Anjel Lertxundi / 2014-01-22 / 121 hitz
Nerabe euskaldun peto askok gero eta lehenago egiten omen du gaztelerara jauzi. Orain gutxi arte, hamasei-hamazazpi urterekin gertatzen zena behera eta behera egiten ari omen da adin-eskalan. Hamahiru urte ingururaino. Edo are beherago.
Alkoholaren paralelismoa datorkit burura, prozesu bertsuaren bi ertzen tankera hartzen diet biei. Bi prozesuek ispilu bera dute: kaleko mundua, arriskuz betea (Ez sartu han! Ez edan! Goiz erretiratu!), baina tabuaren erakarmenarekin. Gaztelania ere bete-betean sartzen da eskema horretan: gurasoen agindua aratza da (euskaraz!), baina kalea, gaztelaniarena. Alkoholak eta gaztelaniak —bakoitzak bere gisa, baina kalean topo eta topa eginez— debekuaren lilura dute.
Helduen mundura iragan nahi duten neska-mutil batzuen iniziazio-errituaren ikuspegitik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du arazoak. Kezkagarria, noski, baina diagnosi zuzena da kezkak gainditzen hasteko lehen garaipena.