Kaiolak

Idurre Eskisabel / 2014-02-27 / 169 hitz

Badira egun ume bati derrigorrean eskaini behar zaizkion bizipenak, une zoriontsuen printzak, etorkizuneko autokontakizunari distira pixka bat emateko. Horietako bat da naturaren parke batera eramatea; edo beste era batera esanda, animalia exotiko eta basatiak aske baleude bezala erakusten dituzten esparru batera; edo beste era batera esanda, hesiak eta kaiolak disimuluan eta ezkutuan dituen zoologiko erraldoi batera.

Probetxuzko gurasoen plantan jarrita joan gara bada. Eta lehendabiziko ezustekoa: umeak ez du beste munduko zirrararik ageri tigreak eta elefanteak aurrez aurre 50 bat metrora paratu zaizkionean. Ooooso politak direla esan du, baina gure kitzika oihuei nolabait erantzutearren. Aldiz, adin bertsuko mutiko bat eta biak lurpetik atera duten zizare batekin loriatuta ibili dira, 30 metrora dituzten lehoien orroei jaramonik egin gabe. Bigarren ezustekoa: umearen ordez geu gara liluratuta gabiltzanak, aaaaa eta ooooo-ka, hartzen jolasei begirik kendu ezinik, haitz artean gordeta sumatu dugun otso parearengan begirada iltzatuta.

Harrituta atera gara, harri-kartoizko natura basaren simulazio horrek sortu digun hunkidura ezin ulertuta. Agian, hesirik gabeko kaiolan kateatutako gorilarekin gurutzatu dugun begirada ahizpatian bilatu beharko dugu erantzuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.