Jabier Agirre / 2014-01-21 / 766 hitz
Kasurik gehienetan garrantzirik gabeko kontua izan ohi diren arren, zorabioak oso deserosoak izan daitezke. Are gehiago, ezgaitzaileak ere izan daitezke. Aurreneko sintomak antzemanda, zerk sortzen dituen jakitea komeni da, sendagileak tratamendurik egokiena aukeratu ahal izateko.
Belarriko arazoak, tentsio baxua, lepoko artrosia… Asko dira zorabioaren atzean egon daitezkeen arrazoiak. Izan ere, zorabio hitz aski inespezifikoaren barruan sentsazio askotarikoak egon daitezke pertsona batetik bestera: bertigoa, konorte-galera, desoreka, eta abar. Zorabioen jatorria identifikatzeko, garrantzitsua da horiekin batera agertzen diren sintomak ere baloratzea.
Arrazoirik usuenak
Eman beharreko aurreneko pausoa medikuarengana joatea litzateke. Hala ere, badira zer-nolako zorabioa izan daitekeen susmatzeko modua ematen duten seinale edo sintoma multzo bat. Hauexek dira:
• Postura-aldaketak. Zorabio-sentsazioa jarreraz aldatzean agertzen baldin bada batez ere —eserita edo etzanda egoteari utzi, eta zutikako jarrerara pasatutakoan, adibidez— eta segundo gutxi batzuk besterik ez badu irauten, litekeena da egindako mugimenduaren ondoriozko tentsioaren bat-bateko jaitsiera izatea horren arrazoia. Hipotentsio ortostatikoa esaten zaio horri. Oso arrunta izaten da adineko pertsonetan eta/edo tentsio baxua dutenetan. Ez du aparteko garrantzirik izaten. Horretarako joera izanez gero, ohetik pixkanaka jaikitzea gomendatzen da.
• Belarria. Kasu horietan, zorabioa barne-belarriko zona batean —orekaren zentzua kontrolatzen duen labirintoan— gertatutako alterazioek sortzen dute. Alteraziorik usuena belarriko hodietan kare-materiala pilatzea izaten da. Maniobra berezien bidez eliminatu behar izaten da. Kasu horietan, zorabioak buruko minekin, goragaleekin, bertigoekin, eta abarrekin agertuko dira. Otorrinolaringologoari bisita bat egiteak arazoa detektatzeko eta tratamenduan jartzeko modua ematen du.
• Zerbikalak. Artrosi zerbikalak —lepoaldeko artikulazioen higadura—, berriz, kontrakturak edo lepoko zartadak zorabioak sorraraz ditzakete. Lepoa mugitzean areagotzen dira. Sintomak arintzeko espezialistek muskulu-erlaxatzaile bat agin dezakete, baita muskulatura indartzeko ariketak ere. Prebentzio gisa da hori.
• Ikusmena. Presbizia, miopia, astigmatismoa… Ikusmena behar bezala graduatua ez badago, litekeena da zorabioak sentitzea. Kasu horietan buruko mina, ezegonkortasun-sentsazioa, eta abar agertuko dira. Arazoa konpontzeko, erabili betaurreko egokiak.
• Antsietatea. Oso urduri egonez gero, normalean baino azkarrago arnasten da, eta horrek oxigeno mailen eta karbono mailen arteko desoreka dakar biriketako airean. Anomalia horrek zorabioak, inurridura, ikusmen zirriborrotsua, bero-sentsazioa… sorraraz ditzake. Sintomak saihesteko, minutu batzuetan motel eta sakon arnastea gomendatzen da.
• Botikak. Antibiotiko batzuek, diuretikoek edo antiepileptikoek zorabioak sorraraz ditzakete. Medikazioren bat hartzen arituz gero, begiratu eskuorrian ea albo-ondorioen artean zorabioak ageri diren. Horrela izanez gero, galdetu medikuari ea beste alternatibarik ba ote dagoen. Aldi berean hartutako bi botiken arteko interakzioa ere izan daiteke zorabioen arrazoia.
• Arazo kardiobaskularrak. Arritmiak, arteriosklerosiak, bularreko anginak eta antzeko alterazio batzuek ere zorabioak sor ditzakete, garuneko odol-irrigazioa gutxitu egiten baita. Horregatik, sarritan elektrokardiograma bat egitea gomendatuko du medikuak, gaitz horiek saihesteko.
• Beste arrazoi batzuk. Hipogluzemia edo odoleko azukre-maila baxua, tentsio arteriala bat-batean jaistea, anemia, tiroideko nahasmenduak, migrainak, eta abar izan daitezke zorabioen arrazoi.
Zer egin?
Zorabioak eragiten dituen kausa edo arrazoi zehatza jakiteko, medikuak hainbat proba diagnostiko egiteko agindu ohi dute: analisiak, elektrokardiogramak, tentsio arteriala neurtzea, audiometriak… Proba horien emaitzen arabera, errazagoa izango da tratamendu egokia erabakitzea.
Kontuan hartu behar da, dena den, kasurik gehienetan prozesu luzea izan ohi dela sendaketa, diagnostikoa eskuan edukita ere. Beharrezkoa da, beraz, pazientzia edukitzea, eta tratamendua bertan behera ez uztea, espero den hobekuntzarik lortu ez arren.
• Medikazioa. Badira desoreka-sentsazioa gutxitzen laguntzen duten botikak, baita zorabioa bera eta goragaleak kentzen dituztenak ere. Medikuak aukera handia dauka, gaur egun, zorabioak modurik egokienean tratatzeko: antihistaminikoak, lasaigarriak, gorakoen kontrakoak, eta abar.
• Noiz joan larrialdietara? Zorabioa urgentziazko arrazoitzat jo daiteke, baldin eta belarriko min zorrotz eta bat-batekoarekin batera agertzen bada, sukarra 38 ºC-tik gora igotzen bada, gorakoak etengabeak badira edo konortea galtzen bada. Horrelakoetan, ez da tontakeria bat urgentzietara joatea.
• Zaindu elikadura. D bitaminaren eskasiak zorabioak ekar ditzake modu kronikoan. Arrain urdina, arrautzak, gurina, haragia edo esne osoa bitamina horren iturri aberatsak dira.
Karbohidrato asko —azukre eta zereal finduak batez ere— dituzten jakien gehiegikeriak zorabioak ekar ditzake, odoleko azukre maila azkar-azkar igo ondoren digestioa egin bitartean bat-batean jaisten baita. Hori saihesteko, ordeztu produktu integralekin.
Lehen laguntzak
Bat-batean zorabioekin hasiz gero, hona hemen aholku batzuk sintoma molesto horiek okerragora egin ez dezaten:
• Atseden hartu. Eseri edo etzateko leku lasai bat bilatu behar da, aurren-aurrenik. Ohea edo besaulkia hobeak dira, betiere, aulki xume bat baino. Gorputza luzatuz gero, saiatu hankak goraka edukitzen; eserita nahiago izanez gero, jarri burua hanka artean, minutu batzuetan.
• Sakon arnastu. Saiatu erlaxatzen, arnasa bizpahiru aldiz sakon hartuz. Ahal izanez gero, eskatu leihoa irekitzeko edo abaniko batekin haizea emateko. Kalean egonez gero, eseri itzalean edo ondo egurastutako leku batean.
• Ura edan. Trago txikitan, deshidratazio posiblea saihesteko. Infusio epelak edo zukuak ere har daitezke. Baztertu, ordea, edari estimulatzaileak —kafea edo alkohola—, sintomak larriagotu baititzakete.
• Finkatu begirada. Zorabioekin batera bertigo sentsazioak edukiz gero, saiatu begirada urruneko puntu batean finkatzen. Orientazio espaziala berreskuratzen laguntzen du horrek.