Javier Diaz Noci, Pompeu Fabrako katedraduna: «Kazetaritzaren ikuspuntutik, mesedea egin zuen Napoleonek»

Adrian Garcia / 2013-12-10 / 634 hitz

Lehen argitalpenetik Interneten garairaino. Euskal Herriko kazetaritzaren historia jaso du Diaz Noci katedradunak azken liburuan.

Euskal Herriko kazetaritzaren historiaren «ikuspegi orokorra» emateko asmoarekin idatzi du azken liburua Javier Diaz Nocik (Gasteiz, 1964), Bartzelonako Universitat Pompeu Fabrako katedradunak: Historia del periodismo vasco (1600-2010), Eusko Ikaskuntzak berriki argitaratua.

Noiz hasi zen kazetaritza Euskal Herrian? Inprenta sortu aurretik nola zabaltzen ziren informazioak?

Aldizkako argitalpenak inprentarekin hasi ziren, noski. Baina aurrekariak askoz lehenago errotu ziren. Baladak zeuden, eta horietako batzuk informaziozkoak ziren. Aguraingo suteari buruzkoak bazeuden, adibidez. Ahozko komunikazioa oso garrantzitsua zen, kontua da aztarna gutxi daudela. Bilbora 1577an ekarri zuten inprenta lehenengoz, baina askoz ere beranduago etorri ziren kazetak.

Donostia argitalpen ekoizpen puntu garrantzitsua izan zen.

Lehenengo aldizkaria Donostian argitaratu zuten, XVII. mendearen bukaeran. Garai hartan hasi zen kazetagintza, hau da, kazeten ekoizpena, baina ez kazetaritza; hori beste gauza bat da. Huartetarrak ziren Gipuzkoako inprimatzaile ofizial bakarrak. Martin Huarte aitak, baina batez ere Bernardo eta Pedro semeek argitaratu zituzten kazetak. Erlazioak ere argitaratzen zituzten; berri bakarreko inprimakiak. Irundik etortzen ziren Europako erdialdeko berriak.

Noiz egin zuten egunkarietarako jauzia?

Egunero argitaratzen ziren argitalpenak ez ziren azaldu oso berandu arte. Lehena XIX. mendearen erdialdean argitaratu zuten, Bilbon: Villa de Bilbao. Aldizkariak zeuden ordura arte.

Zer eragin izan zuen Napoleonen inbasioak kazetaritzan?

Napoleonen eragina oso nabaria izan zen, baita inbasioaren aurretik ere. Napoleonen ideiak zabaltzeko gaztelaniaz idatzitako kazetak sartzen ziren Baionatik. Kazeta horiek, baita inbasioak iraun zuen bitartean kaleratutakoek ere, eredu berri bat ezarri zuten: Europako eredu liberala. Napoleonek alde egindakoan, liberalek martxan jarri zituzten lehen kazetek, La papeleta de Oyartzun-ek, El Bascongado-k Bilbon eta El Correo de Vitoria-k, eredu hari jarraitu zioten. Kazetaritza modernoa liberalismoaren haurra da. Ikuspegi horretatik, Napoleon Bonapartek mesede egin zuen.

Karlistaldiek zer eragin izan zuten eredu horretan?

Karlismoak liberalengan erreakzio bat piztu zuen. Horren isla nabariena aldizkari ofizialen sorrera da. Hego Euskal Herrian inoiz egunkari batean euskaraz argitaratutako lehen testuak Donostiako liberalenak dira. Liberalek 1734an baimena eskatu zieten erreginari euskara hutsezko aldizkari bat argitaratzeko. Nekazari euskaldunak beraiengana erakartzeko komunikabide modernoak behar zituzten. Azkenean, gaztelaniaz egin zuten, euskarazko testu batzuekin.

Noiz argitaratu zuten euskara hutsezko lehen argitalpena?

Agosti Xahoren 1848ko Uskal-Herriko Gaseta izan zen lehena, baina ez zuen jarraipenik izan; pare bat zenbaki argitaratu zituzten. Lehenengo astekari iraunkorrak Ipar Euskal Herrian argitaratu ziren; Le Réveil Basque eta Eskualduna, 1887an. Resurreccion Maria Azkue da euskarazko prentsako izen nabarmenena. Bi astekari abiarazi zituen, Euskazale eta Ibaizabal. Garrantzitsuak dira alderdien menpe ez zeudelako. Euskara bultzatzea eta euskaraz argitara zitekeela frogatzea zen helburua.

Zergatik sortu ziren hain berandu euskarazko argitalpenak?

Aldagai asko daude. Hasteko, ez dago garbi irakurlerik bazegoen. Euskaldunak egon bazeuden, baina euskarazko alfabetizazioa oso ahula zen. Irakurtzen zekien jendea oso gutxi ziren. Ez zen kasualitatea Azkuek aldi berean lehenengo ikastola sortzea Bilbon. Haurrak ziren itxaropena. Euskararen batasun ezak ez zuen lagundu.

1936ko gerran sortu zen euskara hutsezko lehen egunkaria.

Gerran, euskarazko prentsarentzat oso berri ona eta ezohikoa suertatu zen: Eguna euskara hutsezko lehen egunkaria sortu zuten. Zer gertatuko zen gerra frankistek irabazi ez balute?

II. Mundu Gerrak zer eragin izan zuen euskarazko prentsan?

Sekulako eragina izan zuen Ipar Euskal Herrikoan. Eskualduna nazien alde lerratu zen; Hitlerren hitzaldiak itzultzen zituzten. Bere testuinguruan ulertu behar da hori. Gazte asko hil ziren I. Mundu Gerran, eta naziek Frantzia okupatu zutenean gauzak beste modu batera ikusi zituzten. Frantzia askatzean Eskualduna debekatu zuten, eta Herria sortu zuten. Azken hori ez zen horren politikoa.

Frankismoaren ostean hasi zen euskarazko komunikabideen berpizkundea.

Euskarazko irratiak frankismoaren azkenaldian eman zituen lehen pausoak. Herri Irratia sortu zen, eta, ondoren, EITB euskarazko ikus-entzunezko proiektua. Eredu berezia da, hizkuntza propioa duten beste tokietan ez bezala, gaztelaniazko beste kateak eta irratiak baititu.

Internetek komunikabideetan izandako eragina ere aztertu duzu.

Sareak iraultza ekarri du, baita kezkatzeko arrazoiak ere. Informazioa jasotzeko erak eta negozio eredua erabat aldatu ditu. Inork ez daki nondik nora doan eredu hori. Dakiguna da dena hankaz gora jarri duela.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.