Araitz Muguruza / 2013-11-20 / 543 hitz
Kalifornia esploratu eta kolonizatu zuten garaian euskaldunek idatzitakoak hartu ditu oinarri Asun Garikanok.
1780. urtean eskatu zioten Jose Joaquin Arrillaga Aiako (Gipuzkoa) esploratzaileari Colorado ibaiaren ingurura joateko eta idazteko han ikusten zuen guztia. Quechan tribua —Yuma izenez ere ezaguna— bizi zen inguru horretan, kolonizazioen lehendabiziko urteetan zurien aurka matxinatu zirenak. Arrillaga eta bere armadaren atzetik ere quechan talde erraldoi bat zetorrela kontatzen du militarrak bere egunkarian, baita xehetasunak guztiekin kontatu ere. Asun Garikano idazleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Arrillagarena bezalaxe idatzitako testigantza gehiago bildu ditu Kaliforniakoak (1533-1848) liburuan. Kaliforniara esplorazio eta kolonizazio garaian joan ziren euskaldunek idatzitakoak dira. “Kontalariak ere baziren hara joandakoak, eta haien ikuspuntutik deskribatutako garaia azaltzen da liburuan”.
Izan ere, esploratzaileek ikusi eta sentitzen zuten guztia koaderno batean idazteko agindua zuten. Bai paisaia eta klimari buruz, baita hango tribuen bizimoduaren gainean ere. Guztia xehetasunez jaso behar zuten, eta horregatik garai horretako testigantza guztiak oso zehatzak direla dio Garikanok. “Modu horretan baitzeukan administrazio kolonialak lurralde horien berri”. Horiek hartu ditu oinarri idazleak liburua osatzerakoan.
Euskaldunen lorratzak Kaliforniaren sorreran garrantzitsu izan diren dokumentuetan aurkitu ditu Garikanok. Besteak beste, Vicente de Santa Maria fraide nafarrak idatzitako egunerokoa. Huimenak eta Huichiunak San Frantziskoko jatorrizko biztanleak zirela kontatzen duen lehendabiziko liburua da Santa Mariarena, gaur egun Kaliforniako historiako informazio iturri garrantzitsuena dena. “1760ko sanfrantziskotarrak nolakoak ziren, zein ohitura zituzten eta erabiltzen zituzten hizkuntzak bildu zituen Santa Mariak”.
San Frantziskoko itsasartea zeharkatu zuen lehen itsasontzi europarrak San Carlos izena zuen, eta hango kapitaina zen Juan Manuel Aiala Agirre. Historia liburuetan ageri da Fortun Ximenez dela Kaliforniako lurra zapaldu zuen lehen pertsona, Garikanok aipatu du haren jatorria euskalduna dela. “Fortun Ximenez Bertandokoa da haren izen osoa”. Dokumentazio lan ikaragarria egin du idazleak, eta aurkitu dituen zenbait datu “berriak” direlakoan da Garikano.
Ameriketara joandako euskaldunak izan zituen abiapuntu Garikanok Far Westeko Euskal Herria liburuan ere. Nevadara, ordea, “nahita” joan zela azaldu du. “Hara euskaldunen arrastoak aurkitzeko asmoa argiarekin joan nintzen”.
Kaletik ateratako liburua
Kaliforniakoa, berriz, “ustekabean” sortu zitzaion. 2010ean bidaiatu zuen hara, eta kalean bertan sortu zitzaion jakin-mina. “Standford edo San Frantziskoko leku askotako izenek euskal jatorria zutela konturatu nintzen, eta ez naiz ari kale kantoietako izenez, kale nagusien izenez baizik”. Anza izena zen gehienetan agertzen zitzaiona, eta horrek bultzatuta ekin zion izenen jatorria ikertzeari. Juan Bautista Anzak Kaliforniaren sorreran garrantzi handia izan zuela azaldu du Garikanok. “Besteak beste, berak egin zuen Mexiko eta Kalifornia lotu zituen lehenengo bidea; garai horretarako ikaragarrizko lorpena izen zen hori”. Eta bera izan zen, halaber, lehenengo kolonoak Kaliforniara eraman zituena. Bertako gobernadore ere izan zela gaineratu du idazleak.
Izen bakarra zena, izen sail bat bilakatu zitzaion, eta ikusi zuen bazegoela “errealitate bat, orain arte ezagutzen ez zena, ahaztua zegoena”.
Joseba Sarrionandia idazleak egin du liburuaren hitzaurrea, eta bertan aipatzen duen “Paisaia, izendatua eta kontatua, memoriaz betetzen da” aipuari erreferentzia egin dio idazleak. Horregatik, liburua memoria lanketa bat dela gaineratu du Garikanok. “Memoria historikoaren kontzeptua zabalago hartzen dugu, eta galdetzen dugu guk herri gisa daukagun historia. Uste dut memoria aberasteko baliagarri direla liburuan landu ditugun gaiak”.
Esplorazio eta kolonizazio garaietan idatzitako testuak izaki, Garikanok azaldu du zenbait gai samurrak ez direla. Horiek gaur egun gogoetari bide emateko baliagarriak direla gaineratu du. Historia kontatzen baitu liburuan: “Euskaldunena, baina, neurri batean, baita kaliforniarrena ere, azaltzen baitugu duela bi mendeko errealitatea garai hartako lekukoen deskribapenen eskutik zuzenean”.