Iker Tubia / 2014-02-12 / 960 hitz
Osnabruckeko jakintza aplikatuetako unibertsitatean energia berriztagarrietan katedraduna da Kuhnke, eta Alemaniak energiaren alorrean emandako aurrera zein atzerapausoak azaldu ditu.
Iruñeko Planetarioak energiaren gainean paratu du fokua. Atzotik eta ostiralera bitarte, Energías para la vida hitzaldi zikloa antolatu du (Bizitzarako energiak). Bihar, energia iturri berriztagarriez eta Alemaniako ereduaz hitz eginen du Klaus Kuhnke Osnabruckeko unibertsitateko irakasleak (Hanburgo, Alemania, 1948). Katedraduna kezkaturik azaldu da Europan oro har atzerako urratsak ematen ari direlako kostu ekonomikoaren aitzakiapean.
Bihar, Alemaniako energia ereduari buruz mintzatuko zara. Zertan datza eredu hori?
Alemaniako eredua energia nuklearretik berriztagarrirako eraldaketa da. Fukushimaren ondoren, dena aldatu zen. Alemaniako politika berrian, energia berriztagarriak asko ari ziren handitzen, batik bat eguzki energia, energia eolikoa eta baita biologikoa ere. Energia berriztagarriaren eta modu tradizionalean ekoiztutakoaren arteko prezioaren diferentzia kontsumitzaile guztien artean banatzen da, kuota banaketaren bidez. Kuota banaketa hori handitu egin da, eta orain denek diote —iritzi publikoak eta gobernuak—: «Honek elektrizitatearen prezioa hainbeste igotzen du, ezen politika honekin ezin dugula jarraitu». Beraz, orain Alemanian energia eraldatzeko bidean desbideratu egin gara, eta gobernua eraldaketa gelditzen ari da. Orain, Espainiaren bide berean gaude: eguzki energia geldituta, baita eolikoa ere, eta gobernua elektrizitate enpresa handien mesedeetara jokatzen ari da.
Prezioa argudioa edo aitzakia da?
Aitzakia da. Egia da elektrizitatearen prezioa asko igo dela, noski, baina kuotaren banaketa ez da hein berean igo. Bestelako arrazoiak daude tarteko, baina iritzi publikoak ez du hori ulertzen.
Zeintzuk dira arrazoi horiek?
Elektrizitatea ekoizten duten enpresa handiak, sakelak diruz betetzen dituztenak.
Beraz, ez duzu maite Alemaniak hartutako bidea.
Ez. Energia berriztagarrietan aditua naizen heinean, nik badakit elektrizitatearen merkatuan posible dela eraldaketa. Hori frogatzen duten hamaika ikerketa daude, eta argi uzten dute herritarrentzat ez dela garestiagoa. Izan ere, gaur egun ordaindu behar dituzten zergekin, diru asko ordaintzen dute elektrizitatea modu tradizionalean eskuratzeko. Enpresek prezio onean ekoizten dute, baina elektrizitatearen prezioan jasotzen ez diren diru laguntza asko jasotzen dituzte. Berriztagarriek, baina, ez dituzte jasotzen gisa horretako laguntzak, eta kostu guztia prezioan biltzen da.
Energia nuklearra atzean utzi nahi duzue?
Fukushimaren ondoren, zazpi zentral nuklear lehenbailehen ixtea erabaki genuen. Epe bat jarri dugu zentralak bertan behera uzteko: hiru urtean, bina, eta, ondoren, bi urtean, hiruna. Baina arazo bat egonen da zentralak ixteko tenorean; hots, iritzi publikoa aurka azaltzea: «Ez, ez, hori ezinezkoa da; nuklearren erabilera luzatu beharra daukagu». Horren beldur naiz. Iritzi publikoa oso moldagarria da, eta elektrizitate enpresek diru asko dute, baita iritzi publikoa manipulatzeko adituak ere. Oraingoz, Alemanian ez diote deus, baina momentu onenaren zain daude publikoari nuklearren beharra dugula esateko. Nuklearra etorkizun ezezagun baterako zubi energia bezala salduko dute.
Biharko hitzaldiaren izenburuan galdera bat dago: %100 energia berriztagarria darabilen mundu bat? Erantzun zenezake?
Erantzuna argia da: bai, egin dezakegu, posible da. Eta hori argudioen bitartez frogatuko dut hitzaldian. Gure herrialdean kontsumitzen den elektrizitatean, oraindik ere energia asko xahutzen dugu. Alde batetik, kontsumoa gutxitu dezakegu konforta kaltetu gabe. Bestetik, energia iturri berriztagarri anitz ditugu herrialde osoan barreiatuak. Eguzkirik ez denean, normalean, haizea dabil; eguzkitik eta haizetik lortzen dugun energia osagarriak dira. Estatistika anitz egin dira, eta, eguzkirik eta haizerik ez dugun egunetarako, energia biltegiak behar ditugu. Merkeenak ponpa lakuak dira. Elektrizitate asko baldin badago, ura goraka ponpatzen dute, eta, elektrizitatea behar izanez gero, ura jaitsi egiten dute turbina bateraino. Haize gasaren, eguzki gasaren eta, gehiegi dugunean, energia elektrikoaren bitartez hidrogenoa ekoiztea aukera bat da. Gas hori elektrizitate bihur daiteke beharra daukagunean. Gainera, bada beste energia merke bat: biomasatik sortutakoa. Biogas zentraletarako zura eta artoa biltzea oso merkea da, eta, eguzki energiarik ez eolikorik ez dugunerako, energia biologikoa prest izan dezakegu beharraren zati bat asetzeko. Aipatutakoaz gainera, bateriak ere badaude, baina energia elektrikoa horietan gordetzea pixka bat garestia da; beraz, kasu gehienetan saihestu egiten dugu, baita etorkizunean ere.
Europako Batzordeak 1990eko CO2 isuri kopurua %40 txikitu nahi du 2030erako, eta energia berriztagarriak bikoiztu. Haatik, ez du inolako betebeharrik edo zigorrik ezarri. Lor liteke helburua horrela?
Arazo bat dugu, soilik Europako Batasunerako helburuak baititugu, eta ez nazionalak. Ez bada helburu eta betebehar nazionalik, argi dago etorkizunean nazio horiek ez dituztela beharrezko esfortzuak eginen helburu orokorrera ailegatzeko. Beraz, Europako helburu horrek ez du deusetarako balio oraingoz, nazioen betebeharrak ezarri behar direlako.
Ezarri diren helburuak errealistak, benetakoak dira, edo soilik itxurakeria hutsa?
Nazioen neurriko helburu eta betebeharrak baleude, Europako helburuak errealak lirateke. Baina ez daude; beraz, ez. Beldur naiz Europako herrialdeetan ez ote duten erreakzio ezegokirik izanen. Politika egokien alde eginez gero, helburua oso errealista da.
Posible ikusten duzu Europako herrialdeek helburu horiek bere egitea?
Nik badakit Europan badirela ikatzari atxiki zaizkion herrialdeak, adibidez, Polonia. Horrelako politikekin, oso zaila da CO2 isuria nabarmen txikitzeko aukerarik egotea. Alemanian, bide onean ginen, baina gure gobernuaren politikek emandako birak helburu nazionalak ere arriskuan jarri ditu egun. Helburu horiek baino askoz ere emaitza hobeak izan genitzake, baina, desazelerazio hau dela medio, klimaren babesa atzean utziko dugulako beldur naiz.
Herrialdeek egin dezaketena izan duzu hizpide, baina norbanakoek ere badute zereginik.
Gizabanakoek ere beren herrialdeetan egiten diren politiken ardura dute. Argi dago zerbait egin dezakegula. Adibidez, martxoaren 22an manifestazio publikoak eginen ditugu, energia berriztagarrien aldeko politikak aldarrikatzeko. Gizabanakoek lanean edo etxean zerbait egin dezakete. Adibidez, Espainian bizikleta asko ikusten ditut, baina ia soilik kiroletarako, ez garraiobide gisa. Nik egunero erabiltzen dut bizikleta, eta autoa baldin badut ere, astean behin edo bitan baizik ez dut erabiltzen. Garraio publikoa ere hobetu genezake. Bestalde, energia xahutzen dugu ordenagailua gau osoan pizturik utzita, telebistak stand by izanda, goritasun lanparak erabilita… Argiaren iraultzan bete-betean sartu gara. Aukera anitz daude: LED diodoek argia emititzen dute, adibidez. Alemanian, beroa eta berogailua ere badira faktore garrantzitsuak, hotz handia egiten duelako. Leihoak, ateak eta eraikinen azalak hobetuz, beroa aurrez liteke. Hori egiten dugu, baina prozesua motela da.
Gizartea kezkaturik al dago aldaketa klimatikoa dela eta?
Orain dela hiru urte, aldaketa klimatikoaren gaia gaur egun baino garrantzitsuagoa zen iritzi publikoarentzat. Kontzientziazio handiagoa zegoen. Hedabide publikoengan konfiantza dut gaiari ematen dioten laguntzarengatik.