Mia Couto: deseraikiz berreraiki

Ion Olano Carlos / 2013-11-17 / 756 hitz

Idazle mozambiketar batek inoiz jaso duen aitortzarik handiena egin diote: Camoes eta Neustadt sariak, urte berean. Berak dioenez, hizkuntza desantolatzearen plazer hutsez idazten du.

Zorigaitzak Mozambike hartu duen garaiotan, zorioneko bi sari jaso ditu Mia Couto idazleak (Beira, Mozambike, 1955) oso denbora gutxian. Sari potoloak, gainera, ibilbide osoari emanak: Camoes eta Neustadt. Azken saria jaso berritan, honako hau adierazi zuen: «Une goibelak bizi ditugu Mozambiken, itzultzen ari delako betiko desagertua uste genuen gerra. Hortaz, halako berri onak, nolabait, bihotz-altxagarriak dira niretzat».

Hain zuzen, hil honen hasieran iragarri zuen World Literature Today (WLT) aldizkariak: 2014an Coutori emango diote Nazioarteko Neustadt Literatur Saria. Hainbat kazetarik nobel amerikarra esaten diote sari horri, hain zuzen, azken 42 urteotan Neustadt saria jaso edo eman dutenen artean 30 Nobel saridun izan direlako. Edonola, Oklahomako Unibertsitateak (AEB), Neustadt sendiak eta WLT aldizkariak antolatzen duten sari horrek, 50.000 dolarrez gain —37.000 bat euro—, itzal handia egiten du literatur munduan.

Iragan ekainean, bestalde, Camoes saria egokitu zitzaion Coutori. Brasilgo eta Portugalgo gobernuek sortua, idazleen ibilbideak saritzen ditu, portugesaren literatur eta kultur ondarea «aberastu» duten idazleak saritzen ditu, beren ibilbide osoagatik. Hizkuntza horretako literatur sari nagusietako bat da —100.000 euro tarteko—, nagusiena ez bada. Hala ere, orain arteko sarituei begiratuta, argi geratzen da nondik ematen duten. Izan ere, hamarna saridun dituzte Brasilek eta Portugalek; bina Angolak eta Mozambikek; sari bakarra Cabo Verdek.

Lerro gurutzaketa

Luma-izena da Mia Couto, izatez, Antonio Emilio Leite Couto izenez ekarri baitzuten mundura.

Haren gurasoak, arrazoi politikoak tarteko, Portugaldik erbesteratu ziren Mozambikera. Idazlearen esanetan, gurasoak ezin zirenez itzuli, istorioak kontatuz berreraiki zuten jaioterria. «Gauero esertzen ziren gure ohe ondoan, eta istorioak kontatzen zizkiguten herriaz, familiaz, hainbeste gabesten zuten iraganaz. Hori eginez, lehenaldia orainaldi bilakatu zen, heriotza bizitza, eta ene gurasoak ume bihurtu ziren, gure pareko».

Une horietan kokatzen ditu Coutok bere lehen literatura txinpartak: «Istorio haiek sortzean gurasoek jartzen zuten grina, horixe izan zen literatur mundura sartzeko lehenengo gonbidapena. Gure etxean, halako Europa bat jaso nuen, baina muga horiez harago, Afrika ere kontagintzan ari zitzaidan, oso bestelako ahotsez, pentsamoldez, bestelako sentiera batez. Lerro gurutzaketa horren emaitza naiz ni, kontakizun eta bizipenen izaki mulato bat».

Medikuntza ikasten hasi bazen ere, bizitzaren norabidea aldatu zuen 1974ko Krabelinen Iraultzarekin batera. Idazletzara lotu zen buru-belarri, hala kazetaritzan nola literaturan, bere bidea urratuz, aitak defendatzen zuen idazkera marxista engaiatutik aldenduta. Orain dela 30 urte eman zuen argitara estreinako liburua: Raiz de Orvalho e outros poemas. Lehen lan hartako lehen poemaren amaieran, honela dio: «Nenhuma palavra / alcança o mundo, eu sei. / Ainda assim, / escrevo» (Ez da hitzik / mundua biltzen duenik, badakit. / Alabaina, / idatzi egiten dut).

Apurka-apurka, lerroz lerro, ospea biltzen hasi zen. Bai Afrikan, bai Amerikan, baita Europan ere. Fernando Dacosta idazle portugaldarrak honela dio: «Europako intelektualak, bera ezagutzean, harrituta geratu ziren: gizon gaztea zen Mia [Couto], emakume izena izan arren; azal zurikoa zen, ilehoria, begi argiak, afrikarra izan arren». Aurreiritziak erorita, harridurak iraun zuen, Dacostak dioenez. «Haren prosa are harrigarriagoa zen: ez zuen sexurik, ez arrazarik, ez araurik, ez bibliarik». Berriki ñabardura bat egin dio azken adierazpen horri Coutok berak, Gracie Jin kazetariarekin izandako elkarrizketan. «Enetzat, libururik garrantzitsuena libururik amaigabeena da, O Livro do Desassossego, Fernando Pessoarena. Hori da ene biblia».

Coutoren idazkerak hizkuntzaren kreole izaera aldarrikatzen du, Eduardo Agualusa idazle angolarraren iritzian: «Hitz bantuak portugeseratzen ditu, hitz portugesak banturatu —baita ingelesak eta frantsesak ere—, deseraiki egiten du, berreraiki». Gure hizkuntzan—Gari Berasaluzek Susa aldizkarirako itzulitako testuak salbu—ezin irakur dezakegu Couto, oraindik. Hala ere, euskal argitaletxe batek argitaratu ditu mozambiketarraren hiru lan, gazteleraz. Hain zuzen, Txalapartaren Gebara sailean atera ziren Cronicando (1996), Voces anochecidas (2001) eta Venenos de Dios, remedios del Diablo (2011).

Idazteko desarrazoiak

Kazetariek oraindik ere galdetzen diote Coutori zergatik idazten duen, eta berak, galdera horretara ohituta dagoenaren patxadaz, erantzuten du beharbada ez dagoela benetako arrazoirik, idazteak ihes egiten diolako arrazoimen horri. Azkenerako, etsi du, eta perlatxoa eman dio Jin kazetariari: «Idazten dut esklabotza forma moderno honi ihes egiteko; arrazoia eta errealitatea deritzogun mendetasun honi, hain zuzen ere».

Are gehiago: Coutok pentsatzen du gizakiak munduan daudela «mapak desobeditzeko, ipar-orratzak desasmatzeko; beren bokazioa da paisaiak desordenatzea». Bere herrialdean dagoen gerra-giroa kezka handiz ikusten du. Joan den hilabetean adierazi zuen bahiketek nabarmen egin dezaketela gora. Hain zuzen, handik datozen albisteak dira horren lekuko.

Nolanahi ere, betiko grina berarekin jarraitzen du Coutok lerroak idazten eta gurutzatzen, jakin arren mundua ezin dela hitz bakarrean bildu, idazten eta idazten, Mozambiketik mundura. «Gurea oso herrialde gaztea da, saiatzen ari dena bere identitatea aurkitzen eta sendotzen, hain zuzen, mundu batean non ez diren onartzen narrazio alternatiboak, ez badira halako folklorismo exotikoan lerratzen».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.