Ion Olano Carlos / 2014-01-12 / 723 hitz
Zenbaki borobila da ehun; izatez, bi aldiz biribil. Aitzakia hori tarteko, mendebaldeko hainbat literatur ikur omenduko dituzte aurten: Julio Cortazar, William S. Burroughs, Romain Gary, Dylan Thomas…
Bonba bat, hori zela mundua 1914an, hala dio Hector Anaya mexikarrak. «Iraultza garaiko borroka armatua zegoen Mexikon; I. Mundu Gerraren atarikoetan zebilen Europa; Estatu Batuetan kolapso ekonomiko bortitzak 1929ra eramango zituen; Malvinetan borrokan ari ziren Alemania eta Ingalaterra». Urte hartan, giro horren erdian, zenbat literatur ikur sortu ziren ikusita, harri eta zur dago Anaya. «Orain dela ehun urte zehatz jaio ziren XX. mendea markatu zuten egile handiak. Honakoez ari naiz: Marguerite Duras, Dylan Thomas, Octavio Paz, William S. Burroughs, Julio Cortazar, Nicanor Parra eta Oscar Lewis, alajaina. Omenaldiz josita egongo da, horrenbestez, 2014a».
Idazleen Egutegia delakoa editatzen hasi zen orain dela 11 urte Mexikon, bertako eta kanpoko egileen pentsamendua ezagutarazteko xedez. Aurtengo alea, nola ez, mendeurreneko idazleei eskaini die Anayak. Aipatu horiez gain, ia sei dozena gehiago topatu ditu, 76 idazle orotara. Tartean lau mexikar: Nobel saridun Paz, Efrain Huerta, Jose Revueltas eta Maria del Carmen Millan. Argentinako bi idazle handi ere ageri dira zerrendan: Cortazarrekin batera, Adolfo Bioy Casares. Gainontzeko gehienak europarrak dira, esate baterako, Bohumil Hrabal txekiarra. Dena den, latinoamerikarren artean, ezin azpimarratu gabe utzi Nicanor Parra antipoeta txiletarra, bide batez, mendeurrenean bizirik den bakarrenetakoa baita.
Hamaika jaunen aldean, zerrendako andreak 11 baino ez dira. Ospetsuena, zalantzarik gabe, Indotxinan sorturiko idazle frantsesa, iragan mendeko ikur nabarmenetako bat: Marguerite Duras, idazle nekaezina. Durasek zehatz eta zorrotz findu zituen obsesioak, petrolioaren antzera, dozenaka literatur lanetan, baita zineman ere. Orain gutxi, aurtengo mendeurrenaren karietara, Marguerite Duras: La traversée d’un siècle liburua plazaratu du Plon argitaletxeak. Alain Vircondelet egileak, azken horrekin, dagoeneko zazpi liburu idatzi ditu Durasi buruz: «Halako idazleen jatorria literaturaren hastapenetan bilatu beharra dago, jatorrizko garrasian, profezietan».
Gainerako emakumeen artean, amerikar bakarra, gorago aipaturiko Maria del Carmen Millan. Hain zuzen, bera izan zen Mexikoko Hizkuntza Akademian eserlekua hartu zuen lehenengo emakumea, 1975ean. Haren graduondoko tesia 16 aldiz berrargitaratu dute, eta Mexikoko literatura aztertzeko oinarritzat daukate ikerlari askok. Bestetik, mendeurreneko zerrendan ageri den Liliana Millu italiarra, partigiana ibili zen Bigarren Mundu Gerran, sator batek salatu eta nazien kontzentrazio esparruetan sartu zuten arte: Auschwitz, Ravensbrueck eta abar. Urte bat geroago aske geratu zen, eta hango sei emakumeren lekukotzak idatzi eta argitaratu ahal izan zituen, Il fumo di Birkenau (1947) liburuan. Hain justu, urte hartan amaitu zuen Milluren lagun Primo Levik Se questo è un uomo.
Bazterreko gidariak
Beat belaunaldiaren eragile nagusietakoa izan zen William S. Burroughs. Desmasia eta bizizalea, literatur lengoaia berrien bila ibili zen bere lanetan, tradizioa jo eta hautsiz: Junkie (1953), Naked Lunch (1959) eta Queer (1985) dira horren adibide. Ahozkotasunean ere maisu zen Burroughs; hala erakutsi zuen spoken word emanaldi eta diskoetan. Bizi balitz, datorren otsailaren 5ean beteko lituzke 100 urte. Hori dela eta, musika eta literatura uztartzen dituen Midnight Exterminations ikuskizuna taularatu du egunotan Nicholas Sellitto artistak, AEBetako Orlando hirian. Honela definitu du ikuskizuna Sellittok: «Bat-batekoa, abangoardiakoa, istripuzkoa; horrelakoa behar du izan, halakoxea baitzen Burroughs».
Dylan Thomasen jaioterria, Galesko Swansea, «herri itsusi eta maitagarria» zen, egilearen hitzetan. Haren herrikideek ere, oro har, ez zuten Thomas sobera maite: poeta handitzat bainoago, zurrutero eta gonazaletzat zeukaten. Nazioartean, ordea, egundoko miresmena bildu zuen, bereziki Eskandinavian eta AEBetan. Horren ondorioz, aurtengo ospakizunen harira, bisitari ugari espero dute Swansean. Izan ere, ohiko zale europar eta amerikarrez gain, hainbat jarraitzailek Txinatik eta Japoniatik joateko asmoa adierazi dute.
Aurten omenduko dituztenen artean, beharbada ez da ezagunena Romain Gary, baina bai aski interesgarria. Lituanian sortua Roman Kacew izenez, frantsestu ondoren abiazioko soldadu ibili zen Bigarren Mundu Gerran, eta diplomazia lanetan gerraostean; bien bitartean, ordea, joan den mendeko literatur ibilbide berezienetakoa jorratu zuen. Goncourt saria birritan irabazi duen idazle bakarra da. Lehenengoa Les Racines du ciel (1956) eleberriari esker eskuratu zuen, bere luma izenez. Bigarrena, ordea, Emile Ajar idazlearen La Vie devant soi (1975) lanari eman zioten, eta gerora atera zen argitara Ajar eta Gary (errusieraz erre eta txingar) pertsona bera zirela. Haren oihartzun argiak daude Joxean Agirre Romain zen bere izena eleberrian (Elkar, 2003).
Egileon pentsamenduak, esaldiak eta ohar biografikoak aurki daitezke Hector Anayaren aurtengo egutegian. Idazmahaian jartzeko moduko edizio xumea da, mila aleko argitaraldi mugatuan atera dena. Dendetan eskuratu ezin denez, sarean eskatu beharko du interesa duenak. Anayak badaki, hala ere, gutxiengoarentzat ari dela: «Ohartuta nago elitista dela kultura. Hortaz, garen apur horientzat lan egingo dut, irakurleria apurka haziko den esperantzaz».