Goizalde Landabaso / 2014-02-25 / 264 hitz
Joan den zapatuan, bikingoen arabera, munduaren amaiera hasi zen. Ragnarok deitzen da munduaren bukaera ekarriko duen orgia. Guk ez ei dugu erantzukizunik. Jainkoak haserre dira. Antza, jainkoetako batzuek eguzkia eta ilargia jango dituzte, eta hortik gora Odin eta konpainiak itzelezko gatazka hasiko dute. Lazka jainkotiarra egunotan Kieven ikusten ari garena baino lakarragoa izango bide da. Ehun egun iraungo du.
Zer egingo zenuke zuk ekainaren lehenengoan munduak kitto egingo balu? Galdera horrek Ingalaterrako uriolen ostean ikusitako argazki bat ekarri dit gogora. Gizon bat bere etxe kanpoaldean ageri da. Ura belaunetaraino du, eta eskuetan gora margolan bati eusten dio. Zer salbatuko zenuke suntsitzear duzun etxetik? Badirudi egoera apokaliptikoetan jartzen gaituzten galderak maite ditugula. Agian muturrezko egoera horietan baino ez diogulako benetan balio duenari arreta jartzen. Kazetarion kontua dela ere pentsatuko du askok. Zer eramango zenuke uharte bakarti batera?; zenbatetan ez dugu egin galdera hori? Nik batzuetan egin behar izan dut, eta batek eman zidan erantzuna baino ez dut gogoan: maite dudan norbaiti nirekin etorri nahi duen galdetuko nioke.
Ehun egun barru, bikingoen jainkoek mundua azkenduko dute. Hasierako barreen ostean pentsakor utzi nau. Gutako inork ezin du ziurtatu ehun egun barru berton egongo dela. Ziurta dezakeguna da, jainkoek euren gorabeherak konpontzen dituzten bitartean, izango direla hilko diren gizon-emakumeak. Batzuek etxeko edo erietxeko patxadan egingo dute. Asko, ordea, kostalderen batera ailegatu guran hilko dira, edozein hiriko plazetako protestetan, norbaitek botatako bala galdu zein zuzen batek jasoa, izugarri maite zintuen bikotekideak eginda, edo hamaika indarkeria modutan hilko dira datozen ehun egunetan lurtar asko. Agian, zu eta biok ere bai. Jainkoek eztabaidatzen duten bitartean, carpen diem, ez zait besterik otutzen.