Alex Gurrutxaga / 2014-02-23 / 446 hitz
- Izenburua: Eros tren txinatar batean
- Egilea: Rene Depestre
- Itzultzailea: Joxean Elosegi
- Argitaletxea: Igela
Rene Depestre (Haiti, 1926) iraultzaile komunista, Aime Cesairerekin batera négritude mugimenduaren ahots ezagunetakoa, han eta hemen politikan ibilia da. Idazle gisa, berriz, oparoa dugu. Éros dans un train chinois (1990) hamar ipuin erotikok osatzen dute, eta horietan heldutasunak ematen dion lasaitasunarekin heltzen dio idazleak erotismoari: umorez, fantasiatsu eta jostari. Horren erakusgarri da amaierako glosarioa, «sexu organoen ohiz kanpoko abenturen inguruan» osatua.
Erotismoak, jakina, presentzia funtsezkoa badu ere, aipamen berezia merezi dute historiak eta politikak ere, hainbat ipuinek ekintza sexualak hartzen duena baino testuinguru zabalagoa irudikatzen baitu. Esaterako, Baozhu eta Gona ipuinek —Txinan eta Jugoslavian kokatuta, hurrenez hurren— atzerritar batekin sexua izateagatik zigortzen dituzten emakumeen kasuak aurkezten dituzte.
Konkretuki erotismoari dagokionez, Depestreren ipuinotan ez dago Mendebaldeko maitasun erromantiko paradigmatikorik; pertsonaia batek dioen moduan, Eros «bizitzako bainua gauero prestatzen digun jainkoa da» (153. orrialdea). Galde genezake: zergatik Eros, eta ez Venus —azaleko irudian badagoena—, edo Afrodita? Batetik, Eros izenak zuzenean seinalatzen du erotismoaren historia luzea. Bestetik, tradizio klasikoan, Eros gizonen amodioari —eta bereziki gizonen artekoari— erlazionaturiko jainkoa zen, eta ipuinotako pertsonaia nagusiak —narratzaile-protagonista guztiak, hain justu— gizonezkoak dira.
Jainkozkoaren agerpena are zabalagoa da, ordea, liburuan. Hasierako bi aipuk koordenatu horiek markatzen dituzte: «Hordi dago Zeru Santua Lurraren gorputzean hainbestetan barneratuta!», dio Eskilorenak; «Zoriontsuak jainkoek larrua jotzen duten herriak!», Rene Etiemble, L’erotisme et l’amour saiakeraren egilearenak. Horrez gain, ipuinetan maiz agertzen da terminologia erlijiosoa edo mitikoa sexuaren inguruko adierazpenetan.
Narrazio moldeak klasikoak dira: ipuin guztiak lehen pertsonan eta iraganaldian narratuak daude, eta desberdinenak lehena eta azkena dira —autofikziozkoa bata, zeharkako narratzailea duena bestea—. Kontamoldeak ez du, oro har, aparteko berezitasunik, baina liburuari batasuna ematen dio. Ziurrenik, ipuinen indar estetikoa tonuan dago. Alde batetik, idazleak bilatzen duen ironia umoretsua dago. Aipatutako adierazmolde erlijiosoetan ikus daiteke hori, besteak beste; adibidez, honela esaten dio emakumeak protagonista gizonezkoari hau aurrean biluzten zaiolarik: «My God! Hona hemen anaia txikia bere geziaz harro. Azkenean, emakumearen ipurdiaren aurrean beldur mistikorik ez duen gizon bat!» (72.or.). Beste alde batetik, pasioa nagusi denean, deskribapenak xeheagoak dira, ni poetikoaren pertzepzioaren intentsitatea harrapatu nahirik, eta hizkerak lirismora jotzen du era nabarmenean, sentsualtasuna gorpuztu nahi duen hizkera metaforikoa sortuz. Kontrasteak, tarteka umoretsu, tarteka liriko —ia kursi—, ongi funtzionatzen du.
Ipuinotan ez da dena larrua, baina bai asko. Jostariak dira sexua narrazioaren ardatz ia bakartzat duten ipuinak, tonu arinekoak oro har, eta baita, baten bat, idazlearen ariketa literario itxurakoa ere (Krabelin sorgindua). Haatik, ikuspegi zabalagoa eta interesgune gehiago dute harremanak, egoera politikoa, edo oro har testuingurua nola edo hala txertatzen duten ipuinek —Urrezko faisaia, Baozhu edo Samba Cristina de Melo Pessoarentzat—. Hortik aurrera, jolasaren eta seriotasunaren arteko kinkan, larru kontuetan bezala, irakurlearen gustuak agintzen du.