Imanol Mercero / 2014-02-22 / 397 hitz
- Izenburua: ‘Katilua’, ‘Berhuz’ eta ‘Hiru bidaiariak’
- Idazleak: Xalbat Itzaina eta Paxkal Bourgoin
- Ilustratzailea: Pascal Bourgoin
- Argitaratzailea: Ikas
Ipuinen bidez urruneko paisaiak eta kulturak ezagutzeko parada eskaintzeko asmoz, Ikasek hiru liburu kaleratu berri ditu.
Bildumari Dutea izenburua jarri diote, tea hartzeko ohiturak batzen dituelako bisitatzen diren hiru lurraldeak —Saharako basamortua, Teherango parte zaharra eta Japoniako Fuji-aldea—.
Hiruretan, Paxkal Bourgoin da marrazkilari, eta, Behruz ez beste bietan, idazlea ere berau da.
Basamortuko istorioa Hiru bidaiariak deitzen da, ziurrenik familia protagonista hiru bidaiarien etorrerarekin kezkatzen delako, hain gutxi baitute euren oihal-etxola ezdeusera datozenei eskaintzeko… Testua labur bezain hanpatua da —bizitzaren esentziari buruz ari balira bezala— eta collage teknikarekin osatutako irudiek kontaketa ñabartzen dute.
Japoniakoa, Katilua deitzen da. Hor, gizon batek emaztea urruneko lurraldeetatik ekartzen du, eta andre gaixoari amak oparitutako tea hartzeko katilua erori zaio, eta samin handia eragin bere baitan… Hor ere, testua hanpatua da, baina aurreko liburukoa baino luzeagoa. Irudiek japoniar estilo klasikoa iradokitzen dute gehienetan, baina 80ko hamarkadako komikigintzakoa dirudien emakume erretratu bat ageri da tartekaturik.
Behruz Teherango parte zaharrean gertatzen den anekdota bat da. Beste bietan ez bezala, protagonista haur bat da, katu misteriotsu baten atzetik segika galtzen dena, gurasoekin te-hartze aspergarri baterako esertzera doanean harako gozotegi batera. Funtzio estetikoa duten irudiek argazki margotu-moldatuak dirudite, landare, geometria eta bestelako margo-jolasekin edertuak.
Bilduma irakurrita, nabarmen gelditzen da lurraldeotako giroa erretratatzeko idazleek egin duten ahalegina, atmosfera identifikatu eta esandakoarekin eta esateko moduarekin gorpuztekoa. Lortu ote duten jakitea irakurleoi dagokigu.
Badut, ordea, iritzi samin bat erabili den hizkuntzarekin eta bereziki erabili den ikuspuntuarekin. Desatsegina egin zait emazteekiko ikuspuntua, hiru istorioetan gizona nabarmenduta eta andrea azpiratuta agertzen dutelako. Adibidez, basamortuko istorioan, narratzaileak «gure idazkera, gizon urdinena, nomaden idazkera da» dio («gizona», ez «pertsona»), eta kontaketa osoan emakumea bigarren mailan ageri da. Katilua istorioan, emakumea istorioaren muinean dago, baina, hala ere, pertsonaia pasiboa da, eta inguruan dauden gizonek egiten dituzte ekintza guztiak. Teherango ipuinean ere, berdintsu, familia gozotegira doa senarrak jolas dezan, amak zer egingo duen ez da aipatu ere egiten, han dagoela suposatu behar dugu, itzalean, Berhuzi magala eskaintzeko behar duenean.
Hizkuntzarekin beste mota bateko kezka sortu zait.
Liburu hauek hizkuntza zuzentasuna ezinbestekoa dute eskola umeen artean banatzea nahi bada, eta pena da dutea, gatu, griña… eta antzeko hitzak erabiltzea tea, katu, grina erabili beharrean. Eta pena dela diot zabarkeria txiki horiek alferrikako egiten dutelako erakusten duten ahalegina euskara batura hurbiltzeko, Iparraldeko euskararen kutsua galdu gabe, Euskaltzaindiaren hizkuntza gainbegiratuarekin.