Garikoitz Goikoetxea / 2014-03-25 / 1.141 hitz
Kanpoko argitaletxeen liburuak nagusitzen ari dira ikastetxeetan. Euskal Herririk ez da ageri mapetan: zulo bat Trebiñun, ‘Frantzia’ Iparraldean… Andreen eta gizonen arteko parekidetasuna ere urrun dago.
Argudioetako bat izan da: irailean hezkuntza erreforma abiaraztea ezinezkoa da, astirik ez baitago liburu berriak egiteko. Espainiako Gobernuak orain hilabete onartu zuen lehen hezkuntzarako curriculum dekretua. Erkidegoek osatuko dute orain, eta liburuak etorriko dira ondoren. Berriak. Edo ez. Nafarroako Gobernuak, adibidez, esana du irailean abia litekeela LOMCE nahiz eta liburuak ez berritu. Berez, aldaketa badago: Madrilek zehaztuko du ikasgai nagusien eduki osoa; orain arte, %55. «Hori ez da inoiz bete. %20ra ez da iritsi erkidegoek zehaztutakoa», ohartarazi du Begoña Bilbao irakasleak. Kanpoan eginak dira liburu gehienak, estatuen ikuspegitik. «Erkidegoari buruzko orri batzuk gehitzen dituzte». Eta besterik ez.
EHUko hiru irakaslek hogei urte baino gehiago daramatzate eskolako liburuak aztertzen: Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak eta Karmele Perez de Urrazak. Garaian ikerketa taldeko kide dira. 10-11 urteko neska-mutikoek erabiltzen dituzten liburuak aztertu dituzte zehatz —Hegoaldeko Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak eta Iparraldeko CM2koak—, 1876tik aurrera. Testuak eta irudiak aztertu dituzte.
Kanpotartuz joan dira euskarazko eskola liburuak. Joan den mendearen hasieran, euskarazko eskola materialik apenas zegoenean, Euskal Herritik hasi ziren lan horretan. «Euskaltzaleak ziren, eta beharra ikusi zuten. Euskaraz egiten zuten, eta Euskal Herritik», azaldu du Perez de Urrazak. Xabiertxo, Txomin ikasle, Battitta… Euskarazko liburuak guztiak ziren Euskal Herrian eginak.
Trantsizioa liburuetan
Frankismo aldiko azken urteetan hasi zen egoera hori aldatzen Hegoaldean. Hezkuntza lege berria egin zuten 1970ean. «Horrek ekarri zuen kanpoko argitaletxeak hastea. Liburuak osorik itzultzen hasi ziren», dio Bilbaok. Santillana, Edebe, Bruño, SM… Liburuen kopurua nabarmen handitu zen, ikasgai bakoitzeko liburu bat behar baitzuten. Euskal Herrian bertan egindako materialak baziren (Elkar, Erein, ikastolak…), baina pixkanaka merkatua jaten ari ziren kanpoko argitaletxeak.
Beste pauso bat 1990ean iritsi zen. «Hor markatu zen gaur egungo egoera», ohartarazi du Ezkurdiak. LOGSE legea onartu zuten Madrilen, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea. «Dena berdindu zen: lege bera, eduki bera Espainia osoan». Perez de Urrazak azaldu du Espainiako argitaletxeei mesede egin ziela horrek, errentagarritasuna ekarri baitzien. Milaka eta milaka ikaslerentzat balio zuten liburuek.
Hezkuntzan gero eta indar handiagoa dute kanpoko argitaletxeek. Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkarian euskal liburugintzari buruz egindako azken lanean, 2012koan, datu argigarriak eman ditu: ikasmaterialen ekoizpenaren %66 kanpoko argitaletxeena da. Espainiako argitaletxeek filialak sortu dituzte Euskal Herrian —Edebek, Giltza; Santillanak, Zubia; SMk, Ikasgiltza…—, eta ia erabat hezkuntzaren merkatura mugatzen dira. Hor daukate dirua.
Eta diru asko da. «Estatuko tirada izatea da gakoa: zenbat eta orri gutxiago aldatu erkidego bakoitzean, orduan eta merkeago ateratzen zaie», adierazi du Perez de Urrazak. Askotan, oinarrizko liburua berbera izaten da Hegoaldean eta Espainian, eta gehigarri gisa eransten dituzte erkidegoari buruzko edukiak. Bistan dago horrek desabantailan jartzen dituela euskal argitaletxeak, merkatu askoz ere murriztuagoa baitute, nahiz eta euskarazko eskaria izan nagusia. Ezkurdiak ohartarazi du, gainera, Espainiako argitaletxeek badutela beste merkatu aukera bat ere hezkuntzan, gaztelaniazkoak izanik: Hego Amerika.
Hori nabari da edukietan, ikertzailearen esanetan. Ahalik eta leku gehienetarako balio duten edukiak bultzatzen dituzte. «Liburu asko zehaztugabeak dira: ez dago testuingururik. Marrazkiak eta horrelakoak jartzen dira, zehaztu gabe. Ez da batere egokia».
Kanpoan sortua, itzulitako materiala da estudiante euskaldun gehienek darabiltena. Itzulpen «kaskarrak» ere izan direla ikusi dute hiru irakasleek, nahiz eta aitortu duten gero eta gehiago zaintzen dela hizkuntza liburuetan. Erdaraz pentsatutako materialak dira, halere. Ezkurdia: «Urrunekoa zaie ikasleei. Itzulpen hutsa da. Haurrek ezagutzen ez duten hizkuntza batean egoten da».
Zatitutako lurraldeak
Curriculumaren isla dira eskolako liburuak. Curriculum praktikoa, benetako curriculuma. Eta aldeak badaude, badaudenez, liburu batetik bestera. Kanpoko argitaletxeen liburuetan zail da aurkitzen Euskal Herriko maparik. «Gero eta gutxiago azaltzen dira. Arlo geografikoan eta historikoan, Euskadi eta Nafarroa bereizita agertzen dira. Nafarroako liburuetan Euskadirik ez dago», azaldu du Ezkurdiak. Beste horrenbeste gertatzen da Lapurdirekin, Nafarroa Beherearekin eta Zuberoarekin. Frantzia ageri da kanpoko argitaletxeen mapetan. Euskal Herria, azaltzen denean, euskarari lotua dago. «Gizartea, antolaketa politikoa eta horrelakoak, argitaletxearen arabera».
Egoera administratiboa erakutsi behar dela bat datoz hiru irakasleak —«Banaketa hori hala da; ikasi egin behar da hori»—, baina uste dute «ezkutatu» egiten dela Euskal Herria. «Mezu subliminalak» badira tartean. Historiaurreko mapetan, adibidez, banaketa argia egiten da: Nafarroa eta Iparraldea ez dira agertzen —batzuetan, Gipuzkoa ekialdean «muga nazionala» dagoela adierazten da—, eta Trebiñu parean zulo bat dago. «Historiaurrean ez zeuden muga horiek, baina mapetan ezarri egiten dituzte. Identitate politikoa eraikitzen dute horrekin».
Kulturari buruzko edukietan ere, liburu batzuk saiatzen dira euskal kultura ezkutatzen. Nafarroako adibidea jarri du Perez de Urrazak: «Bereziki ahalegintzen dira euskal kulturarekiko lotura saihesten. Axular idazlea, dantzak… Euskal kulturakotzat ez, soilik Nafarroako kulturatzat jotzen dituzte». Liburuetan ageri diren pertsonaiei erreparatuta, nabari da eduki gehienak Euskal Herritik kanpokoak direla, ordea. Bilbao: «Kontatuak dira euskal pertsona ospetsuak, oso gutxi: Elkano, Aresti, Azkue, Barandiaran…».
Parekidetasuna, oraindik ez
Eta gizonezkoak. Marie Curieren argazki bat duen liburu bat zabaldu du Bilbaok. Iparraldean erabiltzen dute. Lanean ageri da Curie, eserita, zutik dagoen gizon baten begiradapean. «Emakumea inoiz ez da ageri protagonista bakar gisa». Euskal Herriko historiari erreparatuta, benetan dira urri liburuetan ageri diren emakumezko ezagunak. «Joana Albretekoa izango da bakarrenetakoa», esan du Perez de Urrazak. «Bai, baina beti ageri da Leizarragari lotuta», gaineratu du Ezkurdiak.
Egia da azken urteetan aldaketak nabaritu dituztela. «Rol batzuetan badaude aldaketak», adierazi du Bilbaok. Etxeko eginkizunei buruzko edukietan, esate baterako, emakumeak bezala gizonak ageri dira irudietan. Baina aurrerapauso hori ez da iritsi alor guztietara oraindik ere. «Indarrak gaiari dagozkion irudietan, gizonezkoak ageri dira askotan», jarri du adibidea Perez de Urrazak. «Emakumea eta gizona gaiari buruzkoetan, emakumearen irudia beti agertzen da amatasunari lotuta. Identitate bat eraikitzen ari gara generoari lotuta ere».
Aztertu dute zenbat emakume ageri diren liburuetan lehen eta orain. «Maiztasunak gora egin du; emakumeak gehiago agertzen dira. Baina ez dira bakarrik azaltzen; taldean daude». Argigarri da materialak aztertuta atera duten kalkulua: ageri diren irudietan, %47tan gizonak daude; gizonak eta andrazkoak, %36tan; eta emakumeak, %17tan. «Generoaren alorrean lana falta da. Oso urrun gaude», azaldu du Bilbaok.
Bizitzaren isla ere badira liburuak. Zer bizitza eredu ageri duten, horrekin ere badute kezka. «Oso urbanoa da dena. Hiriko bizitza: garraiobideak, aireportuak, turismoa… Herri txikietako paisaiak agertzea zaila da», dio Bilbaok. Baserria aipatu du Ezkurdiak: iraganeko gisara azaltzen da liburuetan, «marjinala balitz bezala».
Curriculum berria
Aldaketak datoz LOMCE legearekin, baita curriculumean bertan ere: dekretuetan, berdintasunari buruzko eduki batzuk, adibidez, kendu egin ditu Hezkuntza Ministerioak. Lehen Hezkuntzan, abiapuntua aldatu egingo dute: gaztetxoaren hurbileko errealitatetik hastea da eredua orain, eta hortik joatea mundura irekiz: herritik mundura. LOMCErekin, ikaslearen ingurua ez, estatua izango da ardatza. Erreforma ez ezartzeko itxaropena daukate hiru irakasleek. «Hain da atzerakoia…».
Presaka ari da Madril, liburu berriak ahalik eta lasterren prest egon daitezen. Maisu-maistrek ez dute zertan libururik erabili, hala ere. «LOGSEren garaitik, ez da derrigorrezkoa», azaldu du Perez de Urrazak. «Esaten dute liburuak aldatu behar direla. Ez derrigorrean. Libururik gabe molda liteke». Baina gehienek erabili egiten dituzte. Menpekotasuna aipatu dute, segurtasunik eza. Irakasleek edukiak prestatzeko astirik ez daukatela ere bai. Baina agintariei ere komeni zaie eskolan liburuak erabiltzea. «Kontrol tresna gisara erabili izan dira betidanik».