Lander Muñagorri Garmendia / 2014-02-26 / 1.125 hitz
Tradizio eta ohitura ugari gorde dira Euskal Herrian inauterien inguruan. Duela hilabete azaldu ziren lehen mozorroak, baina asteburuon ikusiko dira gehienak.
Denbora baterako baldin bada ere, datozen egunetan izaeraz aldatuko dira Euskal Herriko herritar asko. Aldatu beharrean, benetan direna ezkutatuko dute mozorroen bidez. Bihar hasi eta asteartera arte hori izango da zenbait herri eta hiritako itxura. Eta bakoitza izaera eta bereizgarri ezberdinekin. Ez alferrik inauteriak, aratusteak edo karnabalak deitu ohi zaie ospakizun horiei. Jaiak geografikoki dituen sustrai anitzen adierazgarri. Baina euskal mugetatik kanpo ere inauteriek garrantzi handia daukate, nahiz eta ospakizun bakoitza ezberdina izan. Era horretan, udaberriari ongietorria emango zaio, euskal kulturan txertatuta dauden hainbat tradiziorekin.
LANTZ
Ongia eta gaizkia aurrez aurre
Igandean hasi eta asteartera arte ongiak eta gaizkiak topo egingo dute Lantzeko herrian (Nafarroa). Bataila sinbolikoa da, eta bertan zuzentasunaren nahiak herritarren haserrea justifikatuko ditu. Astearte inauterian Miel Otxin lapurra harrapatu, epaitu eta sutara botako dute. Mendeak daramatzate horretan, eta aurten ere berriz errepikatuko da tradizioa. Lapurraren aurkako segizioa beste hainbat pertsonaiak osatuko dute: Ziripot gizonkotea, Zaldiko zaldi basatia, hura ferratzera doan ferratzailea eta ikuskizunera inguratzen direnak zirikatuko dituzten txatxoak. Miel Otxin erretzen duten bitartean, denek zortzikoa dantzatuko dute suaren bueltan. Turistentzat interesgarriak dira Nafarroako festa horiek.
LESAKA
Zakuzaharrak zirikatzen
Lastoz betetako zakuak dira Lesakako (Nafarroa) inauterien bereizgarri nagusiak. Eskuan txerri maskuriak eta aurpegia estalita daukatela, herritarrak izutzen dituzten pertsonaiak dira zakuzaharrak. Igande iluntzean ateratzen dira herriko gazteak urte luzeetako tradizioa duen kalejiran. Egun horretan zakuzaharrez jantzi ez diren herritarrak mairuz jantzita —txapela eta koloretako zintak zintzilik dituen arropa— irteten dira kalera. Horiez gain, goitarrak Lesakako auzoetako baserrietan kantu eskean ibiliko dira. Baina inauteri ospakizunak astelehenean ere izango dira, bakoitzak nahi duen mozorroarekin eta karrozekin amaitzen baitituzte inauteriak.
UNANU
Mamoxarroak eta gurutzeak
Igandean ateratzen diren mamoxarroak dira Sakanako Unanu herriko pertsonaia bereizgarriak. Aurpegia ezkutatzeko metalezko maskara bat buruan daraman pertsonaia izan ohi da, eta buruaren nahiz lepoaren bueltan koloretako zapiak daramatzate. Makila luzeekin joaten dira, eta bidean topatzen dituztenak mehatxatu eta jo egiten dituzte. Euren biktimak harrapatu ondoren, belauniko jartzen dituzte, eta mamoxarroek kopetan gurutzea egin eta gero belaunean muxu eman behar izaten diote inauterietako pertsonaia horri.
ALTSASU
Odola eta marruak
Mende erdiz galduta egon ondoren, 1980. urtean berreskuratu zuten inauterietako asteartean Altsasun (Nafarroa) horren ezaguna den tradizioa. Momotxorroak izan daitezke euskal inauterietako pertsonaiarik makabroenak. Aurpegia oihal batez estalirik, buruan adarrak eta ardi larrua daukate. Baina ikuslearentzat deigarriena paparrean daramaten izara zuri eta animalia odola izan daiteke. Itxura horrekin joaten dira herritik barrena, marruka eta parean jartzen zaien oro eskuetan daramaten egurrezko sardearekin zirikatuz. Igandean ere ibiliko dira momotxorroak herrian, baina herriko haurrak izango dira pertsonaia hori. Altsasuko inauteri horiek turistentzat interesgarriak dira.
MUNDAKA
Mozkorretik tradiziora
Etxera edanda joan zen jauntxo baten harira sortutako ohitura omen da Mundakako atorrena (Bizkaia). Planta horretan etxera iritsi, eta emaztearen azpiko gona jantzi omen zuen buruan. Ekintza horrek haserrearazi egin zuen emaztea, eta etxetik bota zuen gizona. Gona eta guzti. Apropos egindako keinua zelakoan, herritarrek txantxatzat hartu zuten, eta erromeria antolatu haren omenez. Orduz geroztik, inauterietako igandean izara zuriz egindako jantziekin herrian zehar ibiltzen dira atorrak kantuan. Planta horretan gizonak soilik irteten dira, baina duela hiru hamarkadatik Mundaka eta Bermeo arteko hondartzan omen zeuden lamiaz janzten dira andrazkoak.
LAUDIO
Sorgina pertsonaia
Ohitura eta bitxikerien zerrendari izaki mitologiko bat gehitu behar zaio. Izan ere, Laudion (Araba) Leziagako sorgina izaten da bertako inauterietako pertsonaia nagusia. Izen bereko kobazuloan emakume bat bizi omen zen, urrezko orrazi batekin ilea orraztu eta Laudioko artzainak erakartzen zituena bere kantuekin. Pertsonaia hori gaitzat hartuz, zapatuan hasiko dira ospakizunak. Egun horretan mozorro lehiaketa, desfilea eta herri bazkaria izango dira. Egun horretan sorgina ez da protagonista izango, asteartean baizik. Hiru egunez herritik paseatu ondoren plazan erreko baitute astearte inautean.
ZALDUONDO
Markitosen epaiketa
Berriz ere ongiaren eta gaizkiaren arteko gudaren antzezpena azaltzen da inauterietan. Kasu honetan, Zalduondon (Araba). Markitos lapurra harrapatu eta epaitu egiten dute igande inauterian. Traje beltzez, gorbataz eta txapelaz jantzitako metro pasatxoko panpina da Markitos, eta gurdi batean kalez kale eramaten dute epaiketaren aurretik. Desfile horretan, errauts banatzailea, kale garbitzailea, Markitosen gurasoak, hartza, ardia eta bi porreroak —Lantzeko Ziripoten antzeko pertsonaia— doaz. Paseoaren amaieran, Markitos lurrean utzi, eta erre egiten dute herritarrek haren inguruan dantza egiten duten bitartean. Ohitura hori 1975. urtean berreskuratu zuten, mende hasierako testigantzei jarraituz.
UZTARITZE
Berreskurapenaren jaialdia
Hemezortzi urte dira Uztaritzen (Lapurdi) inauterien tradizioa eta arte sorkuntza batzen dituen Hartzaro festibala egiten hasi zirenetik. 80ko hamarkadan ia galduta zeuden Lapurdin inauteriak, eta horiek berreskuratzeko lanetan sortu zuten jaialdia, eta horretan jarraitzen dute oraindik. Urtero gai ezberdinen baten inguruan antolatzen da, eta aurten jaialdiari izena ematen dion hartzari eskainita egongo da. Gaur hasiko da jaialdia, eta ekitaldi ugari izango ditu asteburu osoan, baina egun garrantzitsuena asteartea izango da. Orduan egingo dute zanpantzarraren auzia. Antzezpen horren ondoren erreko dute pertsonaia hori, eta horrekin batera amaituko da jaialdia.
—————————
Karroza eta desfileak hiriburuetan
Herri txikietako tradiziorik gabe ospatuko dira Euskal Herriko hiriburuetan inauteriak. Asteburuan kolorez eta mozorroz beteko diren arren, protagonismo nagusia karroza eta desfileek hartuko dute.
Herri eta hirietako inauteriak bereiz daitezke Euskal Herrian. Tradizioa eta ingurunea lotzen dituena batetik, eta halako ohiturarik ez daukaten ospakizunak bestetik. Edozein modutan, bi joerek daukate asmo bera: egun edo ordu batzuez izaeraz aldatzea eta beste norbaiten barruan sartzea. Herri txikietako ohiturarik gabe, baina mozorroen ospakizunetan murgiltzeko asmoarekin. Urteroko jaialdi eta formatuak izango dira. Hau da, desfile eta karrozena. Baina berritasun nabarmen bat badago aurten hiriburuetako ospakizunetan.
Eta albiste hori Bilbotik iritsi da. Bilboko Konpartsek hamar urte egin dituzte euren desfilea Kale Nagusian egin gabe, horren ordez udala berea antolatzen hasi zenetik. Ika-mika luzeak izan dituzte ordutik bi aldeek, baina aurten akordio bat lortu dute, eta konpartsak euren ohiko kalera itzuliko dira. Baina bakoitzak bere egitaraua edukiko du, nahiz eta udalaren programazioan konpartsen ekitaldiak txertatu dituzten. Bilboko Konpartsek bihar trapu zaharren kalejira egingo dute, Zazpikaleetan, eta haurren desfilea ostiral eguerdian izango da. Zapatuan izango da desfilearen txanda, eta igandean, indaba lehiaketa eta Zuberoako maskaradak Zazpikaleetan. Inauteriak asteartean amaituko dira sardina erretzearekin.
Donostian ere izango da desfilerik. Bihar bertan Momo jainkosaren etorrerarekin egingo dute lehenengoa, Konstituzio plazatik abiatuta. Baina ez da zapatu eguerdira arte izango, jainkosak hiriko agintea hartu eta ordu batzuez Donostiako jabe egingo den arte. Ordutik aurrera, jaia eta inauteriak hasiko dira Donostian, arratsaldean egingo den desfile nagusiarekin batera. Hala ere, euskal inauterien kutsua ere eman nahi izan diote ospakizunei, eta ostegun zein igandean Parte Zaharretik barrena zenbait kalejira egingo dira euskal inauterietako pertsonaiekin. Sardinaren erretzearekin amaituko dira Donostiako inauteriak, astelehenean egingo den kolore ezberdinetako mozorroekin lagunduta.
Gasteizko inauterietako egitaraua murritzagoa izango da, eta zapatu arratsaldean eta igande eguerdian konpartsek egingo duten desfileak izango dute garrantzi esanguratsuena.
Iruñean ez da karroza desfilerik egingo, baina ostiralean, pregoia irakurri ondoren, festa izango da Alde Zaharreko kaleetan barrena. Larunbaterako mozorro desfileak antolatu dituzte, goizean eta arratsaldean.
Baionan geroago egingo dituzte inauteriak, martxoaren 6tik 9ra. Aurtengo gaia zirkua izango da.