Gorka Lopez / 2014-02-28 / 512 hitz
Ibilbide bihurgunetsua eta luzea da Iratiko zerrendarik iparraldekoeneko gailurrez gailur doana; sei gailurretara igoko gara, paisaia erakargarrietatik barrena.
Iratiko Etxola (Zuberoa) karabanen aparkalekutik abiatuko gara; errepidea zeharkatu, eta Ezterenzubiranzko errepidearen parez pare igoko gara, hango bi esparruren arteko pagadiraino. Hala, bidezidor batekin topo egingo dugu, baliza horiz eta urdinez seinaleztatua, eta hortik joko dugu ezkerralderantz.
Pagadian barneratuko gara, eta hainbat bira egingo ditugu Surzaiko amildegiaren gainetik eta zeharkatu dugun errepidetik, zeina adar artetik begiztatuko baitugu noizbehinka. Mazelan gora egin ahala, gero eta maldatsuagoa egingo zaigu bidea. Lats baten aurretik pasatuko gara, eta eskuinaldera utziko ditugu bi saihesbide, Larrelutxeko mendi hegalean barrena goazela.
Hala, ezkerraldera dagoen bidezidor bateraino iritsiko gara, eta hortik igoko gara, bide balizatua utzita; bidezidor horretatik joko dugu, eta basabidea laburtuko, eta, goraxeago, bide balizatuarekin bat egingo dugu berriro ere. Hor, ezkerretik joko dugu, Akherharria eta Okabe ageri dituen bide seinale bati segika.
Beste igoaldi baten ostean, bidegurutze batera iritsiko gara, eta bi errotulu aurkituko ditugu: eskuinekoak Okaberantz seinalatzen duenez, ezkerrekotik segituko dugu Gorostiarantz. Beste lats bat igaro aldez alde, eta Gorostiako bizkar oihantsuan gora igoko gara, eta bira antzeko bat egingo dugu, bide zabal harritsu batekin bat egiteraino; hortxe dago GR-10. Eskuinetik joko dugu.
Behin Okabeko belartzan, GR-10 utzi, eta ezkerralderantz egingo dugu, gailurreko gain harkaiztsurantz. Belartza zeharkatu, eta GR-10era itzuliko gara, eta handik Okabe harrespilaraino iritsiko. Gero, ezkerretara utziko dugu, baita GR-10 ere. Eskuinaldean, mazela oihantsuan dagoen terraza berdera joko dugu. Mugarri batzuei segika, bidexka batetik jaitsiko gara Astakeitako zuhaiztian behera, Surzaiko muinoraino.
Muinoko errepidea zeharkatu, eta borda bat utziko dugu ezkerretara, eta zuzen segituko dugu gorantz hurrengo mazelaraino, eta, lehenengo gainera iritsitakoan, eskuinetik hasiko gara igotzen Saroberrirantz. Ezkerretara ur-andel bat aurkituko dugu, eta haren beste aldetik jaitsiko gara; bidezidorretik segituko dugu Burdinkurutzeta muinoraino, handik hurbil baitago.
Hurrena, errepidea zeharkatu, eta eskuinera egingo dugu ehun bat metroan, eta ezkerretik ekingo diogu Mendibeltz baino lehenagoko bihurgunean dagoen mazelari; azkenik, bidexka ñabar batetik iritsiko gara gailurrera. Behin gain-gainean gaudela, hogei bat metro jaitsiko gara eskuinalderantz, iraganbide harkaiztsu bateraino, eta han bat egingo dugu mendikatearen azpialdeko bidexkarekin; horretara behartuko gaitu gailurreko ebakidurak, baldin eta aurrerantz segitu nahi badugu.
Hala, Ataramatzeko haitzen beheko aldetik pasatuko gara, eta izen bereko muinora iritsiko; gero, mazelan gora egingo dugu, Xardeka gailurreraino, eta, handik, Burkidoi muinora aurki. Hango bihurgunearen ostean, hurrengo mazelan gora segituko dugu; horretarako egokitutako lekutik zeharkatuko dugu esparruko langa, eta Arthanolatzeko gailurreraino iritsiko gara. Mendibeltzeko harkaiztien gainetiko ikuspegiari so, Txipia muinora iritsiko gara, atariko moduko bat baita azkeneko gailurrerantz: Harsüdürra.
Gailur horretatik, berriz, Txipia muinoraino itzul gaitezke atzera, edo, bidezidorretik jo zuzenean, belartzan behera, GR-10arekin bat egin arte, eta, gero, hortik joango gara Iratzabaleta muinoraino. Han, GR-10etik irten, eta, bidezidorretatik barrena, Iratiko Txaletetarantz, eta eskuineko bidexka zabal batetik joko dugu. Horretatik, Iratzabaletako amildegiko pagadian sartuko gara bete-betean, eta, baliza horiei segika, Iratzabaletako zotal ikaztegietatik pasatuko gara, eta, azkenean, errepidera iritsiko.
Behin asfaltozko bidean, eskuinetik joz gero, berriro ere abiapuntura iritsiko gara azkar askorik. Edo, bestela, arinxeago egitearren eta ibilgailuen zirkulaziotik urruntzearren, ezkerretik jo, eta, ehun bat metro egin ondoren, Iratiko aintzira parera iristean, GR-10etik jo eskuinetik, basarte batetik barrena toki bereraino iritsi arte.