Koldo Nuñez / 2013-11-28 / 691 hitz
Duela aste batzuk, Haiyan tifoiak Filipenetako uharteak zeharkatu zituen inoiz neurtu den haizerik indartsuenekin. Izan ere, tifoia itsasotik lurreratu zenean, haizeek orduko 315 kilometroko abiadura hartu zuten. Inoiz ez dira horrelako haizeteak neurtu datuak hartzen hasi ginetik. Hala ere, beste planeta batzuetan ez omen dira horren ezohikoak. Esaterako, egungo Marten haizeek urtaroetan har ditzakete horrelako abiadurak. Jakina, Marteren oraingo atmosferaren dentsitatea Lurrarenaren %1 bat baino ez da, eta hainbat lekuren arteko tenperaturen aldea izugarri handia da. Horrek eragiten ditu horren haize azkarrak.
Ez dago argi nola iritsi den Marte orain duen atmosfera izatera. Izan ere, duela milaka milioika urte, oso atmosfera trinkoa eta beroa izan omen zuen, eta ur kopuru izugarri handiak, ozeanoak barne, egon ziren planeta horren azalean. Bertan urik ez bada orain arte aurkitu ere, gero eta datu gehiagok adierazten dute inoiz ura oso ugaria izan dela planeta horretan. Azken urteotan hainbat espazio zunda iritsi dira Martera, eta milaka argazki eta datu bidali dituzte atzera berriz Lurrera. Esaterako, azken asteotan, Hebes Chasma arroilaren oso argazki onak ari gara lortzen. Honek ia 8 kilometroko sakonera du, eta ekialdetik mendebaldera zabaltzen da 315 kilometrotan. Lekurik zabalenean 125 kilometroko zabalera du, eta erdi aldean, lautada zabal bat altxatzen da. Hebes Chasma, Marteko Tarsis izeneko eskualde bolkanikoaren ondoan dago. Tarsis eskualdearen azpian magma pilatu egin zen Marteren historiaren lehenengo mila miloi urtetan, eta poliki-poliki inguru guztiaren azalera puztu egin zuen. Ondorioz, Marteren azala zatitu, failatu eta hautsi egin zen hainbat lekutan. Faila horiek Hebes Chasma arroilaren hormen hainbat tokitan ikusten dira gaur egun. Arroilaren ondoan eta adarretan, material bolkaniko eta sedimentario ugari aurkitzen dira, bai eta luiziak eta urak higatutako zintzurrak eta ubideak ere. Izan ere, garai batean arroila bera urez beteta egon omen zen, aztarnek adierazi bezala.
Urak higatu zituen ubide horiek modu naturalean. Hala ere, urte askotan Marteren mapetan ubide artifizialak marraztu ziren. Izan ere, 1882an Milaneko Giovanni Schiaparelli astronomoak bost urte lehenagotik aztertzen ari zen ehun bat ubideren aurkikuntza ezagutzera eman zuen. Ubide horiek Marteren eskualde oso urrunak lotzen zituzten era lineal batean. Milaka kilometro eta ehun kilometroko zabalera izatera iristen omen ziren. Inork ez zuen jarri aurkikuntza zalantzan, ordurako Marten izaki inteligenteak bizi zirela hasiak baitziren pentsatzen. Esaterako, hamar urte lehenago Flammarion izeneko astronomo frantsesak Marteko biztanleak dagoeneko deskribatu zituen. Bere hitzetan, itxura antropomorfoa zuten, baina seguru asko hegalak zituzten. Horiek horrela, ubideak izaki horien lana zirela inork ez zuen zalantzan jarri, eta Scientific American aldizkarian bertan garrantzi handia eman zitzaien aurkikuntza horiei. Hurrengo urteotan, astronomoek ubide gehiago deskribatu zituzten, guztira 500 bat, eta horiek planeta osoa zeharkatzen zuten. Ingeniaritzako horren lan handiek argi frogatzen zuten Marten oso zibilizazio aurreratu eta baketsua bizi zela, elkar errespetatzen baitzuten planeta osoan.
Dena den, XX. mendeak aurrera egin ahala, teleskopio gero eta hobeak erabili ziren, eta ubideak ilusio optikoak baino ez zirela frogatu zen. Hala ere, urarekin lotutako egituren aurkikuntza gero eta handiagoa da. Argi dago planetaren klima izugarri aldatu dela, eta garai batean bertan bizitza, maila batean edo bestean, posible izan zela uste da.
Gure planetaren eta Marteren hasierako historiek hainbat antzekotasun geologiko izan zituzten, baina garapen desberdinak. Martek ur librea kopuru handietan izatetik ia erabat deagertzera pasatu zen aspaldiko garai batean, atmosferaren galerarekin batera. Gure planetan, milioika urtetan, atmosfera ikaragarri aldatu izan da, eta horrekin batera, klima bera ere bai. Atmosferaren konposizioak eragin zuzena du klimaren gainean. Egun, gizakion jardueraren ondorioz, oso azkar ari da konposizio hau aldatzen. Ez dakigu Filipinetako tifoiaren indarra aldaketa horien ondorio zuzena ote den, baina zalantzarik ez dago atmosfera bera eta Lurraren beste hainbat ezaugarri ari direla aldatzen gure eraginez. Ez dakigu zehazki nolako ondorioak izango dituen horrek, baina badakigu gure espezierako oso ondorio negatiboak izango direla. Garaia iritsi da Naturarekin harremanetan bizitzeko. Ez dago konponbide erraz eta azkarrik. Dagoeneko egindako hainbat kalte ezin izango dira atzera zuzendu, baina has gaitezke kontrako bidea egiten. Marten, ez dakigu zergatik, izugarrizko aldaketak izan ziren, eta planeta idor eta bizitzarako ezina bihurtu zen. Ubide artifizialak ilusio optikoen ondorio izan ziren, baina gehienek benetakotzat hartu zituzten. Egun, Natura bera gure behar eta gustuetara mendera dezakegun ilusioarekin bizi gara gehienak. Hori ere ilusio bat baino ez da, eta ez bagara gehienak garaiz konturatzen, gure espeziearen kalterako baino ez da izango.