetik bestera eramateko eta hala haien funtzioa betetzeko erabiltzen direnak. Orduan, koordinazioak oso ona izan behar du, zer bidali behar den identifikatzeko, paketea besikula egokian sartzeko, unerik egokienean garraiatzeko, eta dagokion helmugara iristeko. Huts egiten duen edozer mekanismok gaitzak eragin ditzake».
Hain zuzen ere, zelulak halako antolakuntza sistema zehatz eta zuzenik izango ez balu, kaotikoa litzateke erabat. Gaitz neurologiko eta immunologiko askok, bai eta diabetesak ere zerikusi zuzena dute besikulen trafikoan gertatutako okerren batekin. Horrenbestez, hiru Nobel saridunek bildutako ezagutza garrantzitsua izan da, era berean, gaixotasun horien inguruko ikerketan aurrera egiteko.
1970eko hamarkadatik
«Neuroendekapenezko gaitz asko garraioan dauden akatsengatik gertatzen dira, edo akats horrek larriagotu egiten ditu. Parkinsona, Downen sindromea, gaitz prionikoak… Eta ezin ahaztu infekzio agente batzuk gure zeluletan sartzen direla eta bahitu egiten dituztela garraio mekanismo horiek, haien mesedetan baliatu ahal izateko», adierazi du Hierrok. Legionella mota batzuk, herpesa eta giza immunoeskasiaren birusa (GIB) bera aipatu ditu, horren adibide.
Hau ez da ikerketa alor honi egokitu zaion lehen Nobel saria. 1974an, Albert Claude, Christian de Duve eta George E. Paladek jaso zuten garaikurra, zelulen egitura eta antolakuntzan egindako aurkikuntzengatik. Oraingoan, berriz, beste hiru ikertzailek zelulon mekanistikaren alorrean egindako lana saritu dute.
Rothman, Schekman eta Sudhofek nork bere bidetik garatu dute ikerketa, baina badute, noski, elkarren berri. Schekmanek legamia zelulekin egin zuen lan 1970eko hamarkadan, eta konpartimentuen arteko garraioa kontrolatzeko gakoak diren proteina zehatz batzuk identifikatu zituen. «Hura izan zen lehena konturatzen bazegoela jario proteina hauen menpe zegoen mekanismo bat», dio Hierrok.
1980ko eta 1990eko hamarkadetan, urrats bat gehiago egin zuen Rothmanek. Molekulak dagokion tokira garraiatzen direla bermatzen duten proteinak aurkitu zituen. Besikulan eta besikula horrek daramatzan molekulei dagokien helmugan daude: «Proteina horiek elkar ezagutzen dute nolabait, elkarren artean lotzen dira, eta oso espezifikoak dira. Bukaerako fusioa eragiten dute».
Shudovek, berriz, fusio hori bera neuronetan aztertu zuen 1990eko hamarkadan, eta garraioa une egokian gerta dadin, kaltzioak ezinbesteko rola betetzen duela ikusi zuen. «Kaltzioak fusioaren abiadura baldintzatzen duela argitu zuen», dio Hierrok.
——————-
James Rothman
• 1950ean Haverhillen jaioa (Massachusetts, AEB). Harvarden egin zuen doktore tesia. 1978ean Stanford Unibertsitatera joan zen, eta bertan garatu zuen Nobela eman dion ikerketa. Yale Unibertsitateko irakaslea da egun.
Randy Schekman
• 1948ean St Paulen jaioa (Minnesota, AEB). Stanford Unibertsitatean egin zuen doktoretza. 1976an Berkeleyra joan zen, eta han egin zuen Nobela eman dion ikerketa. Bertako irakaslea eta Howard Hughes Institutuko ikertzailea da.
Thomas Sudhof
• 1955ean Göttingenen jaioa (Alemania). Bertan egin zuen doktoretza. AEBetara jauzia egin zuen, Texaseko Unibertsitatera, eta Howard Hughes Institutuko ikertzaile bihurtu zen 1991n. Stanford Unibertsitateko irakaslea da egun.