Araitz Muguruza / 2014-02-11 / 303 hitz
Garuneko mekanismo batek lotzen ditu gose denaren edo baraurik dagoenaren apetitua eta usaimena.
Nature Neuroscience aldizkariak argitaratu du gosea, usaimena eta jakiak hartzearen ekintza garuneko mekanismo jakin bati loturik dagoela, hau da, cannabinoide errezeptore bati (CB1). Norbanakoa baraurik edo goserik dela janaria usaindu ondotik gehiago jateko joera garuneko mekanismo batek kontrolatzen duela baieztatu dute.
Lau urte iraun du ikerketak, eta nazioarteko hainbat ikertzailek parte hartu dute. Tartean aritu dira EHUko Neurozientzia Elkarteko ikertzaileak.
Lehenagotik, jakina zen sistema cannabinoideak gosearekin lotura bazuela; hau da, baraurik edo gose dagoen ugaztunaren burmuinean cannabinoide endogenoen maila handiagotu egiten dela. Azken ikerketaren bitartez, prozesu horretan non eragiten duen eta zein ondorio dakartzan aurkitu dute.
Cannabinoide endogenoak neuronen jardueraren eraginez sortzen diren lipidoak dira. «Goseak gaudenean, cannabinoide endogeno espezifiko bat sintetizatzen da (anandamida); hark errezeptore jakin bati eragiten dio, CB1-i. Usaimen erreboiletan egoten diren errezeptoreak dira, hain justu, eta kitzikatze transmisio sinaptikoa erregulatzea da haien funtzioa», azaldu du Pedro Grandes EHUko Neurozientziak saileko ikertzaileak. Usaimena atzematen duten zelulek hobeto transmititzen dute kitzikatze komunikazioa; horrenbestez, areagotu egiten da usaimenaren pertzepzioa.
Elikadura arazoetarako tratamenduak sortzeko aukera ematen duela adierazi du Grandesek: «Mekanismo honen bidez, anorexia dutenen artean elikagaiak hartzea estimulatuko genuke; obesitatea dutenen artean, berriz, alderantziz funtzionatuko luke, CB1 errezeptorearen funtzioa murriztu eta usaimena jaitsiko litzatekeelako». Gose izanik ere, gutxiago jango lukete hartara.
Farmakologiarako bide
Ikerketak iraun duen urteetan CB1 errezeptorearen funtzioaren «karakterizazioa» egin dutela zehaztu du Grandesek. «Gose gaudenean, usaimenaren pertzepzioan eta janaria ahoratzean CB1 errezeptorea beharrezko dela ohartu ginen, farmakologikoki blokeatu edo genetikoki ezabatuz gero gutxiago jaten baitzuten ikerketako arratoiek».
Ikusi dute, halaber, egoera horietan dauden organismoek bakarrik ez dituztela sortzen cannabinoide endogenoak; kanpotik sartutakoek ere eragiten dutela dio. «Arratoiei injektatu zitzaien cannabinoide exogeno batek —THC kalamuaren osagai psikoaktiboak— areagotu egiten zien usaimenaren eta apetituaren pertzepzioa». Hori bai, efektu hori lortzeko hartzaileak baraurik egon behar duela nabarmendu du Grandesek.