Koldo Nuñez / 2014-02-20 / 574 hitz
Gaur bezalako egun batean, Txileko Concepcion hirian 8,5 indarreko lurrikarak jo zuen 1835eko otsailaren 20ko goizean. Astinduak Charles Darwin gaztea harrapatu zuen Valdivian, eta hark horrela deskribatu zuen: «Zelai batean deskantsatzen ari ginen, eta halako batean hasi zen lurraren dardara. Bi minutu iraun bazuen ere, nire laguntzaileari eta niri luzeago iruditu zitzaigun. Horrelako dardar batek pentsamendu geologiko sendoenak ere aldatzen ditu, alegia, ideia solidotzat dugun guztiaren oinarria». Lurrikararen ondoren, tsunamiak etorri ziren, eta kostaldeari ehunka kilometrotan eraso. Hori ikusita, Darwin azkar batean Concepcion hirira abiatu zen. Bi egun geroago bertara iritsi, eta hiria erabat txikituta aurkitu zuen. Hori guztia ikusita, Darwinen buruan eboluzio geologikoaren ideiak indar handiago hartu zuen orduan, eta horrek, beranduago, lagundu zion eboluzio biologikoa ulertzen.
Baina aipatutakoa ez da izan orain arte garai historikoetan gizaki modernoak Concepcion hirian ezagutu duen lurrikararik indartsuena. Izan ere, aurreko mendean, 1730. eta 1751. urteetan, bi sismo ikaragarri indartsuk erabat suntsitu zuten hiria. Bi horietako azkena seguru asko Txilen azken mendeotan jasan den sismorik gogorrena izan da. Horrek goizaldean jo zuen, eta jendea lotan harrapatu. Etxe eta eraikuntza guztiak erori ziren lurrera, eta pertsona asko eta asko bertan hil. Lurrikarak sei bat minutu iraun omen zuen, eta hain izan zen indartsu, ezin baitzen inor oinen gainean zutik egon. Sismo horien guztien ondoren, beti tsunamiak etorri izan dira. Aurrekoek jendea harrapatu zuten ustekabean, baina azkenerako, bertako biztanleek ikasi zuten itsasoak atzera egiten zuenean ondoren ikaragarrizko indarrez etortzen zirela tsunami olatuak. Horregatik, olatuak iritsi aurretik mendira jotzen zuen jendeak. Izan ere, 1835eko lurrikararen ondoren, itsasoak kilometro bat baino gehiago egin zuen atzera, ordura arte betidanik itsas azpian egondako lurrak aireratuz. Ondoren, kontrakoa gertatu zen, eta olatuak kilometroak sartu ziren kostan barrena. Horren gertaera suntsigarrien ondoren, XVIII. mendean Concepcion hiria kostaldetik urruntzea erabaki zuten, eta horrela tsunamietatik salbu jarri zuten hiri berria, gaitz erdi.
Lurrikaren ondoren, hiria berreraiki eta zabalduz joan da hamarkadetan. Metropoli honen berdegune handi batean, Acevedo plaza dago, eta bertan, 1902tik aurrera, Concepcion hiriko Historia Naturaleko Museoa. Orain dela sei urte, bertan Parke Jurasiko izeneko eskualdea. Hantxe, munduko hainbat dinosauroren erreplikak ikus daitezke, benetakoak balira bezala. Ez da hori munduan dagoen horrelako parke bakarra, ez eta gutxiago ere. Bizkaian bertan, Karpin parkean zenbait dinosauro ikus daitezke.
Parke horietan, duela milioika urte desagertutako animalien erreplikak erakusten saiatzen da gizakia. Dinosauroen lehenengo fosilak aurkitzen hasi ginenetik, oso erakargarri egin zaizkigu animalia hauek, eta suntsitutzat hartzen baditugu ere, noizean behin agian oraindik espezieren bat bizirik legokeela entzuten dugu. Esaterako, Eskoziako Ness lakuko munstroa, plesiosaurio bat izan zitekeela aipatu da hainbatetan, baina inork ez du frogatu munstroaren existentzia bera ere. Antzera gertatzen da Kongo ibaiaren arroan. Hantxe, bertako biztanleen artean baka pigmeoak edo baka jendea bizi da. Oso ongi integratuta daude bertako oihanetan, eta ikaragarri ondo ezagutzen dituzte bertako animalia eta landareak. Haien hitzetan, zeratopsido baten antza duen emela-ntouka animalia dago. Bi metroko marfilezko adarra omen dauka, eta haren bitartez elefanteak hiltzen ditu. Bada ere, plesioauru itxurako mokele-mbembe animalia, eta beste animalia ezezagun batzuk. Kongo ibaiaren arroaren oihanak ikaragarri itxiak eta konplexuak dira, eta bertara iritsi diren espedizioek oraindik ez dute ezer arraroa aurkitu, baina badago dinosauroek agian bertan gainditu zutela Kretazeoaren amaierako dinosauroen suntsiketa proposatzen duena. Hori horrela dela inoiz frogatuko balitz, Txileko Concepcion hiriko lurrikarek baina astindu handiago ekarriko liokete Paleontologiaren munduari. Ezina iruditzen zaigu, baina zientzian ezinak ziren hainbat eta hainbat gauza halako batean frogatu edo aurkitu dira. Zientzian maizegi erabili ohi da ezina hitza, eta horrek aurrera egiten baino sarritan moteldu egin du gizakion jakintzaren areagotzea.