Jai ereduei buruzko gogoeta

Ainhitze Ruiz / 2014-02-22 / 596 hitz

Emakumeek herriko festetan duten rolaz eta jai ereduaz ‘Festa dezagun gaurdanik geroa’ dokumentala aurkeztu dute. Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak elkarlanean egin dute lana.

 Herriko jaietan emakumeek duten parte hartzetik eta jai ereduen inguruko gogoeta feministatik abiatuta, Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak Euskal Herriko jai ereduen inguruko Festa dezagun gaurdanik geroa izeneko dokumentala ekoitzi dute elkarlanean. Hainbat banakako eragilek bere bizipenak eta ikuspuntuak agertu dituzte 30 minutu irauten duen dokumentalean. Dantzariak, bertsolariak, antropologoak, musikariak, harri-jasotzaileak eta beste hainbat ageri dira dokumentalean. Guztira, 27 pertsona elkarrizketatu dituzte, eta elkarrizketa guztiak herriko festetan eginak dira.

«Emakumezkoen eta jai ereduei buruzko erakusleiho txiki bat da», azaldu du Idoia Trenorrek, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak. «Ikuspegi feminista txertatzea eta, jai ereduari buruzko hausnarketa egiteko garaian, ikuspegi feminista horretatik abiatzea azaldu nahi izan dugu dokumental honekin», gaineratu du.

Elkarrizketatu guztiak ados agertu dira egungo jai ereduaren barruan izaten diren jarrera diskriminatzaileei ezin zaiela bere horretan eutsi, tradizioari eta herri ondareari eusteko aitzakian. Dokumentalean azaltzen denez, tradizioak eta ohiturak sortzez garaiko gizarte motaren isla izan ziren, baina garatu eta aldatu egin behar dute gaur egungo gizartearen isla izan daitezen. Izan ere, «geldikeriari»eusten dioten tradizioak hiltzera kondenatuak daude, museoko «objektu izatera derrigortuak» dira, dokumentalean ikus daitekeenez.

Festa eredu berri baten alde egiten dute dokumentalean eta emakumeak festetan izan beharko lukeen parte hartzea aldarrikatzen dute, batez ere. «Gaur egun plazetan ikusten direnen ehuneko handi bat gizonezkoak dira. Baita jaien antolaketan ibiltzen direnak ere. Horrez gain, herriko jaietako txosnetan entzuten den musika ere, gehienbat gizonezkoek ekoitzitakoa izaten da. Musika gizonezkoek egindakoa izateaz gain, abestien letrak transmititzen digutena ere eztabaidagarria da», azaldu du Trenorrek.

Jaien inguruan ikertzeko arlo asko daudela esan du Bilgune Feministako kideak: «Karteletan erabiltzen diren irudiak ere zer transmititzen duten ikusi behar da, bai emakumezkoenak eta bai gizonezkoenak ere. Baita oro har zein hizkuntza erabiltzen den eta jaietako egitarauetan eta ateratzen diren beste euskarrietan erabiltzen dituzten esamoldeak ere».

Dokumentala Euskal Herriko jai ereduaren inguruko hausnarketarako tresna izango da: «Ekiteko pauso bat izango da». Azken finean, Bilgune Feministako kideak azaldu duenez, jaien eredua guztion artean erabaki behar den gauza bat da. «Guztion artean eztabaidatu behar dugu gure herrietan nolako festak eduki nahi ditugun».

Bilgune Feministako kideak azaldu duenez, Euskal Herriko jai ereduari buelta bat eman behar zela ikusi zuten, eta hortik abiatuta etorri zen Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala egiteko ideia. «Iruditzen zaigu oso baliagarria izango dela herriz herri zer nolako festak dauden ikustea», esan du.

Parekidetasuna kolokan jartzen dituzten adibideak ikusteko ez da urrutira joan behar. Bertsolaritzaren kasua ageri da. Uxue Alberdik dokumentalean azaldu duen moduan, txapelketa nagusietarako sailkatzen diren %30, emakumeak dira. Aldiz, jai eta festetan abestera gonbidatzen dituzten bertsolarietatik %20 soilik dira emakumezkoak.

Dokumentalean Pottors ta Klito emakumezkoz osatutako rock taldearen adibidea ere ikus daiteke. Musikari horien arabera, gizonezkoari barkatzen zaizkion gauzak emakumeari ez zaizkio barkatzen. Dokumentalean azaldu dutenez, badirudi emakumeek rock taldeetan jotzen hasten direnean ongi jo behar dutela eta ezin dutela hasiberrien akatsik egin. «Emakumea izan behar zuen» eta horrelako aipamenak entzun behar izan dituztela, beste batzuen artean, azaltzen dute dokumentalean.

Bilgune Feminista erakundea 2002an sortu zen, eta sorreratik landu izan ditu herrietako jaien inguruko kanpainak. Horrez gain, orain arteko lana, eskubide urraketa identifikatzea, eta egoera horien eraldaketarako alternatibak plazaratzea izan da.

«Jaietan gozatzea»

Hain zuzen ere, duela lau urte inguru beste mezu bat zabaltzen hasi zen Bilgune Feminista. Emakumezkoak ere jaietan gozatzeko duten eskubidearen inguruko mezua, hain justu ere: «Emakumeak ez gara joaten jaietara erasoen defentsarako soilik», azaldu du Trenorrek. Hortaz, Bilgune Feministak hiru oinarri finkatu ditu: «Batetik, autodefentsa feministarako deia egin genuen; bestetik, erasoen aurkako kanpaina bat, eta, azkenik, festetan guk ere gozatzeko aukera daukagula aldarrikatu genuen».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.