Angel Erro / 2014-02-18 / 149 hitz
Gero eta gehiago, sumatzen dut jendea, gizarte hitza saihesteko, jendarte erabiltzen, lehenengoaren balizko kutsu sexistak bultzatuta. Bada bata bestearekin ordezkatzeko proposatu duenik, baina gehienek badaezpada erabiltzen dute orain bestela.
Gizartearen ordez jendartea aditzen dudanean, dardara sentitzen dut. Matxismoaren hondar bat, akaso, edo barne-barnetik daridan zuzentasun politikoaren aurkako arbuioa, pentsatu nahiago nuke. Horri gehitzen zaio euskal jendea, jendarte edo gizarteak etimologiekiko duen atxikimendu gehiegizkoa eta aldi berean eskasa. Etimologia azken ondorioetara eramanen bagenu (zientzia den heinean, haren ekarpenak faltsugarriak direla alde batera utzita), mutu geldituko ginateke. Zergatik ez jendarte ere baztertu, gens hitz patrizio eta klasistatik datorrelako? Etimologia aho biko armagnac bat da.
Ez nuke hau guztia idatziko Larramendiren hiztegian aurkitu dudan harribitxi baten berri emateko aitzakia, urruna bada ere, izateko ez balitz: «Jendartetu: Zambucarse, meterse entre otros para no ser conocido». Baudelaireren flâneur-aren figura laburbiltzen duen gizarte modernoaren deskripzioaren behinena, etimologia oro gorabehera, mende oso bat baino gehiagoz aurreratuta.