Iker Tubia / 2013-12-17 / 875 hitz
Nafarroa Garai eta Behereko 1.500 kantu bildu ditu Txema Hidalgok bi liburutan. XV. mendetik 36ko gerrara artekoak dira, eta hainbat datu, partitura eta hitz jaso ditu.
Antzinako Nafarroari buruzko argazki bat baino gehiago, pelikula bat da, euskaraz». Hitz horiek erabili ditu Txema Hidalgo iruindarrak, argitaratu berri duen bilduma aurkezteko. 1.500 kanturen doinuak, partiturak eta hitzak jaso ditu, XV. mendetik 36ko gerrara bitartean kantatutakoak. Bi baldintza baizik ez dituzte betetzen: denak dira Nafarroakoak, eta denak euskaraz. Halaxe sortu du Nafar aire zaharretan, bi liburukiz osatutako bilduma.
Lau urteko lana izan da, baina Hidalgo kontent da emaitzarekin. Bere kabuz argitaratu ditu liburuak, nahiz eta Euskokultur fundazioaren eta Euskal Kantuzaleen Elkartearen babesa jaso duen. Harritu ere egin da ale guziak saldu dituelako. Erantzuna ikusirik, bigarren edizioa aterako du, handik eta hemendik baitabiltza haren atean jotzen. Bi liburuki mardul dira, eta disko bat ere biltzen du kantu guztien doinuekin. Midi formatuan daude; beraz, ez dira patxadaz aditzeko edo gozatzeko, partiturak irakurtzen ez dakienak melodia ezagutzeko baizik.
Ez dira soilik hitzak ageri; partiturak ere badaude, eta, haien azpian, silabaz silaba transkribatu ditu hitzak. Gainera, kantu guztiek fitxa bat dute: izenburua, egilea —gehienetan herrikoiak badira ere— eta nork bildu duen zehazten da bertan, eta batzuetan informazio gehiago ere jasotzen da. Liburukien lehenbiziko orrialdeetan, hiru aurkibide sortu ditu Hidalgok: kantuak alfabetikoki ordenaturik dauzkana, herriaren arabera sailkatzen dituena eta kantu moten araberako sailkapena egiten duena.
Hidalgok azaldu duenez, bilduma argitaratzeko ideia atzetik dator. Zortzi urte inguru dira hark eta beste kantuzale batzuek Iruñean Kantuz egitasmoa martxan jarri zutela. Euskal Herriko beste hiriburuetan bezala, euskal kantu zaharra karrikara atera, eta kantatzeko tradizioa aldarrikatzeko asmoz abiatu zuten.
Baina hutsune bat antzeman zuen Hidalgok: «Zuberoara kantatzera joaten naizenean, kantatzen duten ia guztia Zuberoakoa da, eta badakite haien abestiak direla. Gipuzkoan, Donostian, Euskal Herri osokoak kantatzen dituzte, noski, baina bertako kantuak nabarmenduz». Nafarroan, baina, ez zekiten zer kantatzen zuten; beraz, kantutegietan murgildu zen Hidalgo, bertako kantuen bidez. «Gutxi izanen zirela uste nuen, dozena pare bat besterik ez, baina hasi nintzen Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegiekin, eta, aizu, %40tik goiti Nafarroakoak ziren», azaldu du.
Hain zuzen ere, lan mardul hori aurrera ateratzeko, ezinbestekoak izan ditu Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostiaren lanak. Hidalgok aitortu duenez, haiek Nafarroan ziren kantu gehienak bildu zituzten; hortaz, haien kantutegietatik atera ditu bildumako gehienak. Ez dira, baina, iturri bakarra, luzea baita arakatu dituen artxiboen zerrenda. Gainera, liburukietan beste batzuek aurkitutako kantuak ere jaso ditu. Adibidez, Jesus Mari Satrustegiren eskutik lortu zuen Bordel bertsolariaren lan guztia. Kasu batzuetan, zoritxarrez, ez du doinua biltzerik izan, eta bertso idatzia baizik ez du aurkitu. Beste batzuetan, lortu du doinua; adibidez, Angel Aitzinbururekin, hitz batzuei musika jartzeko aukera izan du.
Kantu berririk ere bada liburuan, Hidalgok berak bertatik bertara ezagutu dituenak. Oso gutxi dira, ordea: hamabi inguru baino ez. «Oso zaila da orain dela ehun urte aurkitu ez zuten zerbait topatzea», azaldu du iruindarrak. Kasurako, Larrauneko erronda kantu berri batzuk aurkitu ditu. Erronkarin ere bazen orain arte jaso gabeko kanturen bat, baina, horiek erdaraz izanik, ez ditu liburuan bildu.
Bestalde, Azkuek eta Aita Donostiak egindako lana osatu egin du kasu batzuetan. Hainbat bertso ez zituzten bildu, egokiak ez zirelakoan. «Luzaiden Hijas de Maria eskolan afera itsusi bat izan zen apaiz baten eta Mariaren Alaba baten artean, eta, Aita Donostia apaiza zenez, ez zuen bildu nahi izan; zentsuratu egin zuen, eta soilik bi bertso hartu zituen. Ez zuen deus kontatzen», esan du.
Azkuek ere ez zituen kantu guztiak bere horretan bildu. Adibidez, Garia saltzen kantu zaharrean zati bat kendu zuen, desegokia zelakoan. «Bertso paperak ikusten, Zabalarekin eta, bertsoa berregin genuen. Esaten zuen ‘gorputzaren truke’, ez zen hain larria, baina zentsuratu egin zuen». Beste batzuetan, gutxieneko mailarik ez zuten bertsoak moldatzen zituen. Hala, Hidalgok bertso horietako batzuk osatzeko aukera izan du, eta bi bertsioak bildu ditu liburuetan.
Garaian garaiko lekuko
Liburuaren egileak hainbat onura ikusi ditu bildumaren atzean. Alde batetik, Nafarroako euskal identitatea nabarmendu nahi du. «Nafarroako herriari eskaini nahi diot, bere nortasun eta hizkuntzarengatik harro egon dadin», esan du. Gainera, azaldu du garaian garaiko kontuak eta istorioak ezagutzeko modu bat ere badela. «Kantu hauetan, ikus ditzakezu Belateko lapurrak ebasten, haiek urkatzen, karlistak gerrara joaten edo itzultzen, apaizak ez dakit nor engainatzen emakume batekin…».
Gertakari nagusiak bertsoetan bildurik daude. Adibidez, liburuan jasotako kanturik zaharrena 1494koa da. Joanes Albretekoa Katalina Foixekoarekin ezkondu ondoren koroatzean botatako bertsoak dira, hain zuzen ere.
«Gurea bezalako herri batean, kultura ahoz transmititu da; beraz, kantua funtsezkoa da. Dena kantatzen zen, eta momentu oro: elizan, lanean, ardiak zaintzen, emakumeek garbitzen edo artoa hostokatzen… Badira sehaska kantak, haur kantak, jolas kantak…». Baita urkatu aurreko bertsoak ere. Hidalgok bitxikeria hori nabarmendu du: hau da, liburuan urkabe kantak jaso dituela. «Jendea urkatu aurretik, bertso batzuk kantatzen ziren esanez ‘begira nola nagoen honengatik’, jendeak ikas zezan», azaldu du.
Nafarroako euskara
Hidalgok beste ezaugarri bat azpimarratu du liburuan, hau da, Nafarroako euskalki eta azpieuskalki guziak biltzen direla: Garesen mintzatzen zena, Izarbeibarkoa, baita Iruñekoa ere, hango hamabi kantu jaso baititu. Dena den, gehienak iparraldekoak dira; herri gehienetakoak bildu ditu, eta, haiekin batera, mintzaira: erronkariera, zaraitzuera, Baztangoa, Bortzirietakoa, Sakanakoa…
Azkenik, euskaldunen kantatzeko tradizioa indartzeko asmoa azaldu du Hidalgok. Kezkaturik dago, kantu gehienak ahantzi egin direlako: «Toki askotan, kantatzeko gustua ere galdu da, eta gure herrian funtsezkoa zen hori. Ezin zen ulertu kanturik gabeko bazkari bat». Galera hori gelditzeko tresna izan daiteke nafar aireen bilduma.