Araitz Muguruza / 2013-11-26 / 719 hitz
Uraren urteetako higadurak kareharria nola moldatu duen argi ikusten da Debako Lastur auzoko karstetan; Aranburuk horiek ikertzen ditu, erakusten baitute erliebearen zati baten bilakaera.
Paisaiari estalkia kendu, eta haren hezurdura aztertzeko lanetan aritzen da Arantza Aranburu Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea (Olaberria, Gipuzkoa, 1966). Azken urteetan karstak aztertzen dabil, urak kareharrietan utzi dituen arrastoek sortu dituzten erliebeak eta haitzuloak, hain zuzen. Izan ere, lurraren garapenarekin batera hasten da gizakiaren bilakaera, eta horren jakitun, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Aranzadik lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten lehengo astean. Orain arte egindako lanaren zabalpenean lagunduko duelakoan dago ikerlaria.
Deba eta Zumaia arteko flyschak ezagunagoak izanagatik ere, haiek bezainbesteko garrantzia dute karstek, ezta?
Sakonera handi eta ertainetako itsasertzeko arroetan metatzen diren urek sortzen dituzte flyschak. Karstak barnean izaten dira. Duela 100.000 urte Debatik barnealdera dagoen eskualdean sakonera txikiko itsaso bat zegoen, eta karsta, orduan, itsaspean zegoen, egonkor. Itsasotik kanporatzen denean, eta ur gezarekin zein usteldutako landareekin kontaktuan jartzen denean, urak desegin egiten du kareharria, eta hainbat forma hartzen hasten da. Erreakzio hori da karstifikazioa. Itxura bereziak dira, arrakalaz eta zuloz osatuak, eta mendiaren barruan kobak sortzen dira.
Zein garaitan hasi zen fenomeno hori?
Badakigu gutxi gorabehera duela 40 bat milioi urte hasi zirela kanporatze horiek. Guk gaur egun ikusten dugun forman noiztik dagoen, ez dakigu zehazki.
Urak, erreka bila doala, hainbat sedimentu eramaten ditu berarekin, zer gertatzen da horiekin?
Higakin horiek guztiak kobetan daude, pilatuta; eta orain hori ari gara aztertzen koben barruan dagoen sedimentutik zer esan dezakegun, kanpoan ikusten dugun karst modelatu horri buruz.
Kobazuloetatik abiatzen da, hortaz, zuen ikerketa?
Bai. Ura errekaren bila doan horretan kabazuloak sortzen dira mendien barruan. Izan daitezke oso bertikalak, eta esan nahi du tantak ez duela bere maila topatu, baina ur maila topatutakoan ia-ia horizontalki galeriak sortzen dira. Horiek guztiak hartuta, jakin dezakegu uraren maila, erreken maila noiz hasi zen jaisten.
Eta, horrekin batera, gizakiak edo animaliak horiek erabiltzen hasi ziren.
Prospekziorako gizakiaren okupazioa noiz hasi zen jakiteko oso baliagarria da. Orain, karstak aztertuz, jakin dezakegu gizakiaren okupazioa noiz hasi zen.
Euskal Herriko erliebearen zati baten jatorria ezagutzeko balio du, ezta?
Kanpo modelatu hori, eta ez bakarrik karstikoa —material askoratikoekin osatua baitago itsasertza— azaleratu zeneko paisaia, noiz hasi zen sortzen, nola eta zein klimaren menpe jakin nahi dugu, eta, horrekin batera, klimaren aldaketek zer ondorio izan dituzten gurean.
Debako Lasturren eta Olatzen karsta dago, baina barnerago ere badira, Aralarren eta Anboton, kasu. Guztietan ez da karstifikazioa modu berean gertatu, zergatik?
Higadura geruza leun batetik hasten den morfologia da. Zergatia ez dakigu oso ondo, baina desberdina da kostako kareharrien forma, kostaldetik urrun daudenen aldean. Ziurrenik fenomeno meteorologiko bat egon zen. Fenomenoa gehiago da Bizkaiari lotua. Lasturkoa bezalakoa gertatzeko, disoluzio tasa oso altua behar zen.
Gipuzkoan eta Bizkaian daude karst eremu handienak, horietatik kanpo gisa honetako karstifikaziorik izan da?
Ez, Lasturkoa eta Olazkoa hor bakarrik dago, eta Iberiar penintsula osoa kontuan hartzen badugu ere, berdin. Ikusiko dugu fenomeno geologikoa den edo klimatikoa den. Nazioarteko adibideren bat ipintzekotan Vietnam eta Txina arteko modelatuan daukagu. Gure hipotesia da hangoaren oso antzekoak direla Debako karstak.
Nolako garapena izan du Euskal Herriko erliebeak?
Begetazioa izango da gehien aldatu dena, baso gehiago edo baso gutxiago, edo elur gehiago edo gutxiago, baina datu objektiboa da azken 20.000 urteetan hemengo erliebea ez dela aldatu, eta 60.000 eta 100.000 urteen artean ere gutxi. Mendiak ez ziren askoz handiagoak, eta ezta sakonagoak ere haranak.
Karstek azaltzen dute erliebearen historia, etorkizunean etor daitezken aldaketak aurreikusteko tresna ere badira?
Paisaiaren eboluzioa klimari oso lotua dago. Orain, planeta berotuz doala, etorkizuneko garai klimatikoetan errekek eta kobek zein egoera izan dezaketen aurreikus daiteke.
Itsaso azpian dagoen karst egonkorra itsasotik urrun dauden lekuetan ere badago, ordea. Nolatan?
Tektonika da fenomeno horren arrazoi nagusia, eta ez horrenbeste itsasoaren mailaren gorabehera. Hemengo talka handia Pirinioak-eta hasi zirenekoa da, duela 30-40 milioi izan zena. Oraindik izaten dira lurrikarak, gutxi, baina, jada fusionatuta daudelako, gainontzean ez da askorik aldatu.
Hitzarmena sinatu berri dute Aranzadik eta Geoparkeak. Dauzkazuen hipotesiak zehazteko balioko dizue?
Zehazteko bakarrik ez, informazio hau gure artean, zientzialarien artean gelditu ez dadin, zabaltzeko balioko digu. Izan ere, ezagutzen ez duguna ez dugu estimatzen. Ez dakit ikerketak nora eramango gaituen, ez dakit ondo goazen ere, baina gauza jakina da zerbait ezberdin gertatu behar zuela garai hartan, beste inon ez baitago honelakorik. Espero dugu ateratzen denean emango duela zer esana hemen eta hemendik at.