Askok galdu dute apustua

Amaia Portugal / 2014-03-27 / 1.241 hitz

Ez zuten halako seinale indartsurik espero, ezta hura detektatzen aurrena BICEP2 proiektua izatea ere; inflazio kosmikoaren grabitazio uhinek zeresan handia eman dute fisikarien artean.

Higgs bosoiaren aurkikuntza bezain izugarria da AEBetako Harvard-Smithsonian zentroko kideek joan den astean iragarritakoa. Antartikatik, BICEP2 teleskopioaren bidez, unibertsoaren hastapenean sortutako grabitazio uhinen aztarna detektatu dute. Ezinbestekoa zen pieza hori topatzea, inflazio kosmikoa egiaztatzeko. Orain ia segurtasun osoz baiezta daiteke, Big-Banga gertatutakoan, unibertsoak sekulako hedapena izan zuela denbora tarte oso txikian.

Aurkikuntzak kiniela batzuk hautsi ditu. Adibidez, jakina zen zenbait teleskopio zebiltzala grabitazio uhinen atzetik, baina askok pentsatzen zuten Europako Espazio Agentziaren Planck sateliteak emango zuela, ematekotan, albistea; ustez satelite izatea abantaila bat zelako bere lehiakide lurtarrekiko. Gainera, detektatutako seinalea aurresan baino indartsuagoa izan da, eta horrek ere eman du zeresana.

Albisteari eta horrek ekarriko duenari neurria hartzeko, lau fisikariren hitzak bildu ditugu.

ITZIAR ARETXAGA Mexikoko INAOEko astrofisikaria: «Ikasle nintzela esaten zidaten inoiz ez genuela teoria horren frogarik izango»

«Duela 25 urte, ikasle nintzela, inflazio kosmikoa azaltzen zidatenean, esaten zidaten inoiz ez genuela teoria horren frogarik izango. Oso pozgarria da», laburbildu du Itziar Aretxagak.

Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronika Institutu Nazionaleko Astrofisika Saileko burua da, eta bere gaia hori ez bada ere, gertutik jarraitu du. «Grabitazio uhinak badaudela ez da berria, bagenituen beste aztarna batzuk horiek egiazkotzat jotzeko. Gauzarik inportanteena da lehenbiziko uhinak direla, unibertsoaren lehenengo frakzio ñimiño batean sortuak, eta inflazio kosmikoaren teoria berretsi dezaketela», dio.

Azken urteotan, fisikaren alorrean izan da beste albiste garrantzitsu bat: Higgs bosoiaren aurkikuntza. Aretxagaren iritziz, hura baino garrantzitsuagoa da lehengo astean iragarritako hori, zientzialari guztiak ez baitzetozen bat inflazio kosmikoan: «Teoria posibleetako bat zen, nahiko espekulatiboa, eta, nire ustez, komunitate zientifikoan ez zegoen erabat onartuta. Adibidez, Higgs bosoiaren kasuan, zientzialari guztiek pentsatzen zuten aurkitu behar zela, ez baitzegoen inolako alternatibarik. Inflazioa beharrezkoa genuen, Big-Bangaren hainbat gauza ezin zirelako ulertu hura gabe, baina aldi berean proposatutako soluzioa ez zitzaion nahikoa iruditzen zientzia komunitateari. Berresten bada, teoria ontzat jotzeko ebidentzia izango da».

Aurkikuntza egiaztatuz gero, lanak ez dira hor bukatuko. Aretxagak dioenez, «hau astrofisikaren tresna berri baten hasiera da, asko geratzen zaigu ikasteko lehen une horri buruz. Datu gehiago lortuko dira eta inflazio mota desberdinen artean zein izan zen neurtu ahal izango da. Hori da hurrengo urteetan ikasiko duguna».

JOSE MARIA SENOVILLA EHUko fisikari teorikoa: «Seinalea espero genuena baino askoz ere potenteagoa da»

Detektatu duten seinalearen indarrak eman dio atentzioa, bereziki, Jose Maria Senovilla EHUko Fisika Teorikoko katedradunari. «Espero genuena baino askoz ere potenteagoa da. Pentsa, agian ez zela detektatu ere egingo uste genuen. Harritzekoa izan da, era berean, esperimentu honek aurkitu izana. Gehientsuenek espero zuten Planck izango zela», dio.

Aretxagak bezala, Senovillak gogorarazi du hau ez dela grabitazio uhinak detektatu dituzten lehenengo aldia. Aurkikuntza hori aurrenekoz egin zuten Russell Hulsek eta Joseph Taylorrek Fisikako Nobel saria irabazi zuten 1993an: «Pulsar izar binario batean detektatu zuten. Grabitazio uhinak bazeudela onartuta zegoen, detekzioa orduan ere zeharka egin arren». Unibertsoaren lehenengo unearen aztarna izatea oso lorpen handitzat jo du EHUko fisikariak: «Ezinezkotzat edo oso zailtzat genuen honi buruz informazioa lortzea. Inflazioaren etapa jatorrian gertatu zena azaltzeko bertsio zuzena dela egiaztatu da. Gainera, hau guztia zuzena bada, grabitate kuantikoaren efektu bati buruz ari gara, eta grabitate kuantikoa da, hain zuzen, falta zaigun teoria». Fisika klasikoaren eta eskala atomikoan gertatzen denaren arteko lotunea izango litzateke, nolabait.

Talde independente batek aurkikuntza egiaztatzeko beharra azpimarratu du Senovillak; are gehiago seinalea ezustean hain indartsua izanik. Handik aurrera, galdera berriak egin beharko dira: «Teoriaren ikuspuntutik, zalantza berriak dakartza. Zerk sortzen du inflazioa? Ez dakigu, eta azaldu beharra dago».

ITZIAR GARATE EHUko Planeta Zientzien taldea: «Muga mugitu dugu, Big-Bangera gehiago gerturatu gara»

Emaitza agian ez zuela horren goiz espero esan du Itziar Garate EHUko Planeta Zientzien taldeko ikertzaileak, baina ezin esan harritu duenik, talde asko ari baitziren grabitazio uhinen bila.

Lan horretan dabiltzan gailu guztien artean, BICEP2 teleskopioak hartu die besteei aurrea, eta, Garateren iritziz, «Lurreko ikerketa batek espaziotik egindako (Planck satelitea) beste bati aurrea hartzea bada pixka bat harritzekoa, baina ez da lehenengo aldia ere. Hego poloan atmosferaren eta airearen baldintzak oso egokiak dira, eta batzuetan hain xumeki egindako lanak misio handiak baino hobeak dira».

Lehengo asteko albistea iragarri aurretik, unibertsoa sortu eta 380.000 urte geroagokoa zen haren bizitzaz zegoen froga fisiko zaharrena. Garatek azaldu bezala, «muga mugitu dugu; sorrerara, Big-Bang horretara, gehiago hurbildu gara. Lehen segundoko frakzio oso txiki batera joan gara, eta orduan, jatorri horretatik askoz ere gertuago gaude. Hori jakinda, gehiago hurbilduko gara inflazioa gertatu zen prozesu horretara, eta xehetasun gehiago izateko aukera izango dugu».

Espero baino seinale handiagoa detektatu izana nabarmendu du ikertzaile honek ere: «Horrek esan nahi du inflazioa hasi zen unean uste baino energia gehiago zegoela, eta orduan, uste baino gehiago hurbildu gara lehen une horretara. Unibertsoaren bat-bateko zabaltze horretan, prozesu hori zer indarrarekin eman zen, zenbat denboran… laster hori dena ezagutzeko aukera izango dela iruditzen zait».

JAVIER ARMENTIA Iruñeko Planetarioko astrofisikaria: «Ez du mundua aldatzen, ez du sendatzen, baina oinarrizko zientziaren parte da»

«Higgs bosoia bezala, hedapena lortu duen albistea da hau, pentsarazi egiten duena. Ez du mundua aldatzen, ez du ezer sendatzen, baina oinarrizko zientziaren parte da, eta horrelakoek beste aurrerapen batzuk izaten dituzte gero. Aurkikuntza honek ziklo bat ixten du, edo beste bat zabaldu», dio Javier Armentia Iruñeko Planetarioko astrofisikariak.

Grabitazio uhinak detektatzeko zenbait proiekturen artean dagoen lehiakortasunaren erakusle, ekimen horietako baten datu batzuk BICEP2ko kideen iragarpen handia baino astebete eskas lehenago argitaratu zirela azaldu du Armentiak. «Lasterketa baten modukoa da hau. Hilaren 10ean aurkeztu zituzten Berkeleyko Unibertsitateko (AEB) Polarbear proiektuaren atariko emaitzak (Txilen dute teleskopioa). Ekainean, Planck satelitearenak emango dira, eta gailu horrek ahalmen handiagoa du, zalantzarik gabe. Konfiantza dezente zegoen, Planck-ek ezer kontatu arte inork ez zigula ezer kontatuko, baina ez da horrela izan. Zortzi esperimentu inguru daude gai hau jorratzen», esan du.

Astrofisikari honek ondo laburbildu bezala, «garai politak dira hauek fisika teorikoarentzat. Emaitzak aterako dira pixkanaka. Eta beti bezala, inork espero ez duen zerbaitek emango digu benetako ezustekoa».

—————–

Duela berrogeita hamar urte aurkitu zuten hondo erradiazio kosmikoa

Efemeridea ospatu eta grabitazio uhinez gehiago hitz egiteko, jardunaldi bat izango da Bilbon apirilean

A. Grabitazio uhinen detekzioari esker are zalaparta handiagoa eragingo duen efemeride bat ospatzen da aurten. Berrogeita hamar urte bete dira hondo erradiazio kosmikoa aurkitu zutenetik.

Unibertsoaren sorrerak utzitako oihartzun elektromagnetikoa da, nolabait, hondo erradiazio kosmikoa. Mikrouhinen espektroari dagokio. Hain zuzen ere, hura irakurrita eta deskodetzen ahaleginduta ondorioztatu dute ikertzaileek unibertsoaren sorrerari buruz bildu duten informazio urria. Esaterako, hondo erradiazio kosmikoa da Big-Bang teoriaren berme nagusia, bai eta gaur egun unibertsoa zabaltzen ari dela argudiatzeko ematen den froga fidagarriena ere.

Hondo erradiazio kosmikoa ezinbesteko tresna izan da grabitazio uhinen markak topatzeko. Izan ere, hari behatuz egin du aurkikuntza BICEP2 teleskopioak, eta hari begira ari dira lanean proiektu lehiakideak ere. Mikrouhin horietan topatutako aztarna zehatz batzuei esker ondorioztatu ahal izan dute unibertsoaren hastapenetik datozen grabitazio uhinak daudela, eta beraz, Big-Bangaren segidan inflazio kosmikoa gertatu zela.

Ikertzaile askok izan zuten zeresana hondo erradiazio kosmikoaren aurkikuntzan, baina Arno Allan Penziasi y Robert Woodrow Wilsoni egokitu zitzaien aitortza handiena. 1964-65ean gaiaren inguruan egin zuten ekarpenari esker, Fisikako Nobel saria jaso zuten 1978an. Horregatik esaten da aurten 50 urte bete dituela aurkikuntza horrek.

Apirilaren 30ean, Bilbon

Urteurren horren harira, Jose Maria Senovilla EHUko Fisika Teorikoko katedradunak hitzaldi bat emango du apirilaren 30ean, 19:00etan, Bilboko Alondegian. El universo recien nacido (Unibertso jaioberria) izenburupean izango da solasaldia. Erradiazio hori nondik datorren azalduko du, eta kosmosa ikusteko daukagun modua nola baldintzatu duen ere izango du hizpide.

Zientziateka programaren barruan antolatu dute jardunaldi hori, eta doan bada ere, sarrerak aldez aurretik hartzea komeni da, Alondegiaren bitartez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.