Elixabet Epelde / 2013-11-08 / 490 hitz
1936ko gerran desagertutako miliziano baten istorioa da Ubedaren ‘Hobe isilik’ nobelaren abiapuntua.
Bilaketa baten istorioa kontatzen du Garbiñe Ubedak (Tolosa, 1967) Hobe isilik nobelan (Elkar). 1936ko gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako miliziano anarkistaren arrastoaren bila dabilen bilobaren istorioa, hain justu. Baina bilaketa sakonago bat dago nobelaren atzean. «Arakatu beharra dugu, ezkutatu dizkiguten egiak bilatu. Ezinbestekoa zaigu iragana argitzea herri eta norbanako bezala, esaerak dioen bezala, atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu».
Arakatze horretan, ordea, luparen efektu engainagarriarekin topo egiteko arriskuaz ohartarazi du Ubedak. «Bilatu nahi dugun hori zenbat eta gehiago handitu, orduan eta argiago ikusiko dugu fokatu nahi dugun gertaera hori, baina orduan eta lausoagoa izango da inguruko guztia». Istorioak eta gertaerak ingurua kontuan hartu gabe epaitzea, baina, arriskutsua dela dio, eta beharrezkoa dela lupa hori urruntzea: «Testuingurua da, hain zuzen ere, hain zehatz ikusi nahi izan dugun gertakari horren azalpen nagusia, neurri handi batean gure epai guztiak baldintzatu beharko lituzkeena, alegia, gerra bere gordinean».
Nobela honetan, hain justu, lupa urruntzeko ahalegina egin du Ubedak, eta kontatu nahi izan duen istorioaren testuingurua nabarmendu nahi izan duela gaineratu du. Izan ere, gerra batean edozer gerta daitekeela adierazi du, eta hori ulertzeko modu bakarra ingurura begiratzea dela.
Gerraren egunerokoaz aritu da Ubeda nobelaren aurkezpenean, frontea, milizianoak, tiroak eta balentria belikoak baino gehiago dela nabarmenduz. «Gerrak ere badu bere eguneroko errutina: babarrunak eltzetik atera beharra, maitatzeko premia edo seme-alabak aurrera atera beharra». Eta gerrateetako egunerokotasunean funtsezkoena biziraupena dela kontatu du: «Ahal bada zutik hil behar ez izatea, belauniko bada ere, bizitzea». Hobe isilik, hain zuzen ere, kosta ahala kosta bizirik irautearen aldeko aldarria dela azaldu du.
Etxeko istorioa abiapuntu
1936ko gerrak «ondorio latzak» izan zituen Ubedatarren etxean, eta desagertutako bere aitonaren istorioa hartu du nobela idazteko abiapuntu gisa. Esentzian Jose Ubeda —Garbiñe Ubedaren aitona— eta Jose Bermejo —nobelako protagonistaren desagertutako aitona— bat bera direla aitortu du. Dena den, istorioa fikzioa dela dio, errealitatetik asko badu ere.
«Zorionez gure etxean zaharrak ez ziren isildu, eta min hori transmititu egin ziguten. Ordutik gurekin daramagu min hori», kontatu du Ubedak. Min hori adierazteko bidea izan da Hobe isilik kazetariarentzat. Dena den, askotan norberaren istorioa zama bilakatzen dela aitortu du Ubedak, eta zenbaitetan bere istorio propioa albo batera uztea zaila suertatu zaiola. Dena den, bere errealitatetik interesatzen zitzaizkion piezak bakarrik hartu dituela kontatu du, eta pieza horiek ere, nahieran elkartu dituela.
Lehena, baina ez azkena
Iaz Augustin Zubikarai nobela saria irabazteak eman zion Hobe isilik idazteko aukera. Kazetaritzan ibilbide luzea izanagatik lehen fikziozko lana du honakoa, eta bere harridurarako nobela idazteko prozesua «plazera» izan da. Aurrerantzean ere idazten jarraitzeko asmoa dauka, oraindik horretan pentsatzen hasi ez bada ere.
Ubedak azaldu duenez, beti gustatu izan zaio istorioak kontatzea, baina duela hainbat urte BERRIA egunkarian udaran idatzitako kronikak nobela hau idazteko zedarri izan zituela kontatu du. egin «Kazetaritza zutabeak egin baino gehiago, istorioak kontatzen nituen bertan. Horiek elikatu zuten, neurri handi batean, fikzioa idazteko har hori, eta neure buruari esan nion: Zer arraio? Aurrera!».