Trikitia irakasteko metodo zifratua sarean jarri dute editore baten bitartez

Igor Susaeta / 2014-02-26 / 309 hitz

Tirikitrauki denda espezializatuak bultzatu du ideia hori behar bati erantzunez, eta Iametza enpresak garatu.

Solfeorik ez dakitenentzat, partitura zifratuena da trikitia irakasteko erabiltzen den metodo tradizionala. %35-40k ikasten dute horrela Euskal Herrian, eta, horren arabera, musika nota bat zenbaki bat izaten da. Lasarteko Tirikitrauki denda espezializatuan konturatu dira jende askok jotzen duela haiengana zenbakizko partiturak eskatzeko, ea horiek egiteko modu errazik ba ote dagoen galdetuz. Behar batzuk bazeudela kontuan hartuta, bururatu zitzaien metodoarentzako sareko editore bat sortzea. Iametza Interaktiboa enpresak garatu du Zenbakiz, eta, Joseba Tapia musikariren iritziz, hutsune bat beteko du.

Aspalditik existitzen dira partitura zifratuak, baina, Amaia Orexa Tirikitraukikoaren esanetan, horiek kaleratzea, papereratzea falta zen. «Horretarako aukera ematen du editoreak, modu eroso eta errazean». Orain arte, irakasleak euren kabuz ibili izan dira, «erregelekin-eta» borobilak eginez eta ordenagailuarekin plantilak sortuz, «baina ez zegoen ezer bateraturik». Zenbakiz-i esker, erabiltzaileak partiturak sortu eta gordetzeko aukera edukiko du, Tirikitraukiko Juanjo Manterolak atzo Donostian egindako aurkezpenean adierazi zuenez. «Partiturak denen bistara jarriko ditu erabiltzaileak, erregistratuta daudenek erabiltzeko moduan, eta artxibo pribatuak ere egin daitezke». Jada erabilgarri dago, eta zenbait partitura daude webgunean.

Iker Goenaga trikitilariak gogoratu zuen irakaslearen eskuetara begiratuz ikasten zela hasieran, eta partitura zifratuen metodoa 70eko hamarkadaren amaieran, 80koaren hasieran hasi zela loratzen trikiti eskoletan. «Oso intuitiboa da, eta, solfeoak ez bezala, ez du partiturarekiko mendekotasun handirik sortzen». Gainera, memoria gehiago lantzen dute, haren hitzetan. Baita «belarria» ere, Tapiaren ustez. «Zenbakiek ez baitute adierazten zeintzuk diren notak». Halere, hasieran, loratu zenean, metodoa arbuiatu izan zuela aitortu zuen; iruditzen zitzaion informazio oso gutxi ematen zuela. Gero, ordea, ikusi zuen mundu ia osoan erabiltzen zela. «Tolosako Kontserbatorio Okzitanoan, adibidez, ez zuten solfeoz erakusten». Gainera, nabarmendu zuen Xabier Solanok, Xabier Arakamak, Goenagak, Alaitz Telletxeak eta Maixa Lizarribarrek, esaterako, horrela ikasi zutela trikitia jotzen. Beste instrumentu batzuk jotzen irakasteko ere, antzeko metodoak erabiltzen dira, Manterolaren esanetan.

Editorean izena emateko, bisitatu webgune hau:

www.tirikitrauki.com /zenbakiz/

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.