Elixabet Epelde / 2013-11-19 / 528 hitz
Idaztea egin beharreko zerbait zen Doris Lessingentzat (Kermanshah, Persia [Iran, gaur egun], 1919). «Neurotikoa dirudi, baina ezin dut ez idatzi. Idatziko ez banu, zoratu egingo nintzateke», azaldu zuen behin. Behar horri esker, hain zuzen ere, obra emankorra utzi du Lessingek. Gai ugari jorratu ditu, eta kasik genero guztiak landu, idatzi komunistetatik zientzia fikzioraino, eta 50 liburu baino gehiago merkaturatu ditu. Duela sei urte, hain justu, literatura arloko Nobel saria eman zioten, eta sari hori eskuratu duen idazlerik zaharrena bihurtu zen. 60ko hamarkadan, berriz, borroka feministaren ikur bilakatu zen, The Golden Notebook (Urre koloreko koadernoa) nobelari esker, zeina haren ibilbideko lan nagusitzat hartu izan den. Baina Lessingek behin eta berriz esaten zuen maxima ideologikorik gabe idazten zuela, eta etiketa horien aurka egin zuen. Bere kezkak, eta bere literaturarenak, edozein gizakik izan ditzakeen berdinak direla esaten zuen, arrazaren, generoaren eta ideologiaren gainetik. Atzo hil zen Lessing bere Londresko etxean, 94 urte zituela.
Mende laurdena baino gehiago bizi izan zen Afrikan, sei urte besterik ez zituenean Rhodesiara —Zimbabwe, gaur egun— bizitzera joan baitziren haren gurasoak. 36 urte bete zituen arte bizi izan zen han, eta, gutxiengo zuriaren gobernua kritikatzeagatik urteetan hara itzultzea debekatu bazioten ere, bere sentitzen zuen herrialdea: «Inoiz ez gara guztiz joaten lehendabizi maitatu izan genuen herrialdetik. Nire zati bat beti egongo da Afrikan». Haren lanetan ere presente dago herrialdea, izan ere, eleberri ugari kokatu ditu bizitoki izan zuen kontinentean.
Lehen Mundu Gerran zauritutako Erresuma Batuko ofiziala zuen aita, eta hark gerrako zaurietatik artatzen ari zenean ezagutu zuen erizaina zuen, berriz, ama. Zorrotz hezi zuen amak alaba, baina, hamalau urterekin eskola utzi, eta etxetik alde egitea erabaki zuen Lessingek, haren autoritarismotik ihesi. Orduan hasi zen lehen narrazioak idazten.
Gazte ezkondu zen idazlea Frank Wisdom funtzionarioarekin, baina bi ume izan eta gero banandu egin ziren. 1943an talde komunista batean sartu zen Lessing, eta han bigarren senarra izango zuena ezagutu zuen, Gottfried Lessing. Beste seme bat izan zuen harekin, hirugarrena, baina ezkontzak ez zuen askorik iraun. 1949an, bigarrenez banandu zen Lessing, eta, handik urte gutxira, seme gazteena hartuta Londresera joan zen, liburuetatik bakarrik ezagutzen zuen gizarte hura ezagutzera. Azken senarraren abizena, ordea, ez zuen inoiz utzi.
1950ean egin zuen debuta The Grass is Singing (Belarra kantari)eleberriarekin. Horixe izan da, hain zuzen ere, euskarara itzulitako Lessingen lan bakarra —Koro Navarrok itzuli zuen 2008an, Jokin Zaitegi sariari esker—. Lehen lan hark ospea ekarri zion, eta literaturan toki bat egin zuen, betiko.
Lessingek inoiz ez zion idazteari utzi, eta idazle nahiz kritiko askok bere burua berrasmatzeko gaitasuna aitortu diote. Komunismoari buruzko literatura idatzi zuen ibilbidearen hasieran. Gerora, gai psikologikoen inguruko literaturara jo zuen, eta zientzia fikzioa ere jorratu zuen. Funtsean, marxismoa, kolonialismoa, arrazakeria, bakezaletasuna eta feminismoa izan dira autobiografiatik asko duen haren ibilbideko konstanteak. Literaturak, hain justu, autobiografikoa behar duela esaten zuen, «baina ez da antzeman behar».
«Eszeptizismoarekin, suhartasunarekin eta irudimen ahaltsuarekin zibilizazio banatu bat begi arretatsuz aztertu duen emakume bizipenaren egile epikoa». Hala definitu zuten Lessing Nobel saria eman ziotenean. Idazlearen etxe parean bildu zen kazetari mordoxka batek eman zion berria idazleari, eta, hasieran eszeptiko samar agertu bazen ere —«Ezin zait gutxiago axola», bota zuen—, pozik hartu zuen saria. Askok erabakia txalotu bazuten ere, erabakiaren aurka ahots ugari ere altxatu ziren.