Iñigo Astiz / 2013-12-12 / 721 hitz
Orain dela 500 urte idatzi zuen Nicolas Machiavelo idazle florentziarrak bere lanik ezagunena: ‘Printzea’. Eta haren gaurkotasuna azpimarratu dute adituek haren urteurrenean.
Lorenzo Mediciren gortea, Florentzian, XVI. mendea. Tronuan eserita, agintariak, harrera ekitaldia gidatzen du, eta hari opariak eramaten dabiltza menpekoak. Sartu dira bi gizon aretoan, opari banarekin. Bi ehiza txakur eder daramatza batek, plantakoak. Eta liburu bat besteak, ez luzeegia: Il Principe. Pozik agintaria ekitaldian jasotakoekin. Pozik, txakurrekin, batez ere. Haiek erakarri dute haren arreta. Ederrak dira, izan ere. Eta hor bazterrean, nonbait, liburua. Printzea. Nikolas Makiaveloren lan ezagunena (San Casciano in Val di Pesa, Florentzia, 1469- Florentzia, 1527). Ez du argirik ikusiko 1532era arte. Ez zuen hasiera erraza izan italiar pentsalari eta idazle nagusietarikoaren liburuak, baina oraindik ere erreferentziazko lana da. Bizia. 1513an idatzi zion Francesco Vettori lagunari pieza bukatua zuela esateko. Azken ukituak zituela faltan. Eta, beraz, aurten bete ditu liburuak 500 urte. Laudatua eta kritikatua, aspaldi hil ziren txakurrek baino laztan gehiago jasoa du jadanik.
Nola izan agintari, horra liburuak kontatzen duena. Printze izateko gida moduko bat, eta botereari buruzko tratatu bat. Garaiko generoko beste gidak bezalakoa, eta era berean bestelakoa. Egin behar litzatekeena bazter utzita, egin behar denari buruzko testu bat. «Realpolitik eskuliburu bat», zenbait adituk aipatu dutenez. Eta gordina da horregatik Makiaveloren tesi orokorra: «[printzeak] gauza izan behar du ongitik ez urruntzeko, ahal duenean, eta gaizkia egiteko ere bai, beharrezkoa denean». Eta horra, beraz, gerora topiko bilakatzera heldu den hitzaren arrazoia. Makiabelikoa. Baina topiko bat baino gehiago ere eskaintzen du liburuak. Eta hor haren indarra.
Errenazimentuko gizona zen Makiavelo, eta Florentziako bigarren kantzelari eta jaurerriko idazkari izan zen. Errepublikako magistratuarentzat lagungarriak izan zitezkeen txostenak idaztea ere egokitu zitzaion, eta gai politikoen eta militarren inguruan ematen zion aholku nagusiki. Eta hori da liburuaren oinarrian dagoena. Hala aitortzen du liburuan Lazaro Mediciri egindako eskaintzan. «Ez dut aurkitu nire ondasun guztien artean ezer baliotsuago edo nik gehiago estimatzen dudanik gizon handien ekintzen ezagutza baino, gaur eguneko gauzen eskarmentu luzeari eta antzinakoen irakurketa etengabeari esker ikasi ahal izan dudana». Eta jakintza horixe oparitu zion Makiavelok Medicitarrari. Liburu bat, ehiza txakur faltan.
Humanismo ukitua
Garaiz garai egin du bidaia lanak, eskuz esku, baita hizkuntzaz hizkuntza ere. Ingalaterra isabeldarrak deitoratua, Napoleonen eskuliburu izana, eta Hegelek laudatua, 1983an heldu zen lehenengoz euskarara. Iñaki Azkunek egin zuen itzulpen hura (Elkar-UEU), eta Juan Martin Elexpuruk egin zuen bigarrena, 2008an (EHU). Sakon irakurri zuen lana horretarako, eta harridura du gogoan. «Harri eta zur uzten duen liburua da bere gordintasunagatik». Baina gordintasun horretan, puntu humanista bat ere aitortzen dio idazleari. «Boterea lortzeko eta hari eusteko zer egin behar duen esaten dio Printzeari (agintariari). Gizakiaren, eta batez ere giza taldeen psikologiaren ezagutza sakona erakusten du. Eta trikimailu guztiak ontzat ematen ditu helburua lortzeko, baita traizioa eta sarraskiak ere. Baina beti gauza bat errepikatzen du: herriaren onespenik ez duen agintaria erori egingo da lehenago edo geroago. Zentzu horretan, ukitu humanista eta aurrerakoia ere baduela esan daiteke». Eta irakurketa bi mutur horietara lerra daiteke irakurketa.
Nafarroaraino luza daiteke, gainera, Makiaveloren gogoeten soka. Italiako Batasunaren aitzindaritzat ere har daitekeela dio Elexpuruk, eta hor dator Nafarroako Erresumari buruzko aipamena. «Italia zazpi edo zortzi hiri-estatutan banatua zegoen orduan, eta Makiavelok amorruz ikusten du Frantziak eta Espainiak penintsulan zuten agintea —Napoli eta Sardinia Espainiaren mende zeuden, esaterako—. Aragoiko Fernando dauka printze eredutzat. Gaztela eta Aragoi batu dituelako, eta Nafarroa bereganatu, liburua idatzi zuen garaian. Horrelako bat nahi luke berak Florentziarako, eta bide batez, Italiarako».
Gizakiari buruzko irudia
Eta, hain zuzen ere, hori bera da Iñaki Vazquez Larrea filosofia ikerlariaren ustez liburuaren lorpen nagusietarikoa: aginte eredu baten beherakada igarri izana. Elexpuruk egindako itzulpenaren hitzaurrean datoz haren hitzak: «Printzea benetako modernitate-mugarria bada, honakoagatik da: Makiavelo jabetu zelako arkaismo bat zela hiri-Errepublika italiarra, eta, gainera bazekien gainbehera zihoazela ordura arteko unibertso morala eta res publica erromatarrarekin lotutako leialtasun-ohiturak».
Gaurkotasunik baduen? Baietz dio Elexpuruk: «Esaten dute politiko eta bankari askoren gau-mahaiko liburua dela. Baliteke. Pertsonaren botere-grinak ez dira gehiegi aldatu azken bostehun urtean, eta horregatik liburuak ez du gaurkotasuna galdu». Eta ez da bereziki Ionbera Makiavelok gizakiaz duen irudia. Orain 500 urtekoa da erretratua: «Izan ere, gizonez zera esan daiteke gehienetan: esker txarrekoak, aldakorrak, itxuratiak eta maltzurrak direla, arriskuaren etsaiak eta ondasun zaleak; eta mesede egiten diezun bitartean, zureak dira erabat, dena eskaintzen dizute, odola, ondasunak, bizitza eta baita seme-alabak ere, goian esan dugun bezala, behar ez dituzun bitartean. Baina unea heltzen denean, bizkarra ematen dizute».