Amaia Portugal / 2013-11-28 / 1.006 hitz
NASAren ‘Curiosity’ ibilgailuari planeta gorria esploratzeko modua ematen dioten gailuetako bat da REMS meteorologia estazioa; erreminta hori garatu duen ikerketa zentroko zuzendaria Bilbon izan da egunotan, EHUko Espazio Gelak gonbidatuta.
Ba al dago edo egon al da bizitzarik Marten? Galdera hori eta beste batzuk erantzuten ahalegindu dira egunotan Bilbon, EHUko Espazio Gelak antolatutako jardunaldi batzuetan. Hizlarien artean izan da Javier Gomez-Elvira (Madril, 1957) Espainiako Astrobiologia Zentroko zuzendaria. Bertan eraikitakoa da REMS meteorologia estazioa; NASAk Martera bidalitako Curiosity ibilgailu robotikoak atxikia duen tresnetako bat da.
Aeronautika ingeniari batek bide askotatik jo dezake, eta astrobiologia ez da ohikoena. Zergatik aukeratu zenuen?
Ia nire ibilbide guztiak izan du zerikusia espazioarekin. INTAn (Teknika Aeroespazialaren Espainiako Institutua) lanean hasi nintzenean, materialen sailean nengoen, eta sateliteentzako antenen diseinuan, Nazioarteko Espazio Estazioko tresna batzuetan jardun nuen. Astrobiologia Zentroan, instrumentazioaz arduratzen den sailean hasi nintzen. Adibidez, zentroaren hastapenetan, urpeko txiki bat egin genuen Tinto ibaia (Huelva, Espainia) esploratzeko, Marteko zulaketa baten simulazioa NASArekin elkarlanean… Orduan, gutxi gorabehera nire jarduera guztia espaziorekin lotuta egon da. Lehenengo, sateliteekin, eta gero, robotika eta instrumentazioarekin.
Tinto ibaia aipatu duzu. Marterako simulazio lan asko egiten da bertan, ezta?
Bai. Ez dakigu erabat ziur, baina Tinto ibaia Marteren analogoa izan daiteke zorupean. Ibai horren zorupean dagoenak izan dezake antzik Marteko zorupean dagoenarekin. Orduan, instrumentazioa probatzeko, zorupeari dagokionez, balio du. Eta biologiaren ikuspegitik, muturreko ingurune bat da hori ere. Laborategi natural baten modukoa da.
Martera joatekoa den tresna bat garatzean, hango inguruneak asko baldintzatzen al du lana?
Proiektuarekin hasten garenean, Ingurune baldintzak izeneko txosten bat da ardatz nagusietako bat. Bertan laburbiltzen da gure ustez robotak zer aurkituko duen, jaurtigailuan jartzen den unetik hasita. 50 misiotik gora iritsi dira dagoeneko Martera, eta orduan asko dakigu atmosferaz, tenperaturaz… oro har ezagutzen dugu. REMS proiektuaren kasuan, gure bi zilindro txikik ibilgailuaren kanpoaldean egon behar dute, giroko tenperaturan, eta orduan -130 gradura jaits daiteke; horixe zen zailena. Tenperatura hotz horiei eustea zen erronka, eta ez eustea bakarrik. Ibilgailua lo dago gauean, baina gure estazioa autonomoa da; orduro esnatzen da, datuak hartzen ditu bost minutuz, eta lotara doa berriz. Gauean, ibilgailua hotz dagolea, gure sistemak berdin esnatu behar du, eta berotu lanean hasteko. Elektronikak normalean ez du kondizio horietan lan egiten. Gainera, 24 aldiz esnatzen da eta lokartzen da berriz; berotu eta hoztu egin behar du etengabe. Horregatik, urtebete baino gehiago egon ginen baliozkotze kanpainak egiten.
Zer nahi du REMSek?
Eguraldi gizon-emakumeek ematen diguten informazio meteorologikoaren moduko datuak. Tenperatura eta presio profilak biltzen ditugu, zoruko tenperatura nola aldatzen den, airearen tenperatura… Garrantzitsua da atmosfera urte osoan nola aldatzen den, egun jakin batean gertatzen dena baino gehiago. Horregatik, datu asko hartu behar dira, errepikakorrak, presioa goizetik gauera nola aldatzen den ikusteko, adibidez.
Zein da helburua?
Informazio horrek laguntzen digu egiaztatzen Marteren atmosferaz dauden eredu teorikoak. Lurrean, meteorologoek atmosferaren eredu bat erabiltzen dute, eta horrekin gai dira esateko presioak nola datozen. Marterako antzeko eredu bat dago. Desberdintasuna da Lurrean estazio ugari daudela eta errazagoa dela eredua egiaztatzea Marten baino. Orduan, REMSek bildutako datu horiek ereduaren ahalmena egiaztatzeko dira baliagarriak, Marteren zikloak benetan nolakoak diren ulertu ahal izateko. Ekarpena egiten dugu eredu atmosferiko horiek ontzat emateko.
Marten bizitzarik egon ote den argitzen laguntzen al du horrek?
Eredu on batzuk izan daitezke gai gertatu zena erreproduzitzeko, denboran atzera egiteko. Baina ez askoz atzerago, Marte asko aldatu da bere historian; bere garai epela estrapolatzen saiatzea oso zaila da. Duela gutxi zer gertatu zen eta etorkizunean zer gerta daitekeen jakiteko balio digute, baina ez hasierara joateko.
Besteak beste, Marten ura denbora luzez eskuragarri egon ote zen argitzen lagundu dezake misio honek, ezta?
Bai. Helburu garrantzitsuena Sharp mendira joatea da; kraterraren erdian dagoen mendia da. Martez ditugun irudien arabera, uste dugu sedimentuen ondorioz sortutako mendi bat dela. Orduan, iraganeko historia berreskuratzen saiatuko gara hor. Horregatik doa ibilgailua hara orain.
Orain arte bildutako datuek interpretaziorako aukerarik eman al dizuete?
Ur ibilbideetan tipikoak diren konglomeratuak daude, Lurrean daudenak bezalakoak, eta froga garbia dira: duela milioika urte ura egon zen eremu horretan. Bildu ditugun datuekin argitaratu den lehen artikuluan azaltzen da hori. Era berean, bertan egiaztatzen da bizitzarako beharrezkoak diren elementu guztiak daudela hor. Piezak bat egiten ari dira: hasieran Marte eta Lurra oso antzekoak izan ziren.
Baina elementu horiek iraganeko bizitzaz dihardute. Eta gaur egun, betetzen al du Martek bizitzarako kondiziorik?
Gaur egun, inon baldintzarik ematen bada, zorupean da. Hasieran Marte eta Lurra oso antzekoak zirenez, Lurrean gertatu zena Marten ere gertatu izana posible da, mikroorganismoak agertzeari dagokionez. Orduan, litekeena da bere garaian agertu ziren mikroorganismo horiek zorupean egotea orain. Baina lurrazalean ez; kondizioak oso gogorrak dira; ezinezkoa da.
Hain zuzen ere, bizitza bilatzeaz ari garenean, zer bizitza motaz ari gara?
Bakterioez. Eboluzioa beste gauza bat da. Marten Lurrean bezala gertatu zela pentsa dezakegu, eta lehen izaki biziak mikroorganismoak izan ziren. Lurrean badakigu oso kondizio ezberdinetara egokitzen direla: ingurune azidoak, oso gaziak, tenperatura handiak, txikiak… bakterioek erresistentzia handia dute, eta denboraren poderioz egokitu ere egiten dira. Esperientzia hori Martera eramanda, pentsa daiteke egokitu egin zirela han zeuden inguruneei.
Bildutako datuek laguntzen al dute ulertzen zergatik galdu zuen Martek atmosfera?
Ditugun datuei esker badakigu bere atmosfera desberdina zela, baina zergatik galdu zuen ez dakigu; oraindik ez dago onartutako hipotesirik. Era berean, uste dugu lehen eremu magnetiko bat izan zuela, Lurrak bezala, eta, beraz, eremu magnetikoa ere galdu zuela. Martek jakiteke dauden gauza asko ezkutatzen ditu bere iraganari buruz.
Zer egingo du REMSek datozen hilabeteetan?
Orain egiten ari den hori bera. Adibidez, misioaren ingurune taldeak erabaki dezake, REMSek normalean hartzen dituen bost minutuko datu horiez gain, beste tarte batzuetan datuak hartuko dituela biharamunean, eta hori oinarrizko planari gehitzen zaio. Zer egingo den erabakitzen da, eta robotari transmititzen zaio.
NASAk Maven misioa jarri du Martera bidean duela egun gutxi. Haren lana eta REMSena osagarriak al dira?
Ez. Maven atmosferaren goiko aldea ikertzeko da; hain zuzen ere, Martek atmosfera zergatik galdu zuen jakitea da bere helburua. Baina 2016an Insight misioa bidaliko dute, eta hor REMS bezalako beste estazio bat joango da: Twins izena jarri diogu. Ziurrenik 2017an iritsiko da, eta orduan bi meteorologia estazio izango ditugu aldi berean Marten. Orduan bi gunetan izango gara Marteko atmosferaren parametroen erregistroa egiten.