Erredakzioa / 2014-01-12 / 202 hitz
Euskal sortzaileen lanak European Library eta Europeana liburutegietan izango dira aurrerantzean.
Europako liburutegi digitalek ezarritako baldintza teknikoak bete ondoren, Euskal Liburutegi Digitala atxiki zaie europar ondarearen eta artxibo digitalen sarbidearen eremuan dauden bi erreferentziei, eta modu horretan, dokumentu funtsak hornitzen dituzten liburutegietako bat bilakatu da.
European Library eta Europeana dira europar liburutegi digital bakarrak. Europako Batasunak bultzatuta, European Library 48 liburutegi nazionalez eta unibertsitateko ikerketa zentroz osatuta dago. Europeana, berriz, Europako dokumentu funts digitalak gordetzen dituen europar errepositorio bat da.
Liburuklik —Euskal Liburutegi Digitala— Europako liburu digitalei atxikitzea «Eusko Jaurlaritzak eta Euskadik egindako lanaren aitortza» da Jaurlaritzaren beraren iritziz. Era berean, etorkizunean «tresna baliagarria izango da Euskadiko kultura eta ondarea nahiz euskara atzerrian sustatzeko». Imanol Agote Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak adierazi duenez, Europako liburutegi digitaletan sartu izana «jauzi kualitatibo bat» egiteko aukera bat da, «horren bidez sarbide librea ahalbidetzeko, munduko edozein herrialdetatik, euskal autoreek sortzen dituzten eta euskal gizartearekin zerikusia duten gaiei buruzko kultur eduki publikoetara».
Euskal Liburutegi Digitala 2011ren amaieran abiatu zuten, eta bi milioi orrialde digitalizatu baino gehiago ditu. Besteak beste, 3.800 monografia, 265 partitura eta 43 inkunable biltzen ditu. Baita aldizkari eta prentsa historikoaren 67 izenburu, hala nola El noticiero bilbaíno, OPE: Oficina Prensa Euskadi eta El pensamiento alavés-enak.