Nerabeak protagonista

Ana Galarraga / 2013-11-14 / 364 hitz

Ikerketa medikoetan gizonezko helduak izan ohi dira protagonistak. Oro har, haiek dira neurria, eta haien arabera hartzen dira neurriak. Hala ere, arloa zein den, beste batzuk izaten dira protagonista nagusiak: emakumezkoak, zaharrak, haurrak eta gutxitan, oso gutxitan, nerabeak. Horregatik harritu naiz, aste berean eta nahigabe, haiei buruzko hiru ikerketa topatu ditudanean; horregatik izango dira haiek zutabe honen protagonista.

Lehen ikerketa Science zientzia-aldizkariaren webgunean azaldu da. Nerabetasunaren berezko ezaugarrietako bati buruzkoa da. Izan ere, badira nerabe zuhurrak, zentzudunak, neurritsuak, ezer egin aurretik ondorioak aurreikusi eta aintzat hartzen dituztenak. Baina gehienek ez dute horrela jokatzen; normalean, arriskuak alde batera utzi eta ausart(egi) jokatzeko joera izaten dute. Berez dira horrelakoak, nonbait.

Zientzialariak —filosofoak, gurasoak eta irakasleak bezala— joera horren arrazoia ulertzen saiatu izan dira. Azalpen klasikoen artean heldutasun-falta dago, zehatzago, garunaren heldutasun-falta. Alabaina, arrazoi horrek ez ditu adituak asetzen: Science zientzia-aldizkariko erredaktoreak gogorarazten duenez, hori horrela balitz, haurrak nerabeak baino are zuhurtziagabeak izango lirateke. Ez da horrela gertatzen, ordea; gaztetxoak haurrak eta helduak baino eroagoak dira, eta ez diete kasurik egiten ingurukoen oharrei.

Horixe erakutsi dute Science-n azaldutako esperimentuan. 6-29 urteko 83 boluntario ordenagailu banaren aurrean jarri zituzten, eta denei agindu bera eman zieten: pantailan aurpegi bat azaldutakoan, botoi bat sakatu behar zuten, aurpegiak keinu mehatxatzailea zuenean izan ezik. Nerabeek gainerakoek baino % 15 aldiz gehiagotan sakatu zuten botoia sakatu behar ez zutenean, eta mutilek neskek baino sarriago.

Horrekin batera, ikertzaileek erresonantzia magnetikoaren bidez, boluntarioen garunen irudiak jaso zituzten, eta ikusi zuten aldea emozioen eta erabakien kontrolarekin erlazionatutako gune batean zegoela (vmPFC). Ikertzaileen esanean, esperimentua baliagarria izan da nerabeen jokabidea ulertzeko.

Beste bi ikerketak The Lancet medikuntza-aldizkariak plazaratu ditu. Biak Nazio Batuen Erakundearen aginduz daude eginda eta biek dute gaitzat nerabeen osasuna, baina oso ikuspuntu desberdinetatik heldu diote gaiari batak eta besteak.

Lehena garapen-bidean dauden herrialdeetan haurdun geratzen diren nerabeei buruzkoa da. Haren arabera, urtean 15 urtetik beheragoko bi milioi neska ama bilakatzen dira. Gainera, zenbaki hutsei ez ezik, inguruari ere begiratu diote, eta ez dute egoera ezkutatu: haurdunaldi horiek zapalketarekin, pobreziarekin eta presioarekin lotuta daude.

Bigarrenean, Europako gazteen osasunean eragiten duten faktore sozialak aztertu dituzte. Bat nabarmendu dute besteen gainetik: langabezia.

Azkenean, zutabe honen protagonista izan dira nerabeak, baina, aurretik, hiru ikerketetatik bitan, biktima ere badira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.