Hasier Rekondo / 2013-11-10 / 445 hitz
- Izenburua: Gauzen ordena naturala
- Egilea: Antonio Lobo Antunes
- Argitaletxeak: Alberdania, Erein eta Igela
Harrigarria da oso Antonio Lobo Antunesek (Lisboa, 1942) duela hogei urte baino gehiago Portugalen argitaratutako Gauzen ordena naturala (Alberdania, Erein, Igela) 2013. honetan argitaratu izana gurean Literatura Unibertsala bilduman. Euskal literaturaren atzerapenez haratago, are harrigarriago da tamaina honetako egile boteretsuak Nobel Saririk eskuratu ez izana orain arte, Suediako Akademiaren xede ulergaitzak nonbait; Saramagoren itzalpean dagoenaren aitzakia ahula da Lisboan 1942an jaiotako psikiatra eszeptikoaren literaturaren botere narratiboa kontuan hartuta. Dirdiraz beteta, itzulpena ondu duen Iñigo Roquek hitzaurre argigarrian nabarmentzen duenez, Lobo Antunesen xedeak ez dira hegaldi baxuko literaturarenak. «Goitik behera aldatu nahi dut eleberrigintza… Argumentua ez zait interesatzen: nahi nuke nire liburuak irakurgai baino gehiago bizigai izan daitezen». Argumenturik gabeko hedapen narratiboari jarraiki, erabateko eleberria eraikitzen du trilogia baten bigarrena den liburu honetan, aurretik idatzia baitzuen Tratado das Paixões (1990) eta ondoren argitaratu zuen A Morte de Carlos Gardel (1994).
Lobo Antunesen materiala gomuta da, oroimenaren argamasa moldakaitza darabil, hamar bakarrizketa ezberdin inongo muga arrazionalik gabe uztartu ahal izateko. Portugaleko historiaren epe ezberdinak, non 1975eko Iraultzak, Salazarren diktaduraren urte luzeek eta kolonietako garai galduek pisu berezia duten, kirurgia poetikoz kurritzen ditu egileak. Denbora plano ezberdinak profanatzen ditu, literatura goitik behera aldatzeko ahalegin prometeikoa xede. Horrela bada, Argonautak izenburuko bigarren atalean mintzatzen zaigun Domingos liteke esangurarik sinbolikoena Lobo Antunesen narrazio moldeen nondik norakoaz; errealitatetik ihes egiteko aukera bakarra irudimen poetiko sukartsua baita, eldarnioz eraikitako errealitateaz haraindiko erresuma. Domingosen xede nagusia lurpean hegan egitea da, Hego Afrikako meatzeetan lanean eman zituen urteak gomuta zoroz janzten ditu, beltzez mukuru dagoen lur zikinetik eta gertu duen heriotzatik ihes egiteko, herio dirudien bizitzatik ihes egiteko.
Atal ezberdinen arteko hari narratibo bakarra izan ez arren, eta honezkero badakigu argumentua ez dela garrantzitsuena, badira zenbait metafora narrazioaren egituran gomuten zolda gisa eransten direnak: lurpean hegan egitea, kaiola batean sartutako azeria, oin-hotsak goiko solairuan… Orobat, Antunesen literaturan lekuak ezinbesteko protagonista bilakatzen dira eta narrazio poetikoaren indar kromatikoa indartzen dute: Lisboako umezaroko Benfica, Johannesburg, Mozambike, Aljeria…).
Liburuak bost barne liburu ditu eta bakoitzean bi ahots txandatzen dira. Egitura horrek ez du batere errazten irakurketa erosoa, irakurleak ahalegin konplexuagoa egin beharko baitu egilearen mundu ez arrazionalean bete-betean murgildu nahi badu. Pertsonaien ugaritasunak, eta ahotsak arrasto lausotuaz aldizka agertzeak, areagotu egin lezakete narrazioan galtzeko arriskua. Nolanahi ere, Lobo Antunesen teknika narratiboen oparotasunak (paralelismoak, kontaketa ezberdinak lerro batetik bestera, onomatopeiak, isiluneak, puntuazio molde bitxiak eta abar) literatura handiaren ateak zeharkatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Literatura aldatu nahi izan duten idazleen gorpuz beteta dago literaturaren historia. Lobo Antunes ez da horien artean izango. Ondotxo baitaki literatura bizitza baino gehiago dela. Gauzen ordena naturala iraultzeko ezinbestekoa da hegaldi poetikoak eskaintzen duen askatasun irreala. Finean, lurpean hegan egitea.