Partida

Idurre Eskisabel / 2014-01-14 / 161 hitz

Egungo genero sistema hegemonikoa birsortzeko tresna eraginkorrena kirola —kirol ikuskizuna, kirol profesionala, kirol profesionalizatua— dela esaten dudanean asko izaten dira oker nabilela ohartarazten didaten lagunak. Diotenez, ezjakintasunetik eta aurreiritzietatik abiatzen naizelako iristen naiz ondorio horretara, eta, batik bat, ez naizelako gai kiroltasunaren ederra hautemateko. Lagun horiek asko estimatzen ditudanez, Gipuzkoa Basket eta Laboral Kutxaren arteko saskibaloi partidan izan nintzen herenegun, begiak ireki eta kirolari buruzko ikuspegia aldatzeko pronto.

Eta plazaren erdigunean saskibaloi jokoan trebezia eta lehiakortasun nabarmenez aritu ziren gizonez gain, zera ikusi nuen: haiek atseden hartzen zutenean 10-14 urteko neskato talde bat kantxan, ipur masailak eta bular hazi berriak agerian uzten zizkien jantzi labur eta estuekin dantzan. Dantzan, edo gerri, aldaka eta adatsak modu sexualizatu nabarmenean astintzen. Eta haiek erretiratzen zirenean, eta berriro izar handiak etorri bitartean, neskatoen adin bereko mutil taldea saskibaloian jokatzen, trebe eta lehiakor, beren heroien kantxa berean, haien segidaren berme.

Hori da ikusi nuena. Akaso, orain esango didate ezjakintasuna eta aurreiritziak ez direla lehen partidan ezabatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.