Nafarroako urratsak biltzeko atlasa

Iker Tubia / 2013-11-16 / 780 hitz

Ortzadar folklore elkarteak Nafarroako ia 300 dantza bildu ditu, eta guztiak batuko dituen artxiboa sortzeko lanetan ari da. NUPeko ondare ez materialaren artxiboarekin elkarlanean, nornahiren eskutan izanen da Interneten ireki duten atarian.

Aberatsa da Nafarroako ondare ez materiala. Dantza tradizionalaren alorrean ere, hamaika doinu eta urrats aurki daitezke Beratik Cortesera. Horiek guztiak biltzea da Ortzadar folklore elkartearen asmoa. Ia 300 dantza identifikatu dituzte, eta guztien fitxa sortzen ari dira. Hori da Nafarroako dantza tradizionalaren atlasa. Dantzek denboran izaten dituzten aldaketak antzemateko, informazioa biltzeko, zabaltzeko eta erakusteko balioko du, eta lana sarean izanen da behar duenaren eskura. Proiektu hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren barnean dagoen ondare ez-materialaren artxiboan gordeko da.

Proiektuaren bultzatzaileetako bat da Karlos Irujo, NUPeko irakasle eta Ortzadar elkarteko kidea. Azaldu duenez, Nafarroako dantza tradizionalaren behatoki bat sortzea da helburua, eta horren lan tresna izanen da atlasa. Helburu nagusia dibulgazioa dela azaldu du, baina zentzu zabalenean. Hau da, publiko orokorrak erabiltzeko parada izanen du, dantza tradizionalaren gaiarekiko interesa duenak, alegia. Baina ikerketa zientifikoaren esparruan dabiltzanentzat tresna egokia izanen dela aurreratu du, eta gaian sakontzeko aukera emanen duela. Izan ere, dantzen ezaugarriak bildu, eta haien bilakaera eta aldaketak aztertzeko balioko du atlasak.

Dibulgazioaren ikuspegi zabala du Ortzadar elkarteak. «Plataforma hau ez dugu sortuko dantzak zein historia duten eta nola bilakatzen diren erakusteko. Izan daiteke, dantzaren transmisioa bermatzeko eta baita hezkuntzarako ere», esan du Irujok. Hezkuntzaz hitz egiterakoan, dantzen analisia egin eta haiek erakusteko modu egokiena zein den azaltzeaz ari da. Irujoren aburuz, egokia izan daiteke unitate didaktikoak sortzea. Baina, oraingoz, atlasa sortzera doaz.

Lehenbiziko urratsa, errolda edo inbentario etnologikoa sortzea da. Nafarroako dantzak identifikatu, bildu, eta bakoitzari dagokion fitxa sortzea, alegia. Hori da atlasa. «Behatokia monitorizazioa da, eta atlasak Nafarroako dantzaren corpusa biltzen du», dio. Dantzak zikloka eta banaka sailkatu dituzte. Hau da, toki, erritu edo besta bati dagozkion dantzak lirateke zikloak: Lesakako zikloa bestetan dantzatzen diren dantzak dira; Cortesko zikloa makil dantzaren barnean biltzen diren dantza oro. Baina, dantza guztiak banaka-banaka ere bildu dituzte. Dantzen arteko alderaketak egiteko balio dute sailkapen horiek.

Irujok azaldu duenez, dantza asko errepikatu egiten dira. Adibide gisa aipatu du katadera dantza, toki batzuetan aulki dantza, eta beste batzuetan sille dantza izenarekin ezaguna. Aezkoan, Baztanen, Ultzaman edo Esteribarren, baina azken finean, dantza bera. Ingurutxoak ere anitz direla nabarmendu du. Hala ere, horietako bakoitzak fitxa bat izanen duela azaldu du.

Dantza bakoitza identifikatzeko ereduzko fitxa artxiboarekin adostu dute. Zenbaki bat egokitzen diote bakoitzari, laburpen txiki bat idatzi eta, batik bat, koreografiari, janzkerari eta musikari dagozkion ahalik eta datu gehien aipatzen dituzte. Dagoeneko hasi dira fitxa batzuk betetzen.

Sarean eskuragarri

Fitxa guztiak NUPeko artxiboan gordeko dira, Ortzadar elkartearen aburuz hori baita plataformarik egokiena. Dagoeneko sortuta dagoen plataforma izaki, ez dute berri bat sortzeko beharrik. Gainera, egiletza aitortu egiten du. Dena den, erabilera publikoa izanen da erabat. «Herriaren kultura herriarena da; beraz, norberak erabil dezake nahi duen moduan», azaldu du Irujok. Dena eskuragarri egonen dela azaldu du, eta saretik hartzeko parada izanen dela.

Internetek ematen dituen aukera guztiak baliatuko ditu atlasak. «Atal bakoitzari ahalik eta zabalpen handiena eman nahi diogu: bideoa, argazkiak, partiturak, musika…». Bide horretan, dantzaren protagonistekin batera lan egiteko prest dagoela azaldu du Irujok. «40 urte daramatzagu dantzaren munduan, eta dantzari buruz hainbat ezagupen ditugu, baina, hala ere, besteen partaidetza nahi dugu. Gu proiektuaren gidari izanen ginateke».

Webgunea prestatzeko lanetan dabiltza oraindik, baina Eguberrietarako dena prest izatea espero dute. Hasieran, www.dantzaatlasa.com helbidean, eta www.dantzaatlasa.eus 2014. urteko apiriletik aurrera.

Bizirik zein hilik

Dibulgazioa ez da Ortzadar elkarteak zentzu zabalean ulertzen duen kontzeptu bakarra. Ondare ez-materialaren interpretazio zabalagoa egin du Irujok. Esan duenez, nonbait edo noizbait aipatu diren dantza oro bilduko ditu atlasak, nahiz eta egun bizirik ez egon. Hala ere, kontuan hartu dute dena ez dela ondare gisa izendatzen: «Ondareak bizirik egon behar du; [dantza] batzuk ez daude bizirik; beraz, ez dira ondare izango, baina guk ez dugu lana ondare denarekin bakarrik egin nahi; gure lana dantzari dagokio, bizirik edo hilik», azaldu du Irujok. Batzuk dagoeneko dantzatzen ez badira ere, sarri urratsak edo melodiak ezagunak dira.Herrietan dantzatzen ez direnak albo batera utzita, haien erroldako dantza kopurua 120 ingurura jaitsiko litzatekeela aitortu du.

Bestalde, gogora ekarri du galdurik zeuden dantza asko berreskuratuak izan direla, eta orain badirela ondare. «Dantza taldeek museoen halako funtzio bat bete dute: herrian hilik zegoen ondare bat gordetzen dute, mantentzen dute bere horretan, eta gero, herrian ondare izatera heldu daitezke». Horren adibide jarri du Ortzadar elkarteak berreskuratutako Erriberako hainbat makil dantza, egun herrietan bizirik direnak.

Bestetik, dantza berriak aipatu ditu. «Dantza batzuk herriaren tradizioan txertatzeko bokazioarekin sortzen dira, adibidez, Iruñean, Tuteran…». Horiek ere atlasean sartu behar direlakoan dago Irujo. «Agian ez dira Museo Etnologikoak egingo duen zerrendan sartuko, baina gurean bai», dio. Webgunea heldu den hilabetean zabalik egonen bada ere, luzera begirako proiektua izanen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.