Egilea: Maite Gurrutxaga eta Dejabu panpin konpainia
Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga
Argitaletxea: Txalaparta
Bilduma: Amaiur
Urtea: 2013
ISBN: 978-84-15313-70-0
R: 7.090
Gizona ez da txoria antzezlanean oinarritutako liburua. Istorio hunkigarria kontatzen du hamar ataletan. Atal bakoitzaren hasieran, izenburuaren gainean zuhaitz bat ageri da, eta apurka-apurka soiltzen ari da zuhaitza; gero eta orbel gehiago ageri dira lurrean eta azken atalerako ez zaio orri bakar bat ere geratuko.
Bi protagonista ditu: Ximun eta Selma. Egoerak behartuta elkarrekin bizi dira, baina ez da bietako inork aukeratutako egoera. Ximun agure alargun bat da, Larraundi baserria eraitsi diote, eta, ondorioz, kaleko pisu baten bizi beharko du. Beso bat zauritua du eta egun osoa zerbait egiten aritzen da, baina Selmak ez daki zer ari den egiten. Selma erizain bosniar bat da, bere herrialdea utzi behar izan du egoera ekonomikoak bultzatuta eta herrimina du. Ximunen erizain lanetarako kontratatu dute. Ximunen izaera itxiak eta oraindik hemengo hizkuntzak ez jakiteak ez du bien arteko harremana erraza egingo, baina apurka-apurka elkarrengana hurbilduko dira.
Bi protagonista horietaz gain izenburuak iradokitzen duenarekin lotuta txori batzuk ere ageri dira: enarak, beleak, eskuz egindako txoria… Gizona txoria izan ez arren, hegan egiteko proba eta ahaleginetan ari da Ximun.
Komiki bat da eta halakoetan gertatu ohi denez, testuak baino garrantzi handiagoa dute irudiek. Ia ez du testurik. Euskal esaldi batzuk ez dira euskara batuan ageri eta Selmaren esaldiak, berriz, gaztelaniaz (ez zuzen oraindik ez baitaki ongi gaztelaniaz mintzatzen) eta bosnieraz ageri dira, eta era horretan sinesgarritasun handiagoa ematen dio.
Irudiak akuarelak dira; garrantzi handia dute koloreek, kolore pastelak erabili ditu, nagusiki horia, arrosa eta urdina eta hauekin batera, ametsak edo egoera zailak adierazteko arkatza eta kolore grisa ere erabili du.